Herenegun Korrika 22 Bilbotik igaro zen eta, beste behin ere, une hunkigarriak utzi zizkigun. Periferiatik erdigunera eta bueltan, auzo guztietako kaleak jendez gainezka egon ziren.
Lekukoa esku batetik bestera pasatzen zihoan heinean, denetariko aldarrikapenak ere ikusgai izan genituen. Hala, Bilbo anitz eta euskaldun baten alde, euskarak hamaika kolore dituela erakutsi zuguten EH11 kolore herri ekimeneko lagunek eta eguneko irudi ederrenetako bat oparitu ziguten itsasadar albotik koloretako erraldoiak korrika egiten zutela. Alde Zaharrean, Bilboko Konpartsen eskutik, jai herrikoi eta euskaldunen aldeko kilometroa izan zen, eta Zazpi kaleetan barrena, Arantza Zuluetak ere hartu zuen lekukoa, hain zuzen Audientzia Nazionalak zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri berri dionean, gogora ekarrita, herri honetan normalizazioa oraindik urrun dagoela, eta ez bakarrik euskararen alorrari dagokionez. Gerraren aurka, etxebizitza eskubideraen alde, edota euskal eskola publikoaren defentsan, esan bezala, hamaika aldarrikapen bildu ziren Korrikara Bilbon, eta Ezkerralderantza abiatu aurretik ere, beste momentu hunkigarri bat utzi zigun Korrikak Indautxu auzoan, hain zuzen, Manuk eta Finak Iñigo Cabacas semaren irudia esku batean eta lekukoa bestean zeramatzatela. Hamar urte daramatza familia honek Iñigorentzat justizia aldarrikatzen bart bezala, atzetik, bidean tipi-tapa, milaka lagun eusten dituztelarik.
Hauek adibide gutxi batzuk dira, baina aldarrikapen handiez gain, Korrika ere istorio eta bizipen txikiez osatzen da. Nire kasuan, zirraragarria izan zen bi urteko alabaren begietan Korrika lehen aldiz ikustea. Ziur naiz hazi bat erein genuela elkarrekin. Gaurtik aurrera, landatu genuen hazi txiki hori egunero egunero HitzEkin ondo ureztatzen jarraitu beharko dugu etxean, eskolan, kalean… Baina euskararen hazia sendo hazi dadin, ongarria beharko dugu, hau da, baldintza gehiago eman beharko dira, bereziki Bilbon bizi garela kontuan hartuta.
Izan ere, Bilbon bizi garen milaka euskaldunon hizkuntza eskubideak ez dira inondik inora barmatzen eta, hor ere, ardurak banatu behar dira, Udalak berea hartuz. Askok aspalditik salatu izan dugun bezala, Bilbon euskararen aldeko politikak eskasak dira, edo ez dago horretarako politikarik. EAEko azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Bilboko herritarren %40 euskalduna da, baina egunerokoan ikusten duguna da euskararen erabilera eta presentzia publikoa oso urria dela. Gure hizkuntzaren aldeko udal politikak, gainera, ez dira zentralak; ez kalitatez, ezta kopuruz ere. Euskara zeharlerro behar luke izan baina, praktikan, udal politikaren txoko txiki batera zokoratuta dago. Hala, euskara sailaren aurrekontua ez da 3 milioi eurora iristen 600 milioi eurotik gorako aurrekontu batetik.
Gainera, egun ez dago egoera hori aldatzeko lagunduko lukeen tresna praktikorik eta erdibidean daudenak ez dira eraginkorrak. Urteetan eskatu bezala, 2016. urtean euskara aholku batzordea osatu zenean, gogoz hartu genuen askok, euskalgintzako eragileen parte-hartzea sustatzeko espazioa izango zelakoan, baina sei urte geroago, egiaztatu dugu batzorde honek ez duela aurreikusitako emaitzarik eman. Bestetik, Hiri Antolaketa Plangintza berria onartu berri du Udalak baina, zoritxarrez, prozesu hau ez da baliatu hizkuntzaren ikusgarritasuna ahalbideratuko lukeen hiri euskaldunaren mapa osatzeko. Azkenik, esparru anitzetan euskara aitortuko duen eta bere presentzia Bilbon bermatuko eta defendatuko lukeen oinarri artikulaturik edo juridikorik ere ez dago eta, zentzu horretan, euskararen ordenantza baten beharra inoiz baino agerikoagoa da.
Hau da gure seme-alabek aurrean duten panorama amesten dugun Bilbo anitz eta eskaldun honetan hazteko. Bilbo gero eta euskaldunagoa da, baina gure etorkizuneko hirian euskara ez dago aurreikusita. Ez dago hizkuntzaren ezagutza eta irakaskuntza sustatzeko espazio edota plangintza argirik, ez eta haren erabilera edota transmisiorako ere, eta oztopo horiek euskaldunon bizi kalitatea eta gure hiria bizitzeko aukera mugatu baino ez dute egiten.
Beraz, lanean jarraitu beharko dugu euskararen egoera soziolinguistikoaren eraldaketa gauzatzeko. Hizkuntza politika berria behar dugu Bilbon, euskara bilbotarron hizkuntza normalizatua izan dadin. Bilbok ere euskararen hiria izan behar du, euskararen ezaugarriak hiri eremura egokituz. Horretarako, igaro berri den Korrika edo laster etorriko den Euskaraldia ezinbesteko hauspoa ematen digute, baina normalizazioa bizitzaren momentu eta eremu guztietan bultzatu beharko dugu; hau da, euskaraz bizitzea inongo trabarik gabe eta aukera errealak izatea euskaraz bizitzeko. Udalak prozesu horretan zeregin garrantzitsua du Bilboko euskal hiztunen komunitatearen ikusgarritasuna lantzeko eta baliabide egokiak hornitzeko bidean. Gainera, Euskara Euskal Herriaren nortasun ikur nagusia eta gure kulturaren funtsezko osagarria den heinean, udalak bereziki zaindu eta kohesiorako tresna gisa erabili beharko luke. Ez da erraza edo egun bateko kontua izango, baina gaztelaniak duen estatusa eta parekotasuna zor zaio euskarari ere Bilbon.
Alba Fatuarte – Alternatiba
Bilboko Uriolan argitaratua