Azkenaldian prentsaren bidez ezagutu ditugun albiste kezkagarriek, agerian uzten dute aspalditik salatu duguna, zahar egoitza eta etxe komunitario pribatu batzuen egoera benetan kezkagarria dela. Ez dira kasu isolatuak, langileek eta sindikatuek behin eta berriro jakinarazi dutenez. Eta esan dezadan zentro horietan lan egiten duten profesionalen lana zalantzan jartzen ez dudala, aitzitik, salatzera natorrena, PP, EAJ eta PSEk adineko pertsonak zaintzeko lanetan ezarri duten eredu prekarizatua da.
Eta adineko pertsonen arreta pribatizatzea eta prekarizatzea berez lazgarria bada, horri gehitu behar diogu etxebizitza komunitario horiek diru publikoa jasotzen dutela “zerbitzu txekea” delakoaren bidez, gaia are larriagoa bilakatuz.
Langileek eta senideek are hitz potoloagoak erabiltzen dituzte egoera deskribatzeko: “odoltsu” kasu. Guztion diruz artatutako pertsonak zaintzeko modu prekarioetan lan egitea onartezina da. Askotan esan dugu eta esaten jarraituko dugu: zaintza lanak publikoak eta kalitatezkoak izan behar dira.
Gertuen dudan Araban jasotako datuei begira, egoera larriak ikusten ditugu, hala nola pandemiaren lehen olatuan 29 egoitzetan eta 17 etxebizitzetan bakarrik egin zirela ikuskapenak, eta bigarren olatuan, aldiz, hiru hilabetez jarraian inolako ikuskapenik ez zela egin. Ezin harritu, hartara, gerora azalarazi diren kasuen aurrean.
Aldundiak egoitzei egiten dien jarraipena, beraz, hutsaren hurrengoa da. Eta honek utzitakoa larria da: kutsatzeak, isolamenduak eta heriotzak; dena arduragabekeriaren emaitza. Gainera, Araban egoitza plaza publiko bakar bat sortu gabe 20 urte daramatzatenek -bai, zuzen irakurri duzue, bi hamarkada- lasai diote aktetan jasotzen diren gorabeherak uneak uneko gauzak direla. Eskerrak langileak eta sindikatuak hor ditugula argi esateko sagar ustelak baino, usteldutako saskiez ari garela.
Pandemia honek erakutsi digu adinekoen arreta dirua usaintzen duten enpresen esku dagoela. PP hasi zen lurraldeko zentroak pribatizatzen, eta ondoren EAJ-PSE tandemak jarraitu izan du zaintza eredua prekarizatuz, nahiz eta diru publikoarekin finantzatu. Egungo argazkia honakoa da: Plaza pribatuak, langileen (emakumeak gehienak) baldintzak ezin kaskarragoak, lan karga izugarriak, gutxieneko soldatak, ez dagozkien funtzioak bete behar izatea horretarako formaziorik eta saririk gabe…
Guk badiogu bestelako zaintza eredua behar dugula, eta egoera hau pairatzen duten erabiltzaile eta langileekin gaude, asteroko elkarretaratzeetan Foru jauregiaren aurrean darabilten aldarrietako batek ondo adierazten baitu zein den egoera: “Ez dugu eskurik hainbeste lanerako”.
Claudia Venceslao – Alternatiba