Egun ez dago horren inguruko araudirik eta, Josu Estarronak azaldu duenez, legez arautzeak gailu horiek erabiliz ondarean eragin daitekeen kaltea minimizatzea eta espoliazio kasuak ekiditea ahalbidetuko luke. “Xedea ez da gailu horiek debekatzea, erabilera egokia bermatzea baizik”.
EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Euskal Kultur Ondarearen Legean zenbait artikulu berri txertatzeko metal-detektagailuen erabilera arautzeko helburuarekin, betiere ondare arkeologiko, kultural eta historikoa babesteko. Josu Estarronak azaldu duenez, “Nafarroan eta beste erkidego askotan ez bezala, EAEn ez dugu gailu horiei buruzko inolako araudirik; gabezia hori zuzendu nahi dugu proposatu dugun legearen bitartez, detektagailu horien erabilerak ondarean eragin dezakeen kalteak minimizatzeko eta ondare arkeologiko, kultural eta historikoaren espoliazioa ekiditeko. Duela bi hilabete, adibidez, horrelako espoliazio kasu bat ezagutu genuen Araban, non bi gizoni metal-detektagailuak erabiliz indusketa arkeologiko irregularrak egitea egotzi zitzaien”.
“Gure helburua –argitu du Estarronak– ez da detektagailu horiek debekatzea, erabilera arautzea baizik, zeren ez da onargarria inolako kontrolik gabe aukera guztiak irekita uztea, ondare kultural eta historikoa kaltetu eta espoliatzeko bideak erraztuz. Tresna horien erabilera egokia eta kontrolatua egiten dela bermatu nahi dugu, bai eta balizko aurkikuntzak babestea ere”.
Lege proposamenaren arabera, debekaturik geratuko litzateke metal-detektagailuak erabiltzea material arkeologikoak bilatu edo berreskuratzeko jarduera horri dagokion baimena eduki gabe. Indusketak egiteko derrigorrezkoa litzateke lizentzia edukitzea, zehazten duten protokoloari jarraiki aldundiek emango luketena, baldin eta interesdunek behar den titulazioa eta jarduketa-proiektu bat aurkezten badituzte.