Georges Ibrahim Abdallah Libanon jaiotako kristau jatorriko komunista bat da, eta duela 37 urte espetxeratu zuten Frantzian. Fedayin, Georges Abdallahen borroka dokumentala izango da aitzakia Palestinaren aldeko ekintzaile honen ibilbidea eta egoera ezagutzeko azaroaren 23an eta 24an Donostian eta Bilbon, hurrenez hurren, Alternatibak antolatutako proiekzio banatan. Alternatiba euskal ezkerraren elkarlanaren aldeko apustua egiten duen alderdi politikoa da, EH Bilduren sortzaileetako bat.Bi saioetan Matthieu Jeuland, filma egin duen Vacarmes(s) kolektiboko kidea izango dugu. Georges Abdallahren bizitza kontatzen du lanak, kontzientzia piztu zitzaion garaiko errefuxiatu gune palestinarretatik hasi eta bere askapena galdegiteko nazioarteko mobilizaziora arte, mundu osoko ezkerreko intelektualek lagunduta. Hala, Europan atxilo urte gehien daramatzan preso politikoa ezagutuko dugu. Dokumentalak, gainera, ezker arabiarra ezagutu eta Libanoko gerra zibila irudikatzeko aukera eskaintzen du.
Dokumentalaren lehen emanaldia Donostiako San Jeronimo kaleko Kriptan izango da datorren asteartean, azaroak 23, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Bigarrena hurrengo egunean izango da, azaroaren 24an, asteazkena, Bilboko Hika Ateneoan (Ibeni 1). Proiekzioak Matthieu Jeulanden solasaldiarekin eta parte-hartzaileek egin nahi dituzten galderekin osatuko dira. Ekitaldi irekiak dira aretoen edukiera bete arte, eta Covid-19aren aurkako protokoloak betez.