Gehienetan ez dakigu gure herrietako kale eta plazen izenen jatorria zein den. Ohitu gara horiek ikustera, eta ez zaigu jakinmina pizten. Hots, ez dugu zalantzan jartzen zergatik erabaki zen pertsona jakin bati espazio publikoan horrelako aitortza egitea. Hori bai, kosta bazaigu ere, onartu dugu kale izen gehienak gizonezkoei lotutakoak direla eta, aurrera begira, neurriak hartu behar direla. Bizkaian, esaterako, badirudi %5era ere ez direla iristen emakumeak gogorarazteko izendatutako kaleak. Bestetik, lana bukatua ez badago ere, memoria historikoari lotutako moldaketek ere pisu handia izan dute. Aldaketei 80ko hamarkadaren hasieran ekin bazitzaion ere, buruan ditut oraindik Bilboko hainbat kaleen izen frankistak, gure amamak oraingoak ez zituelako ikasi.
Kale, plaza edo lorategien izenen bitartez espazioa modu sinbolikoan markatzen da, eta pertsona eta gertaera jakin batzuen oroitzapena iraunarazten eta zabaltzen da. Esan dezakegu, hortaz, memoria jakin bat finkatzeko balio duela eta garai bateko baloreak erakusten direla. Hausnarketarako dugun tartea, beraz, zabala da oraindik, bereziki gure gertuko historiaz harago iraganean murgiltzen bagara. Izan ere, onartzea gogorra bada ere, beharrezkoa da azkenaldian egiten hasi den ariketa; gogoratuz Euskal Herrian ere konkistatzaileak eta esklabistak izan zirela. Eta horiek ere lekua dutela gure herri eta hirietako kaleetan; testuingurutik kanpo eta analisi kritikorik gabe, gainera. Beharrezkoa da espazio publikoan onargarria zer den modu kolektiboan aztertzea. Esaterako, ez dugu Bilbon Juan de Garay edo Bruno Mauricio Zabala kaleen izenen inguruan zer esanik?
Orainetik historiari begiratzea ez da ariketa erraza, baina funtsezkoa da etorkizun hobea eraikitzeko. Zintzoak izan gaitezen eta ez dezagun gure historia zuritu. Gure oraina aztertzeko eta esanahia emateko baliabide gehiago izango ditugu eta. Esaterako, euskal enpresa transnazionalek egun atzerrian duten eragina aztertzeko, eta hauek izaten duten instituzioen babes eta bultzada.
Maria del Rio – Alternatiba
GARA/NAIZen argitaratutakoa