Oraindik ere hitz egiten dugu Oscar sarietan emandako gertakari ospetsuaz, baina ez dute oihartzun bera izan sarirako izendatuak izan ziren zenbait filmek. Nabarmentzea merezi du Khabar Lahariyaren istorioa kontatzen duen Writing with fire izeneko dokumentalak. Emakumeek bakarrik idatzitako Indiako lehen egunkariaren historia hunkigarria azaltzen du. Hasierako eszeptizismoa gorabehera, proiektuak 20 urte bete ditu. Hazten joan da eta, 2015etik, eragin handia du espazio digitalean ere. Azpimarratzekoa da Dalit emakume talde batek sortu zuela India iparraldeko Uttar Pradesh estatuan. Bertan, emakumeen eta Dalit-en aurkako indarkeria-maila endemikoak dira. Talde horiek ukiezintzat jotzen dira, eta hindutarrak banatzen dituen kasta sistematik baztertuak dira. Hala eta guztiz ere, urte hauetan, kasta- eta genero-hesi handiak hausten joan dira, ez zailtasunik gabe.
Emakumeak dira prozesu guztiaz arduratzen direnak; idaztetik, banatzeraino. Kazetari hauek baztertutako komunitateetatik datoz, baliabide gutxirekin eta hezkuntzarako sarbide zailarekin. Hala ere, garbi dute kazetaritza egiteko ikuspegi kritikoa eta feminista aldarrikatzen dutela, baita tokiko hizkuntzetan informatzeko garrantzia ere. Euren helburua komunitatearen ahotsa izatea da, tokiko albisteei ikusgarritasuna emanez.
Joan den astean, proiektuaren ordezkariak Bilbon izan ziren adierazpen-askatasunari buruzko “Giza Eskubideen Nazioarteko 2. Batzarrean”, eta zirraragarria izan zen esperientzia bertatik bertara ezagutu ahal izatea. Jakin badakigu adierazpen askatasunak, Estatu Demokratikoaren giltzarria izanik, une gatazkatsuak bizi dituela gaur egun, eta badirudi eztabaida publiko eta librerako tokia txikitzen ari dela. Azpimarragarria da, oztopoen gainetik, “gizartearentzako ispilu bat eusten” jarraitzeko indarra. Ezin dugu ahaztu, adierazpen-askatasunak ez duela babesten soilik adierazpena egiten duena, gizarte osoa babesten du pentsamendu, iritzi eta informazio horiek bilatu eta jasotzeko eskubidea ematen digun heinean.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua