Abuztuko lasaitasunaz baliatuz, Espainiako errege emerituak ihes egin du, dirudienez, monarkiaren biziraupena babesteko.
Ondorioz, monarkia bihurtu da hondartzetako mintzagai nagusietako bat: erregearen familiaren oporrak, emerituaren norakoa, honen maitaleak… Estatuburuaz gero eta askatasun handiagoz hitz egiten bada ere, ezin ahaztu egunotan oihartzun txikiagoa izan duen albistea. Pere Aragones, Teresa Rodriguez eta Ana Pontonen aurkako salaketak artxibatu dira. Espero zitekeen auziak ibilbide luzerik ez izatea, hala ere, orain arte koroaren kontrako irainak oinarri izan dituzten prozesuak ez dira gutxi izan.
Egotzitako irainen delitua Koroaren aurkako delituen barne dago, eta bere interpretazioa asko aldatuz joan da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako jurisprudentziaren ildotik. Horren adibidea da Espainia birritan kondenatu izana; Enric Stern eta Jaume Roura, batetik, eta Arnaldo Otegi bestetik. Argi dagoena da erregea ez dagoela edozein kritikaren aurrean babestua, ezta iraingarriak edo gustu txarrekoak izan daitezkeenen aurrean ere. Ez dago soberan gogoratzea adierazpen askatasuna funtsezko eskubidea dela, ezinbestekoa baita iritzi publiko askea eratzeko eta pluraltasuna sustatzeko. Askatasun horren zabaltasunak sistema demokratikoaren sendotasunaren adierazlea da, kritiketarako eta disidentzietarako aukerek sistemaren zilegitasun politikoa bermatzen dute. Pertsonaia publikoak eta politikoak aipatzen direnean, errege emerituaren kasua, adierazpen askatasunaren esparruak ez du ia mugarik, hauek kritika handiagoa jasan beharko dute.
Asko izan dira delitu horren aurka altxatu diren ahots kritikoak, bai arlo politikoan, baita doktrinalean ere. Aurten Espainiako Gobernuak Giza Eskubideen Kontseiluari adierazi dio koroaren aurkako irainen delitua berrikusteko gomendioa onartzen duela. Zertan gauzatuko da? Adierazpen-askatasunaren babesa maximizatzea demokraziaren heldutasunarekin lotuta dago, aldi berean, heldutasun hori lortzeko bidean dagoen sistemarentzat, gure kasua legez, ezinbesteko baldintza da.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua