Gero eta argiago dugu COVID-19ak eragindako pandemia mugarri izango dela. Konfinamendu aste hauek pasata, ezagutzen genuen mundua desberdina izango da eta urruntze soziala edota mugikortasun murrizketak luzerako mantendu behar izango ditugula dirudi. Horrek ezinbestean gure aisialdi eta kontsumo ohiturak eraldatuko ditu eta ondorio zuzenak izango ditu, esaterako, turistifikazio maila handia duten hirietan, baita Bilbon ere.
Izan ere, askok arrautza guztiak saski berean sartzeko arriskuen inguruan etengabe ohartarazi dugun arren, Udal Gobernua hiriaren internazionalizazio estrategian sakontzen aritu da buru belarri: Diru publikotik milioiak eta milioiak ekitaldi erraldoiak erakartzeko inbertitu dituzte; hiria sona handiko arkitektoek sinatutako proiektuen galeria bihurtu dute; interes ekonomiko handien neurrira egindako hirigintza operazioak burutu dituzte; espekulazioari ateak erabat zabalduz, gentrifikazio prozesua azkartu duten erabakiak hartu dituzte; etxebizitza turistikoen inbasioaren aurrean ikusezinarena egin dute; hotel berriak eraikitzeko lizentziak mugarik gabe eskaini dituzte (gaur egun 78 hotel daude Bilbon eta horietatik 16 azken bost urteotan zabaldu dira, 1.300 plaza gehituz, guztira Bilboko eskaintzak 8.500 lagunei ostatua emateko gaitasuna dauka orain); Alde Zaharreko merkatari txikiak desagertzen doazen bitartean igande eta jaiegunetan zabaltzeko presioak ere ez dira falta izan… Finean, Bilbo turismora eta kontsumo basatira bideratutako zerbitzu-hiri bihurtu dute eta, orain, hamarkadetan eraikitzen egon diren eredu hori kolokan jarri du Koronabirusak hilabete eskasean.
Eta orain bidegurutze batean gaude: Eraikitako hiri ereduari eutsi, edo abaguneaz baliatu eredua bera errotik eraldatzeko. That is the question esango luke Hamletek. Dilema horretan, asko dira krisi honetatik kalte handiak izango dituen sektore turistikoa erreskatatzeko dirulaguntzak abian jartzea proposatzen dutenak, baina badaude beste ahots batzuk ere, Europako 25 hiri biltzen dituen turistifikazioaren kontrako SET sarea kasu, turismoaren desazkundeari ekiteko eskatu duena. Izan ere, egiaztatu dugu merkatu-ekonomia kapitalistan oinarritutako ereduak gutxi batzuk aberastu eta gehiengoa kaltetzen duela, bereziki emakumeak zigortzen dituelarik: enplegu prekarioak sortzen dira, etxebizitzaren espekulazioaren ondorioz alokairuaren prezioak nabarmen igo dira, tokiko merkataritza txikiak zailtasun handiak ditu bizirauteko, auzoetako harreman sare komunitarioak ahulduta daude, hiriaren idiosinkrasia bera galtzeko zorian gaude… Orduan zergatik ez dugu momentu hau aprobetxatuko hiri ereduaren paradigma bera birpentsatzeko, ausartak izateko eta lehentasunak birformulatzeko?
Koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, gehiengo zabal batek inoiz baino argiago dauka pertsonen zaintzari eta bizitzaren jasangarritasunari zuzendutako zerbitzuak eta jarduerak oinarrizkoak direla. Horregatik, une aproposa da bizitzak prekarizatzen dituen eta produzitzea soilik balorean jartzen duen gizarte eta hiri eredua alde batera uzteko, bizitzaren erreprodukzioa erdigunean jarriz: Osasuna eta ongizate ekonomikoa behingoz bateragarriak izan daitezen eta pertsonak ekonomiaren zerbitzura baino, ekonomia pertsonen zerbitzura jar dezagun.
Irakurri Bilboko Uriolan