Gero eta gehiago zabaltzen ari den termino ezezagun horietako bat da lawfare.
Atzean, politikaren judizializazioa dago, helburu politikoak direla medio “gerra judiziala” erabiltzea. Edo beste era batera esanda, lege baliabideak bidegabe erabiltzea jazarpen politikorako, aurkari politikoa hondatzeko asmoz. Ez da berria; estrategia arbuiagarri horren adibide garbia Brasilgoa da, baina ez bakarra, Latinoamerikako ezkerreko beste gobernuen aurka erabilia izan da ere. Fenomenoa asko hedatu izan da herrialde horietan. Arrazoiak, besteak beste, nazioartean zabalduta dagoela ustelkeria eta segurtasun eza direla lurralde osoaren oinarrizko arazoa. Horrek errazten du zenbait neurri zuzengabeen legitimazioa, adibidez, bultzatu diren pribatizazio estrategiak edo justizia sistemaren birmoldaketa prozesuak. Betiere, interes geopolitiko anitzak tartean direla, bereziki elite ekonomikoenak eta Amerikako Estatu Batuenak.
Dena dela, estrategia eraginkorra izateko ez da nahikoa botere judizialaren ekarpena, funtsezkoa da, halaber, komunikabideen eta sare sozialen lana, aurkari politikoaren desmoralizazioa eta aipu-galtzea bereziki eragina baitu iritzi publikoan. Komunikabide horiek gero eta kontzentratuagoak egon, orduan eta errazagoa izango da euren manipulazioa, eta are handiagoa euren eragiteko gaitasuna.
Dena dela, ezin esan fenomeno isolatua denik. Hasiak gara fake albisteek duten garrantzia aitortzen. Eta bestetik, ezagunak zaizkigu zigor zuzenbideak pairatzen dituen beste korronte ez demokratikoak, esaterako, etsaiaren eta lagunaren zigor zuzenbidea; edo populismo zigortzailea. Kasu horietan guztietan, zuzenbideak ez ditu demokraziaren oinarriak behar beste errespetatzen, hortaz, ez du bat egiten giza eskubideen printzipioekin.
Politikaren judizializazioa ez zaigu guztiz arrotza. Ez da beharrezkoa itsasoz bestaldera joatea adibideak asmatzeko. Tamalez, ez dirudi botere banaketaren urradurak amaitzear daudenik, eta oraindik ere botere judizialaren gehiegikeriak pairatzen jarraituko dugu.