Giza Eskubideen Egunean, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zen eguna gogoratzen da. Aurten, berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak jarri dira erdigunean, giza eskubideen ardatz nagusi gisa. Kanpainaren gako nagusiak honako hauek dira: gazteentzako aukera-berdintasuna, justizia klimatikoa bultzatzeko berdintasuna, diskriminazio eza eta berdintasuna gatazkei aurrea hartzeko, edo berdintasuna pobrezia-zikloekin amaitzeko tresna bezala. Halere, munduan txertaketa hasi zenetik urtebete igaro denean, COVID-19aren txertoaren banaketak sortutako desberdintasunak eta bidegabekeriak bereziki azpimarratzen dira.
Munduan, COVID-19 txertoa eskuratzeko aukera oso bestelakoa izan da. Gaur egun, helduen %8k baino ez du jaso txertoaren dosi bat diru-sarrera txikiko herrialdeetan; aldiz, % 65ek jaso dute diru-sarrera handiko herrialdeetan. Egoera hau, bidegabea izateaz gain, ondorio arriskutsuak ditu mundu guztiarentzat. Askoz ere aukera gehiago daude Omicron bezalako aldaera berriak sortzeko txertatu gabeko populazioen artean, eta hori guztiontzako mehatxua da.
Txertaketaren desberdintasunak ez dakar soilik eragin larria osasunean, bestelako inpaktuak ere baditu, esaterako, pandemiaren lehen olatuetatik nabarmen aldentzen diren susperraldi ekonomikoak bultzatzen ari dira. Ondorioz, garapen-bidean dauden herrialdeak atzerago geratzeko arriskuak areagotzen dira. Ekonomiaren eraginei dagokionez, World Unequality Lab-en txosten berriak azpimarratzen du azken bi urteetan errenten kontzentrazio-prozesua bizkortu egin dela, mundu polarizatuagoa utziz.
Finean, pandemia amaitzetik urrun gauden honetan, agerian gelditu da, egoera honek ezberdintasunak sortzen dituela, eta hauen kalteak mingarriak bezain onartezinak direla. Era berean, frogatu da giza eskubideen aldeko neurriek seguruagoak eta indartsuagoak egiten gaituztela. Horrela, ezinbesteko pausua da behingoz txertoak eta tratamenduak guztiontzat eskuragarri egotea, inolako diskriminaziorik gabe.
Maria del Rio – Alternatiba
GARA/NAIZen argiratatua