Duela gutxi, Zorrotzako Kastrexana auzotik mezu bat heldu zitzaigun udal-taldeko bulegora, Bilbon gero eta auzokide gehiagok pairatzen duten arazo baten berri emanez: Etxebizitza agentzien aldetik jasen ari ziren diskriminazioa, hain zuzen. Izan ere, igorlearen familiak gutxieneko baldintzak ez dituen bizilekuan dago eta, etxebizitza egoki bat alokatzeko diru-sarrera nahikoa izanda ere, ez dute lortzen alokairu kontraturik sinatzea, jabe pribatuek zein etxebizitza agentziek Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familiei kontratua egiteari zuzenean uko egiten diotelako.
Bilbon gero eta gehiago dira etxebizitza-agentzien aldetik pairatutako diskriminazioa salatzen duten pertsonak, dela aporofobiagatik, dela arrazakeriagatik. Pertsona hauek badute alokatzeko dirua, baina zailtasun handiak dituzte euren beharretara egokitutako etxebizitza aurkitzeko, etxebizitza-agentziek zuzenean baztertzen dituztelako.
Arazo honekin topo egiten dutenek oinarrizko gizarte zerbitzuetara jotzen dutenean, ez dute euren beharretara egokitutako erantzunik jaso. Izan ere, larrialdiko diru laguntza bat eskaini ohi diete, baina horrek ez die ezertan laguntzen, arazoa ez baita diru-sarrera falta, praktika baztertzaile eta bidegabe baten biktima izatea baizik. Beraz, arazo hau ez da bakarrik diruarekin konpontzen, instituzioen bestelako esku-hartze bat beharrezkoa izango du.
Hala egin du jada Bartzelonako Udalak, etxebizitza baten jabeei eta alokairuaren kudeaketaz arduratzen zen agentziari 45.000 euroko isuna jarriz, marokoar jatorriko herritar bat bere jaioterriagatik zuzenean diskriminatzeagatik eta beraz, etxebizitza eskuratzeko eskubidea urratzeagatik, hau da, arrazakeriagatik etxebizitza bat alokatu nahi ez izateagatik.
Aipatutako kasu hauek, bi adibide besterik ez dira, baina ez bakarrak. Bilbon etxebizitzaren inguruan dugun arazo larriaren beste aurpegietako bat erakusten digute eta, bide batez, bazterketaren erantzuleengan fokua jartzea ahalbidetzen digute. Izan ere, etxebizitza-agentziek alokairu merkatuaren gainean eragin handia dute eta ezinbestekoa da euren jardueren gainean administrazioaren fiskalizazioa areagotzea. Hala, egunotan jakin dugu Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 1,25 milioi euroko isuna jarri diela Idealista, Remax, Inmovilla, Look & Find, Witei eta Anaconda agentziei, etxebizitza bitartekaritzaren merkatuan prezioak finkatzeko eta informazioa trukatzeko akordioak egiteagatik.
Nola edo hala, etxebizitza duin batetara sarbidea izateko eskubidea urratzen duten praktika baztertzaile hauek hiri osoan zehar zabaltzen ari dira eta, hau ikusita, Bilboko Euskal Herria Bildu Udal taldetik bi proposamen egin ditugu berriki. Batetik, Udalak Bilboko Etxebizitza Behatokiaren Bidez gertaera hauen inguruko azterketa sakon bat egin dezan, zehatz mehatz jakiteko etxebizitza-agentziek zer diskriminazio mota eragiten duten, nori eragiten dioten eta zein neurritan egiten duten. Eta bestetik, azterketa horretatik abiatuta, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonei zuzendutako bitartekotza zerbitzu bat eskaini dezan, diskriminazio mota oro saihesteko asmoz. Horrela, administrazioak herritarren eta etxebizitza-agentzien arteko bitartekari lana egingo luke, sinatzen diren kontratuen bermeak bete ahal izateko.
Bi proposamen hauek baztertuak izan ziren Udal Gobernuaren aldetik, hain justu Bilboko Udalbatzak Migraziorako Euskal Itun Soziala sinatzea adostu zuen egun berean. Bertan adierazten denez, Udalak konpromisoa hartzen du bizikidetzaren kultura partekatzeko, elkartasunean, erantzunkidetasunean eta pluraltasunaren, giza eskubideen eta berdintasunaren defentsan oinarrituta, eta edozein arrazismo edota bazterketa arbuiatuta. Bada, adierazpen honekiko atxikimendua adierazi eta ordu gutxira, dokumentua edukiz hustu egin zuen PNV-PSE udal gobernuak. Hitzak politika eta ekimen zehatzetan gauzatzen ez direnean, hutsaren hurrengoa dira.
Alba Fatuarte – Alternatibako kidea eta EH Bilduko zinegotzia Bilbon
Uriola.eus atarian argitaratua