Elkarrizketa egin diote gure kide Ander Rodriguezi Mondraberrin joan den igandeko hauteskundeen emaitzaren harira.
Gazte arrasatearra legebiltzarkide aukeratu zuten atzoko Hauteskundeek. Azpimarratu du Legebiltzarrak datorren legealdian “gehiengo subiranista eta gehiengo aurrerakoia izango dituenez, EH Bildu biak aktibatzen ahaleginduko dela”.
Ander Rodriguez Lejarzak (Arrasate, 1982) zinegotzi, Batzar Nagusietako batzarkide eta Gipuzkoako Ongizate Politikako diputatu gisa lan egin izan du, besteak beste.
Iaz Pello Urizarrek parlamentari lekukoa pasatu zion, eta Gasteizko Parlamentuan jardun du. Hauteskundeetan bosgarren izan da EH Bilduko zerrendetan, eta atzo bozketek parlamentari aukeratu zuten.
Koalizio honek gora egin du boto kopuruan: “Balorazio oso positiboa egin behar dugu, momentuz lau eserleku gehiago lortu ditugu”. Bien bitartean, “beste alderdi guztiek boto kopuruan behera egin dute. Tamalez Vox-ek kopuruan gora egin du”.
Boto galera horretan “EAJ-k galdutako kopurua oso nabarmena da, eta Euskal Herria Bilduk, ordea, lortu egin du bere proiektu politikoa bozka gehiagorekin aurkeztea”.
Oro har “gure esparru politikoa indartzen eta zabaltzen ari da. EH Bildu izan behar duen poliedroa, pixkanaka-pixkanaka aurpegi gehiago ditu”.
EH Bildu, PSE eta Elkarrekin-Podemosen arteko aliantza bat zaila dirudi: “Guk ikusten dugu Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Parlamentuak argazki argi bat duela: batetik, Parlamentuan badago gehiengo soberanista bat eta bestetik gehiengo aurrerakoi bat”.
“EH Bildu ahaleginduko da biak aktibatzen. Beraz, bi esparru hauetan gehiengoa izanda, zergatik ezin du Herri honek bi esparruetan aurrera egin? Hori izango litzateke galdera. Euskal Herria Bildu prest dago bi esparruetan sakontzeko”.
Izan ere, “hautestontziek gehiengo subiranista eta aurrerakoia duen Legebiltzarra utzi digute. Esparru nazionalean eta sozialean herri honek aurrra egiten ez badu, norbaitek azalpenak eman beharko ditu”.
Litekeena da datorren legealdia gogorra izatea koronabirusagatik, krisi ekonomikoagatik, “krisi sozialagatik eta krisi sanitarioagatik. Hasieratik esan genuen ez dela lehiatzeko unea, elkarlanean aritzeko baizik. Beste batzuek, ordea, erabaki zuten lehian kokatzea”.
EH Bilduk beharrezko ikusten ditu “Herri hau jaiki eta norabidez aldatzea. Datorren legealdian egoera oso gogorrak biziko ditugu arlo ekonomikoan, sozialean eta sanitarioan. Horregatik politika publiko indartsuak behar ditugu”.
“Hauteskunde-kanpaina aurretik eta kanpainan esan genuen bezala, elkartasun txalo eta keinu horiek politika publiko bihurtu behar ditugu. Horren aldeko apustu egingo dugu Euskal Herria Bilduk datozen lau urteetan”.
Testuinguru horretan “egia esaten duen eta bere herritarrak zaintzen dituen gobernu bat izatea ezinbestekoa izango da”.
2019ko irailean hartu zuen bere kargua, eta Urkullu lehendakariak 2020ko otsailean, hauteskundeak egiteko, Legebiltzarra desegin zuenez, parlamentari gisa 6 hilabete inguruko esperientzia du.
“Oraingoz eskarmentu txikia izan dut baina aktibitate handiko hilabeteak izan dira hasierakoak, eta pandemiari jarraipena egin diogu alternatibak planteatzen. Politiko publikoak inplementatzeko planteatu dizkiogu Urkullu lehendakariari”.
Hemendik aurrera, “lehen indar politikoa denez, EAJri dagokio Legebiltzarreko indar politikoekin harremanetan jartzea, gobernu bat osatzen saiatzeko. Baina, aldi berean, EH Bilduk ulertu eta jaso egiten du euskal herritarrek emandako mezua, alegia, alternatiba soberanista eta aurrerakoi gisa kokatzea”.
Ildo horretan, “datozen egunetan indar politiko guztiekin jarriko gara harremanetan, Espainiako eskuinak izan ezik, Gasteizko Legebiltzarrean dauden geheingo subiranista eta aurrerakoiak artikulatzeko aukerak aztertzeko”.
Halaber, “bilera erronda bat abiatuko dugu eragile sindikal, sozial eta ekonomikoekin, hauteskunde hauetan gure alternatiba indartua irten dela ulertzen dugulako”.