Urte hasierarekin batera, Filomena ekaitzak irudi harrigarriak utzi dizkigu. Komunikabideetako azaletan elurteak izan dira nagusi eta lagun zein senideen sare sozialak txuriz koloreztatu dira, une batez, pandemiaren ajeak ahazteko aukera emanez. Baina neguko postal-irudien atzean, errealitate gordin bat ezkutatzen da, ikusteko hain atsegina ez dena: Etxea berotu ezin duten milaka pertsonena, hain zuzen ere. Argindarra bezalako funtsezko ondasun bat eskuratzeko aukera mugatzea berez onartezina dela iruditzen zaigu askori, baina gainera, hotz-bolada bete betean jotzen ari den une berean, argiaren prezioa ia %30 igoko dela jakiteak, amorrua piztu du herritarrengan.
Beste behin ere egiaztatu behar izan dugu indarrean dagoen eredu energetikoak herritarrengan eragiten duen bidegabekeriaren larritasun maila. Negu gorrian eta Koronabirusari aurre egiteko etxean gelditzeko eskatzen zaigunean, sistema ez da gai argiaren indarraren prezioa igotzea eragozteko, oligopolioa osatzen duten enpresa energetikoek hala erabaki dutelako, edozein gobernuren gainetik. Argiaren prezioak ezartzeko sistema ilun honek arrakala soziala areagotzen du, familia ahulenei kalte eginez. Hala adierazten du FOESSAren azken txostenak, zeinaren arabera EAEko herritarren ia laurden batek oinarrizko horniduren gastuak murriztu behar izan dituen. Horrek erakusten digu pobrezia energetikoa delakoari (askorentzat eufemismo hutsa dena, probrezia, bat eta bakarra baita) aurre egiteko orain arte egituratu diren politika publikoak ez direla nahikoak izan, eta COVID-19ak sortutako krisiak egoera larriagotu baino ez du egingo.
Negozioa eginez argia bezalako oinarrizko ondasun batekin aberasten direnei mugak jarri behar zaizkie behingoz. Gobernuei azalpenak eskatuz, ongizate energetikoa eskubide subjektibo bihurtuz, edota tokian tokiko ekimenen bidez, baina batez ere, pertsonak babesteko jauzi kualitatibo bat egiteko garaia da. Horretarako, eredu demokratikoago baterantz jotzea derrigorrezkoa da, kontrol publikopean eta herritarren beharrak babestera bideratuta, energia-korporazio handien interesen gainetik. Eta energiaren sektorean eskumen zuzenik ez izatea ez da eragozpena izan behar udal mailan urratsak egiteko.
Bilboko kasuan, Udalak urtean ia 7 milioi euro gasatatzen ditu energia horniduran. Kontratua, funtsean, hornitzaile handientzat blindatuta dago eta kooperatiba txikiak aukerarik gabe uzten ditu. Hala, iaz Iberdrola multinazionalari esleitu zitzaion kontratua datozen bi urteetarako. Eta hornitutako energia %100 berriztagarria izatera behartuta badago ere, ondo dakigu zeintzuk diren Iberdrolaren praktikak. Presa handietan inbertitzen du, eta energia berriztagarria dela diote, nahiz eta metano-emisio handiak eragiten dituzten. Adibide bat Brasilgo bigarren urtegirik handienaren erosketa da, tokiko herri indigenak baztertzea eragin duena eta horrekin batera euren lurraldea defendatzen dutenen aurkako kriminalizazioa eta errepresioa.
Iberdrolak, tamalez, “Bilboko Ospetsua” titulua bere gain duenak, ez dio inolaz ere sari horri ohorerik egiten, bere irabaziak, pertsonak eta herriak desjabetuz lortzen dituelako, herritar pobretuei kalte egiten dieten politiken bidez, publikoa dena deseginez, beste herri batzuk zapalduz, giza eskubideak urratuz eta ingurumena erasotuz.
Horrexegatik asko gara Bilboko Udala trantsizio energetikoan eragile aktiboa izan dadin eskatzen dugunok, eta bide horretan hamaika ekimen abian jar daitezke, esaterako, EHBilduk berriki proposatu duen bezala, udal-energia enpresa sortzea, kontratazio publikorako irizpideak aldatzea, edota hirigintza eta mugikortasun eredu iraunkorretan sakontzea, besteak beste. Denak helburu berarekin: energia-eraginkortasunean, energia berriztagarrietan eta kudeaketa publikoan oinarritutako estrategia integral bat jarraitzea, alegia. Izan ere, energia ondasun publiko eta estrategiko gisa ulertuta, jendearen beharrei erantzuteko gaitasun handiagoa izango genuke, oligopolio energetikoaren enpresen irabazi-asmoen gainetik.
Askotan jasotzen dugun erantzuna da zaila dela horrelako ekimenak abian jartzea, edo ez dela momentua aldaketa handiak egiteko, oraintxe erakundeetan egonkortasuna lehenetsi behar delako, antza. Baina esango nuke Koronabirusa gure bizitzan sartu denetik, inoiz baino argiago dugula aldaketa garaian gaudela. Eta une latzak bizi ditugun arren, datozen aldaketa sakonak arretaz aztertu behar ditugu, eta eraldaketa bidean jarri, ondorio sozial larriak pairatu nahi ez baditugu. Kontuan izan behar dugu krisi batean sartzen ari garela aurrekoa gainditu gabe, eta jendeak politika publikoengandik erantzunak behar dituela. Egoera honetan, herritarren oinarrizko premiak asetzea lehentasuna izan beharko litzake, eta ziurtatzen dizuet Iberdrola bezalako enpresak ez datozela bat lehentasun horrekin.
Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da “globalean pentsatu eta lokalean ekin” leloa gogoratzea, eta duela egun gutxi batzuk Bilbo eta Euskal Herriko kaleetan ikusi dugun ALDAKETALDIA bezalako ekimenak bultzatzea. Oraingoan 50 eragilek baino gehiagok babestu dute deialdia, krisi globala agerian uzteko, baina batez ere, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adierazteko helburuarekin. Euskal gizarte aktibo eta saretu baten inguruan indarrak batuz, gero eta gehiago izango gara bizitzaren aldeko norabide-aldaketa gauzatzearen alde egingo dugunak. Bakoitzak beretik, bere konpromisoa egunerokoan berresten, trantsizio ekologiko eta sozialki justua lortu arte.
Alba Fatuarte – Alternatiba
Uriolan argitaratua