Politikarekiko eta, bereziki, alderdi politikoekiko egun dagoen mesfidantza eta atxikimendu falta ez da berria.
Edozelan ere, azkenaldian gero eta gehiago entzuten ari garen konponbideak ez datoz herritarron parte-hartze handiagoa galdatzera. Demokrazian sakontzeko formulak bultzatu ordez, gero eta ohikoagoa da adituak behar ditugula azpimarratzea. Finean, politikoen gobernuen ordez, adituen gobernuak eskatzen dira. Gainera, pandemia egoera honetan “aditu” terminoa nahiko zentzu murriztailean erabiltzen dela esango nuke. Zeintzuk dira erabakiak hartu behar dituzten aditu horiek? Soilik osasun arloari lotutakoak? Non geratzen dira, esaterako, gizarte-zientziak?
Argi dago gobernuek erabakiak hartzeko orduan ezinbestekoa dutela jakintza eta, ahal dela, ebidentzia oinarritzat izatea. Are gehiago, funtsezkoa izango da adituen parte-hartzea, hartutako neurriak egokiak izan diren ebaluatzeko eta eraginkorrak izaten ari diren frogatzeko. Hori zalantzaezina bada ere, azken erabakiak hartzerako orduan berebizikoa izango da gizartearen ikuspegi orokorra izatea; gatazkan dauden interesak identifikatzea eta lehenestea. Beti egongo dira eskubide ezberdinak jokoan, hortaz, hartzen diren neurriek kokapen politiko argia eskatuko dute. Eran berean, ezin dira pandemiaren ondorioak auzi zientifiko-sanitario batera murriztu: bizi dugun egoerak badu eragina osasunean, baina baita ekonomian, gizarte arloan eta ingurugiroan ere. Esan dezakegu, bizitzen ari garena gure gizartea bera aldatzen ari dela, beraz, erantzunak diziplinarteko ikuspegia eta osotasuna aintzat izan behar dute.
Ondo gogoratzen dut 2008ko krisian ere aski esaten zela egoera ezin zela politizatu; oraindik pairatzen ditugu hartutako austeritate-politiken ondorioak. Ez dago gaizki buruan izatea adituek, pertsonak diren heinean beste guztiok bezain anitzak eta partzialak direla. Objektibotasuna eta zientziaren atzean ezkutatzea ez digu inolako mesederik egiten. Gakoak dira erakundeen gardentasuna, kontu-ematea, independentzia eta parte-hartzearen sustapena.
Maria del Rio – Alternatiba
GARA-NAIZen argitaratua