Indarkeria Sexistaren aurkako Nazioarteko Egunean, aurten ere, bortizkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatu behar izan dira.
Feminismoak inoiz baino indar handiagoa badu ere, ezin da zalantzan jarri indarkeriak emakumeon bizitza baldintzatzen jarraitzen duela. Aurten, gainera, bizitzen ari garen egoerak, eta bereziki konfinamenduak, areagotu eta gehitu egin ditu indarkeria horien eragina. Nola ahaztu, esaterako, erasotzailearekin modu etengabean bizi behar izan duten emakume eta seme-alaba guzti horiek.
Iaz borroka feministaren arreta justizia-sisteman kokatu egin zen, globaltzat jo dezakegun inpaktuarekin. Une horretara arte, arau-aldaketa zehatzetan eragiten zen gehien bat, justizia feminista edo justizia ez androzentrikoa eskatzetik etorri zen aldaketa, hau da, justizia sistema bere errotik eraldatzea erreklamatzetik. Aurten, ordea, indarkeria matxistaren aurkako politika publiko sendoetan jarri da fokua. Gaiak ezberdinak badira ere, argi dago lotura estua dutela, batak ezin baitu bestea gabe funtzionatu. Indarkeria sexistaren aurka modu eraginkorrean aurrera egin nahi bada, ezin diogu soilik justizia sistemari begiratu, are gutxiago orain arte egituratua izan den bezala. Erantzuna integrala behar du izan.
Egiturazko errealitate horri hainbat tokitik heltzea funtsezkoa da. Oso konplexua den arazo baten aurrean gaude, hortaz, erantzunak ere askotarikoak izan behar dira. Edonola ere, gogoratu behar dugu ez gaudela arazo indibidual baten aurrean, patriarkatuaren adierazpen baten aurrean baizik. Hori dela eta, giza eskubideen ikuspegia hartzea ezinbestekoa da, non indarkeriaren prebentzioak, eta biktimen arreta eta erreparazioak leku nagusia hartuko duen; neurri zigortzaileei erabateko lehentasuna aitortu ordez. Horretarako, nola ez, aipaturiko politika publiko sendoak oinarrizkoak bihurtzen dira. Horien garapenean ahaztu gabe diskriminazio intersekzionalak dakarren zaurgarritasunaren areagotzea eta indarkeria sexista ez dela mugatzen bikotekidearen edo bikotekide ohiaren esparrura.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua