“Gerra bultzatzen dutenek beti aipatzen dituzte arrazoi nobleak: bakearen izenean hiltzen dute, Jainkoaren izenean, zibilizazioaren izenean, aurrerapenaren izenean, demokraziaren izenean. Gerra eragileek inoiz ez dute zintzotasunez aitortuko: “Nik lapurtzeko (ondasunak, baliabideak, lurraldeak) hiltzen dut”.
Eduardo Galeanoren hitz hauek egiatik oso hurbil daudela esango nuke, Ukrainan gertatzen ari denaren karira. Izan ere, gerran lehen biktima egia da, propagandak pozoitu eta ezkutatu egiten du zer gertatzen den eta zergatik. Errusiak bere aldetik, eta NATOk beretik, ura bere errotara eramateko hitza usteltzen dute.
Bistan da, Putin ez duela Mendebaldeko mehatxuak edo Ukrainako eskuin muturreko gutxiengo txiki baina militante batek inbaditzera bultzatu. Aldi berean, onartu behar da Mendebaldeko ekintzek bidea prestatzen lagundu dutela. Ez bakarrik 1991tik aurrera NATOren hedapenak Errusia inguratu duelako edo bere militaristei Bigarren Mundu Gerran suntsitutako lurrak berriro mehatxupean daudela esateko ahalmena eman dielako. Azken finean, Putinek Donbassen gutxiengoak defendatzeko aitzakia NATOk askotan erabili (Balkanetan esaterako) duen liburu «humanitario» batean oinarritzen da.
Putinen amarruak harago, aditu askoren arabera: Prestaketa militar luzeek eta operazioen tamainak argi uzten dute Errusiaren helburuak ez direla Donetsk eta Luhanskeko bi “Errepublika sezesionistetara” mugatzen. Errusiak inbasio honekin lortu nahi duena ulertzeko, Putinen otsailaren 21eko diskurtsora jo behar da, bertan Ukrainak Estatuaren subiranotasunerako duen eskubidea ukatu baitzuen (Sobiet batasunaren -komunismoaren- garaietan Ukraina artifizialki nazioa bihurtua izan zela Errusia Amaren kaltetan). Inbasioaren helburua, beraz, baliteke egun indarrean dagoen Ukrainaren erregimen-aldaketa eragitea da, inbasio militar baten bidez, eta Ukraina errusiarren mende jartzea.
Izan ere, Errusiako operazio militarrak ezin dira 2014koekin alderatu, Errusiak Krimea erantsi eta Donbassen gerra egoera iraunkor bat sortu zuenean. Era berean, ezin dugu alderatu egungo inbasioa 2008ko gerra errusiar-georgiarrarekin, orduan militar errusiarrek Tbilisi arte aurrera egin eta Mikhail Saakashvili agintetik bota zezaketelako, baina ez zuten egin. Egun, Ukrainaren inbasio errusiarraren helburua erabateko nagusitasuna da. Bide batez, Ukrainan moteltze-eremu independente eta errusiazale bat sortzeaz gainera herrialdearen zati hori anexionatuz. AEBek 2003an Iraken egindako inbasioarekin konpara daiteke, hondamendi-emaitzekin. Putinek lortuko du asmo hori aurrera eramatea? Ikusteke dago.
Dena den, auzia bere osotasunean ikustatzeko, gatazka eremu eta maila desberdinak bereizi behar dira, naiz eta modu batez edo bestez loturik egon: Alde batetik, Errusiaren eta AEBen arteko harremanak; eta Errusiaren eta Ukrainaren artekoak, bestetik.
Lehenengoa. Estatu Batuek 1993an Bill Clinton demokrata presidente zela hartutako erabakia da, NATO indartzea ez ezik -Sobietar Batasunaren aurka egiteko eratutako aliantza militarra da-, baita ekialderantz zabaltzeko ere. Beste aukera batzuk, hala nola NATOren desegitea, Europan Errusia barne hartzen zuen segurtasun-arkitektura komun baten bilaketa, ez ziren aintzat hartu. Jakina, ekialderako hedapen militar amaigabe honek errusiar erresistentziarekin topo egingo zuen.
