Berriki jakin dugunez, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC delakoak) isun handiak jarri dizkie hainbat aholkularitza-enpresari, Administrazio Publiko ezberdinek egindako kontratazio-prozesuetan iruzurrezko praktikak egiteagatik. Enpresa horien zuzendaritzako hainbat kideri ere zigorrak ezarri zaizkie. Euren abizenak, Azua, Ardanza, Andueza, Egia, Luzarraga edo Manterola, aski ezagunak dira gutariko askorentzat eta baita euren enpresenak ere: Deloitte, PriceWaterHouse, Idom edo 97S&F, besteak beste, oso ohikoak baitira gure inguruko instituzio nagusietako kontratazio prozesuetan.
Baina ikerketa honetan inplikaturiko Administrazio Publikoen artean, bereziki deigarria da Bilboko Udalaren kasua. Izan ere, aztertutako kontratuen ia laurden bat, 25 hain zuzen ere, Bilboko Udalarenak edo bere menpeko entitateren batenak dira, hala nola, Cimubisa, Alhondiga Bilbao, Udal Etxebizitzak, eta batez ere, Bilbao Ekintza. Baina, nola lortu du “Cártel del Norte” delakoak urteetan zehar hainbeste lizitazio publiko manipulatzea? “estaldura-eskaintzak” eginez. Izan ere, publizitaterik gabeko kontratu negoziatuetarako, gutxienez hiru enpresa gonbidatu behar dituzte administrazioek, legeak hala aginduta. Horrela, enpresa hauek beren lankidetza-sareko beste enpresa batzuekin harremanetan jartzen dira, euren arteko lehia antzezteko. Itxurak egin ahal izateko, lehiaketara aurkezten diren beste bi enpresek eskaintza eskasak aurkezten dituzte edo gonbidapenari uko egiten diote. Horrela aholkularitza-enpresek merkatua banatzen dute “estaldura-eskaintza” hauen bitartez, askotan enpresa irabazleek eurek egiten dituztenak, CNMCren txostenean egiaztatzen denez. Iruzurra ezkutuan egiten dute, aholkularitza-enpresen irabaziak handituz, eta interes orokorraren kalterako.
Baina gauzak ondo ulertzeko, ez dago ezer hobeagorik adibideak jartzen baino. Hona Ana Anduezak (Deloitte) Sabin Azuari (BMASI) 2016ko maiatzean bidalitako mezu elektronikoa. Gaia: “cobertura”. Mezua: “Hola Sabin, Necesitaría una cobertura para un trabajo que estamos preparando sobre la Plaza de Toros de Bilbao, es con Barkala pero lo va a contratar Xabier Otxandiano. ¿podrías darnos cobertura? Mil gracias”. Erantzuna: “Hola Ana, ningún problema.” Anduezak mezu hau bera Leandro Ardanzari (97S&F) bidali zion, eta erantzuna honakoa: “por supuesto, cuenta con ello.” Ondorioz, lizitazioa Deloitte enpresari esleitu zitzaion 58.000 eurotan. Harritzekoa da zer nolako normaltasunarekin erabiltzen duten “oferta de cobertura” terminoa, eta nola onartzen duten inongo azalpenik eman behar izan gabe, baita nola azaltzen duen Anduezak enkargua Bilboko Udal Gobernuko EAJko zinegotzi batek egin diela, kasu honetan, Ricardo Barkalak, 2018 urtetik Bilboko Portuko Presidentea dena (CNMCren ikerketan askotan agertzen den beste entitate bat), Asier Atutxa ordezkatuz, hain zuzen ere PwC aholkularitza-enpresara eraman zuena.
Panorama honen aurrean, hurrengo galdera bakarrik dator: Ba al dago administrazioen konplizitaterik? Hau ez da behar bezala egiaztatu CNMCren ikerketan, baina zalantzarik gabe, argitu beharreko gai garrantzitsu bat da. Izan ere, txostenean zehar, enpresa hauek administrazio lizitatzailearekin bat datozela iradokitzen duten zenbait adibide aurkitu ditzakegu eta zalntzak guztiz logikoak dira: Nola da posible eskaintzak argitaratu aurretik enpresek hauek prestatzeko aukera izatea? Nola da posible administrazioak gonbidapenak luzatu aurretik zein enpresak parte hartuko duten jakitea? edo, nola azaltzen da administrazioak argitaratu behar dituen kontratazio pleguak aholkularitza enpresan berak egin dutela iradokitzea?
Zalantza gehiegi azaleratu dira administrazioen inplikazioa baztertu ahal izateko, batez ere kontuan hartuta, batetik, instituzioetako goi kargu jeltzaleek erabili ohi dituzten ate birakariak, eta bestetik, gobernu hauen berezko eginkizunak gero eta gehiago, aholkularitza-enpresa hauen bidez egiten direla. Horren adibide garbia da, berriki jakin izan dugun bezala, CNMCren isuna ezagutzera eman eta gero, EAJ eta PSEren menpeko administrazioek Iparraldeko Kartela osatzen duten enpresekin kontratuak sinatzen jarraitu izana. Aholkularitza enpresekiko dependentzia maila hain handia da, gobernu planak ere osatzen dizkietela, Aburtoren lehen agintaldian bezala, zeina CNMCren ikerketaren baitako kontratuetako baten bidez esleitu zena. Hala dator txostenean jasota:
Berriz ere Ana Anduezak (Deloitte) Sabin Azuari (BMASI) bidalitako mezua, 2015eko abuztuan, Aburtok udal hauteskundeak irabazi eta bi hilabetera: “Hola Sabin, necesito cobertura para la elaboración del plan de mandato del Ayto de Bilbao, te invitarán de contratación para presentar oferta. ¿Puedo contar contigo? Un abrazo, Ana”. Erantzuna: “Hola Ana, no hay problema”. Aste batzuk geroago, Anduezak (Deloitte) Leandro Ardanzari (97S&F) honakoa bidali zion: “Lean, Te paso la oferta de cobertura para que podáis presentarla en el Ayuntamiento. Perdona por el retraso, habrá a que presentarla este mismo lunes (Preferentemente hasta las 13:00 del día LUNES 7 DE SEPTIEMBRE DE 2015). Si tienes cualquier duda, por favor que (…) hable con (…), mi secretaria. Un abrazo”. Ardanzak mezu hau bera 97S&F-ko beste kide bati bidali zion agindua emanez: “Te paso la propuesta de cobertura. Por favor ponte con ello.” Lizitazioa Deloitte enpresari esleitu zitzaion 32.000 eurotan.
Beraz, Aburtoren lehen agintaldia bera iruzur bati lotutako plangintza batekin hasi bazen, eta Iparraldeko Kartela argitara eman duen ikerketaren baitako kontratuen ia laurdena Bilboko Udalari lotuta badaude, ez al da zilegia pentsatzea Bilboko Udala ez dela Gobernuak dioen bezain gardena? Zalantzarik gabe, CNMCk mahai gainean jarri duen lanaren harira, administrazioek praktika irregular hauetan izan duten ardura argitzeaz gain, kontrol eta fiskalizazio tresna publikoen eraginkortasunaren eta batez ere, sinesgarritasun ezaren gaineko hausnarketa sakon bat egitera eraman behar gaitu. Izan ere, gaur egun ditugun baliabideak ez dira nahikoa Iparraldeko Kartelarenak bezalako iruzurrak saihesteko. Premiazkoa da organo berri independente eta objektibo bat abian jartzea, politizatu gabekoa, eta praktika egokien alde lan egingo duena. Eta nola ez, enpresa iruzurtiei diru publikoaren iturria isteko erabaki politikoa hartzea.
Izan ere, Josu Estarronari kideari Eusko Legebiltzarrean askotan entzun izan diodan bezala, “jokabide jakin batzuk hemen ohikoak izateak ez du esan nahi normalak direnik”, eta ezin ditugu onartu. Iparraldeko Kartelen auzia zerrenda luze baten enegarrena besterik ez da, eta oraindik ez dakigu norainoko ondorioak izango dituen. Baina asko gara horrelako kasu gehiago agertzen jarraituko direla sinistuta gaudenok, batez ere instituzioen egunerokoan EAJren klientelismoak duen eragina gertutik ezagutzeko aukera izan dugunok. Momentua da hor gaudenon aldetik gure ardurari eusteko eta gardentasunaren alde lan egiten jarraitzeko, kosta ahala kosta, eta azken bururaino hau eta beste hainbat kasu argitzen saiatuz. Bilbotarrok merezi dugun Udal batean iruzurrak ez baitu lekurik.
Alba Fatuarte – Alternatiba
URIOLAn argitaratua