Juan Sebastian Elkano euskal marinelaren bidaiaren bosgarren mendeurrena gogoratzen den urtemugan, eta hispanitatearena deritzon egunaren ostean, Alternatibak hitzaldiak egingo ditu Bilbon eta Donostian, urriaren 13an eta azaroaren 3an hurrenez hurren, Dekolonialismoaren inguruko begiradak aztertzeko. Horretarako, batetik, Axier Lopez kazetaria eta “Gure heroiak” (Argia, 2022) liburuaren egilea arituko da hizlari. Eta, harekin batera, Luciana Alfaro Euskal Herriko emakume arrazializatu eta migratuen sareko kideak hartuko du hitza.
Axier Lopezek bere liburu berrian aztertutako “Euskal Herriko kolonialisten historia” bat abiapuntu, garaiko gertaeren inguruan ditugun balizko ardurak eta hausnarketak plazaratuko ditu, esaterako egungo kale izendegiari begira. Era berean, Black Lives Matter bezalako olatuek ekarritako ondorioak ere izango ditu aztergai.
Luciana Alfarok, berriz, dekolonialismoaren ikuspegi zabalagoa jorratuko du, besteak beste, kolonialismoak gorputzetan, emakumeengan, edota pertsona migratu eta arrazializatuengan dituzten ondorioak jarriko ditu mahai gainean.
Aurreneko hitzaldia Bilbon egingo da ostegun honetan, urriak 13, Alternatibaren Bilboko egoitzan (Casilla plaza 6), arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bigarren hitzordua Donostiako Alternatibaren egoitzan eskainiko da azaroaren 3an, osteguna, 19:00etan ere bai. Azaroan ere, eguna zehazteke dagoen arren, Burlatan (Nafarroa) egingo da hitzaldia. Guztiak sarrera askekoak izango dira, aretoen edukiera bete arte.