Basauriko anbulatorio bateko hiru erizainek lankide bati kalte-ordaina eman behar izan diote haren baimenik gabe historia klinikoan sartu direla frogatu delako. Gainera, txostenaren edukiaren berri eman zieten hirugarren pertsonei. Arretagune bilakatu da kasua, haren ondorioengatik, eta, gainera, Osakidetzak onartu duenez, sarbide irregular hori ez da kasu isolatua izan. Gai honi lotutako erreklamazio ugari heltzen dira datuak babesteko agentzietara.
Nabarmentzekoa da historia klinikoan jasotako edozein datu pazientearen baimenik gabe atzitzea ez dela soilik etikaren beraren aurkako portaera. Legezko ondorioak ere baditu: diziplinakoak, penalak edo zibilak. Izan ere, informazio klinikoa bereziki babesten da, oinarrizko eskubideetan duen eraginagatik. Hori dela eta, ezin da informazioa eskuratu justifikazio argirik gabe; hau da, jarduera asistentzial bat egiteko beharrezkoa izan gabe. Ez da nahikoa, beraz, osasun-langilea izatea eta jakin-minez aritzea, edo bizilagun bati informazioa eman nahi izatea; aitzitik, lana aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan behar da.
Intimitate pertsonala eta datu pertsonalen babesa oinarrizko eskubideak diren arren, argi dago orain arte behintzat ez zaiela behar duten garrantzia aitortu, eta ez dela usadio zahar desegokiak ezabatzeko lan nahikoa egin. Hori kezkagarria da, batez ere kontuan hartzen badugu, eremu horretan, bereziki sentikorra den informazioa manipulatu daitekeela: gaixotasun estigmatizatuei, norberaren bizitza sexualari edo, are gehiago, sinesmen erlijiosoei lotutako portaerei buruzkoa. Horiek eragin nabaria izan dezakete norberaren bizitzan. Denok gara osasun-sistemaren erabiltzaileak, edo izango gara une batean edo bestean; ez da, beraz, gutxi batzuei eragin ahal dien zerbait. Finean, osasun-profesionalen eta erabiltzaileen arteko harremana agintzen duen autonomiaren printzipioaren isla izan behar da datuen kudeaketa ere. Hau da, erabiltzaileak parte-hartze handiagoa izatea berari dagokion erabakietan, bai osasunaren babesari dagokionez, bai bere datuei dagokienez.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua