Irailean eremu instituzionalera bueltatu zen gure kide Ander Rodriguez. Pello Urizarrek aspaldi iragarria zuen Legebiltzarra uzteko asmoa eta kargu-uztea gauzatzean, Gipuzkoako zerrendako hurrengoa, Rodriguez, legebiltzarkide bihurtu zen. Gaztetatik aritu izan da militantzia politikoan: 2003an hasi zen Arrasaten zinegotzi, eta 2015era arte aritu da herritarren ordezkari. Alternatibako sortzaileetako bat ere bada. 2011n, Bilduk Gipuzkoan irabazita, Gizarte Politiketako diputatu izendatu zuten. 2007-11 eta 2017-19 urteetan ere izan da BBNNetako kide. Horrez gain, EH Bilduko Politika Sozialeko idazkaria ere bada.
Politika Sozialeko diputatu gisa, aurrerakuntza sozial nabarmenak lortu ziren Gipuzkoan. Azpimarratzekoa da erresidentzietako grebaren harira langileen aldarrikapenekin bat egin izana. Erabiltzaileen zaintza hobetze aldera, lehenengo aldiz, instituzio batek arduraz jokatu eta, lan eskubideak ez ezik, zaharren ongizatea jokoan zegoelako, langileen alde egin zuen. Legebiltzarkide berriak Historiako Gradua dauka, masterra egin du Ikerketa Historiko, Artistiko eta Geografikorako Metodo eta Teknika Aurreratuei buruz, Analisi Geoespazialari buruzko Graduondoa dauka eta egun doktoretza-tesia egiten ari da.
Instituzio anitzetan izan zara. Zertan desberdintzen dira Eusko Legebiltzarra, udala edota Batzar Nagusiekiko?
Lurralde eremuari dagokionez, organo legegile bat direlako, Batzar Nagusiek badute antza Eusko Legebiltzarrarekin. Lan zama eta erritmoak, aldiz, oso ezberdinak dira. Besteak beste, Legebiltzarra hedabideen arreta duelako eta Jaurlaritzaren jarduerak, askotan, erantzutera behartzen zaituelako. Udalei dagokionez, jorratu beharreko gauza asko bizilagunen arazoak edo kezkak dira, eta nahiz eta denbora asko hartzen duten, gero horien berririk ez da inon ematen.
2011-2015 urteetan Gipuzkoako Politika Sozialeko diputatu izan zinen. Besteak beste, erresidentzietako langileen greba kudeatzea suertatu zitzaizun. Orain berriro dago pil-pilean, eta berriro ere egokitu zaizu jorratzea.
2013an eta 2015ean kudeatu genituen gatazkak erresidentzien eremuan. Batean zein bestean, akordioetarako heldu ginen, langileen baldintza hobetuta, zailtasun handiak egon arren aurrekontuetatik beharrezkoak ziren baliabideak bideratzeko. Egungo borroka triangelu bereko hiru erpinetan ematen da: langileak, emakumeak gehienak; patronala, eta Aldundiko arduradun politikoak. Aldatu den gauza bakarra honakoa da, orain -duela hamar urteko balizko krisiaren ondorioetatik urrun- aurrekontua %30 handitu dela. Hala, lasai asko esan daiteke erantzukizun nagusia politikariena dela, 5.000 langileen egoera ez hobetzea erabaki dutelako. Azken finean erabaki politiko bat da.
Oraingoan, legebiltzarkide izendatu eta berehala egokitu zitzaidan aurreneko gaia izan zen. Eusko Jaurlaritzari eskatu nion pertsona nagusientzako erresidentzien gaineko dekretua berrikusteko, zaintzaileen zein erabiltzaileen baldintzak bermatze aldera. Orain Artolazabal sailburuari dagokio urratsak egitea.
Zer bestelako gaiak kudeatzen dituzu legebiltzarkide taldean?
Sartu nintzenerako, ardura guztiak banatuak zituzten, eta esan beharra daukat nik gehien menperatzen ditudan gaiak eskurik onenetan zeudela, Nerea Kortajarena edota Oihana Etxebarrieta, besteak beste. Beraz, haiekin elkarlanean aritzeaz gain, proiektu jakinetan nago murgilduta. Lehen aipaturik erresidentzietako planerako eztabaida monografikoa izan daiteke bat. Unibertsitate sistemarako plangintzan aritu naiz eta, azken bat aipatzearren, Maider Otamendirekin batera etxebizitzaren alokairuaren prezioak kontrolatzeko lege proposamenarekin ari naiz.
Euskal erakundeen artean, non dago herritar guztiei zaintza duinak eskaintzeko giltza?
Ez da batere erraza honi erantzutea, gurean lau eremuetako administrazio mailak daudelako: Espainiako Erresuma, Eusko Jaurlaritza, Aldundiak eta udalak. Gainera, lurraldeen artean desberdintasun nabarmenak daude. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak Zerbitzu Sozialen 12/2008 Legeak ematen dizkion eskumenak erabiliko balitu, erakunde garrantzitsuena izango litzateke.
Historialaria zara. Hemendik mende batera, nola uste duzu jasoko duela historiak Kataluniako prozesua?
Arkeologia da nire eremua, ez egungo historia. Dena den, esango nuke bukatu gabeko historia dela hau. Zalantzarik ez daukat, hala ere, Espainiako erresumatik zentrotik periferiarako erantzun autoritarioen enegarren adibidea dela hau, goitik behera emandakoa gainera.