Zalantzak zalantza, orain arte, Errusia bere buruaz seguru sentitu da 2008tik egin dituen erreforma militar masiboen ondoren, Txetxenian, Georgian, Sirian, Libian eta beste leku batzuetan egin dituen kanpaina militar “arrakastatsuen” ondoren, baina baita Errusiak, bere milioi soldaduekin, Europan botere militar nagusia duelako ere.
Orduan, zergatik oraingo krisia? Neurri batean, gatazka hau, Putinek 2021eko abenduaren 17an bere eskaerak egin zituenean NATO 1997ko posizioetara itzultzeko, ez zen Kievera edo Bruselara joan, Washingtonera baizik. Putin Bideni zuzendu zitzaion potentzia hegemonikoaren hizkuntza berean: ekialdeko Europaren muga geopolitikoak atzeraraztea, Errusiak orain hori egiteko baliabideak dituelako, 1990eko hamarkadan Estatu Batuek izan zuten portaeraren arabera.
Noraino joan daiteke Putinen ofentsiba? Badirudi Putinek ez duela muturreraino joan, funtzionario estatubatuarrek ere onartzen duten bezala, eta horrek esan nahi du oraindik posible dela irtenbide diplomatiko bat. Eta mendebaldeko eliteek ondo egingo lukete irtenbide horren alde egitea Putinek itzulerarik gabeko puntua igaro baino lehen, alternatiba ez baita inorentzat ona izango. Alabaina, auskalo.
Bigarrena, Ukraina estatu handia baina hauskorra da. Alde batetik, haren barne-osaerak -errusiar ugari ekialdean eta hegoaldean, eta mendebaldearen aldeko biztanleria Halytxen-; Bestetik, Errusiaren eta NATOren eta Europar Batasunaren arteko kokapen geopolitikoak kalte egiten dio. 2004an, “Iraultza Laranja”ren ondoren, Victor Yanukovich errusiazalea boterera itzuli zen. Euromaidanen ondoren ere, Errusiaren eta Mendebaldearen arteko oreka birsortzeko aukera benetakoa zen. Baina aukera hori Krimearen errusiar anexioak eta Donbassko gerrak zapuztu zuten. 2014aren ondoren, buruzagi ukrainar bakar batek ere ezin zuen Errusiarekin konpromisoa hartu, eta are gutxiago jarrera errusiazaleak adierazi. Errusiaren ekimenek Ukraina mendebalderantz bultzatu zuten, eta barne politika, berriz, errusiarren aurkako nazionalismorantz.
Hau da (adituen laguntzaz) egungo egoerari buruz esan dezakedana. Alabaina, harago jo nahiko nuke drama honen inguruko azalpen historikoak emanaz. Aspaldiko baitzait (Nazio arazoa marxismoaren ikuspegitik aztertzen hasi nintzenetik, hain zuzen) Ukrainarekiko nire miresmena. Putinek Lenin laidoztatu du Autodeterminazio eskubidea indarrean jarri zuelako, eta horrek gogorarazi dit Leninek Stalini egin zion errieta berau georgiarra izanik errusiar chauvinista bihurtu zelako
Ukraina Europako herrialderik tragikoenetako bat da, historian zehar izugarri sufritu duena. Estatu independente gisa jaio zen Lehen Mundu Gerrako izugarrikerien pean, Errusiako gerra zibilak bere lurretan izan zituen gertakizun odoltsuenak. Stalinek 1932-33an lurra nahitaez kolektibizatu zuenean, Ukrainan Holodomor izeneko gosetearen ondoren 7 eta 10 milioi pertsona artean hil izan zituen. Bigarren Mundu Gerran, nazien okupazio indarrek milioika ukrainar esklabo gisa erabili zituzten, judu ukrainarrak eta beste gutxiengo batzuk akabatu zituzten, eta Alemaniako okupazio indarren eta tropa sobietarren arteko gudu gogorrenetako batzuk Ukrainan gertatu ziren. Ukrainako galerak 5 eta 7 milioi artekoak izan ziren II Mundu Gerran. Sobietar Batasunaren kolapsoa oso mingarria izan zen Ukrainarentzat; adierazle batek haren sufrimendu izugarria laburbiltzen du: ukrainarrak 52 milioi izatetik, 1991n SESB erori zenean 43 milioi izatera igaro ziren. Orain, Ukraina biktima da berriro.
Ezin ukatu Ukraina mendetan izan dela Errusiak zanpatutako nazio bat, eta bere ondasunak ustiatuak izateaz gain bere izaera nazionala eta bere lurraldea etengabe erasota izan dela. Errusiako iraultza sobietarrak lehenengo urteetan Ukraina nazioa bezala aitortua eta onartua izan zen, berezko hizkuntza eta kultura loraldia ezagutu zuen, estalinismoaren eraginez sobietartasunarekin mozorrotutako errusiar asimilazio bortitza jasan zuen. Troskik ukraniar independentzia aldarrikatu zuen.
Bigarren mundu gerran ukraniar asko naziekin aliatu izan ziren, ulergarria zen errusiarrekiko amorrua onartezina zen jarrera faxista bilakatu zen Ukraniarren kalterako ere Garaipenaren ondoren, gutxi batzuen erruengatik (faxista ukraniarrak gutxiengoa baitziren) Ukrainia eta Baltiar errepublikak, tartaroak eta abarrek Stalinen zigor gupidagabea jasan zuten.
Sobiet Batasunaren desegitearekin Ukrainak independentzia lortu zuen. Errusian bezala, neoliberalismoari moldatu zen eta burokrata zaharrak satrapa berriak bihurtu ziren, eta nazionalismo eskuindarrak gora egin zuen, ukraniar demokrazia pobretuz (Putinen Errusian antzeko) Ukrainan zegoen aniztasun etnikoari irtenbide demokratiko bat eman beharrean batasun uniformatzaile eta chauvinismo antierrusiarra xaxatuz. Une horretan ere, konprenigarria zen gorrotoa onargarria ez zen jarrerak irabazi zuen eta horrek Donetsk-eko lurraldean arazoa are gerra piztuz.
1991eko independentziaz geroztik, Ukrainak hizkuntza ofizial bakarra, ukrainera, aitortzen zuen estatu bateratua izaten jarraitu du, nahiz eta jakin biztanleriaren zati handi batek errusiera zuela ama hizkuntza. Ez dut gogoan izan nahi 2014 eta 2015ean Minskeko akordioek, Donbassen bake iraunkorrerako bidea ireki behar zutenek, herrialdearen federalizazioa eskatzen zietela Ukrainako agintariei, egitasmo hori, alabaina, ez dutela aurrera egin. Alabaina, horrek ez du, inondik inora, justifikatzen Ukrainaren zatiketa nazionala eta Errusiarren parte-hartze militarra.
Bukatzeko, Putin Errusiako presidenteak Donetsk eta Luhansk, eskualde banatuen independentzia formalki onartu du, eta horren aitzakian tropa errusiarrak bidali ditu zonaldera, ustez bakea mantentzeko. Galeanok arrazoia zuen, gezurra galanta.
Nire desioa litzateke Ukraina independente, burujabea, eta demokratikoa gauzatzea, non izaera nazional desberdinak (ukrainar soilak eta errusiar-ukrainarrak) bere tokia aurkitzen duten, errepublika federal gisa. Bere burua Bloketik kanpo kokatua, neutrala eta ez lerrokatua Errusia edo NATOren baitan. Azken finean, Nazio Batuaren babesean. Eta gu euskaldunok, badugu garaia gogoratzeko herri honek NATOren barruan egotearen aurka azaldu zela erreferendumean.
Ukrainan eta gurean, egia zor.
Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba