Alternatiban kezka handiz ikusten dugu azken garaiotan zerbitzu publikoen pribatizazioarekin ematen ari den azelerazioa. Herritarren ongizaterako diren zerbitzuak, guztien onerako bideratu beharrean, bestelako interesak dituzten eskuetara pasatzen ari dira; horrek, diskriminazioak bultzatzea eta zerbitzu publikoen kalitatearen endekapena eta irudia kaltetzea ekar badezake ere. Esaterako, oinarrizko eskubideak diren osasungintza, zaintza eta hezkuntza, herritar guztien eskuragarri jartzea, langile klasearen urtetako borroken bidez lortu izan dira. Historian urrats handiak egin dira bide horretan, mobilizazioei eta herritarren ekimenei esker. Orain, berriz, maila guztietan sekulako atzerapausoak ikusten ari gara, politika neoliberalen eraginez, inongo lotsarik gabe, eskubide hauek herritar guztien onurako izan beharrean, interes pribatuetan uzten ari dira.
Esperientziak erakusten digu iniziatiba pribatuari bidea zabalik uztea baino, kudeaketa arrazional eta eraginkorren bidez, merkeago eta eragingarriagoa dela zerbitzu publiko unibertsaletan inbertitzea. Hala ere, pribatizazio-bide honen ideologoek konbentzitu nahi gaituzte, eraginkortasuna, ekintzailetza eta askatasuna bultzatzen ari direla. Baina, jakina, esku publikoetan uzten diren bakarrak eurentzat errentagarriak ez diren zerbitzuak eta eskaintzak dira. Honek, eskaintzaren bikoiztea dakar, zerbitzu publikoak kaltetuak irteten direla.
Hezkuntzak ez die joera hauei ihes egiten. EAEko hezkuntza sisteman, sare pribatua sistema osoaren ia erdia da, baina sistema osoa dago %100ean diru publikoz lagunduta. Horrekin batera, segregazio nabarmena ematen da bi sareen artean, familien erosahalmenaren eta jatorria edo etniaren arabera. Deigarria da ikustea nola eskola segregazio hau erresidentzia segregazioa baino handiago den. Bazterkeriaren kaltea diskriminazioan gauzatzen den bezala, arazo akademikoetan eta elkarbizitzakoetan azaltzen da ere. Eskolan, ikasbide akademikoak eskaintzeaz gain, jendartearen elkarbizitzaren ereduak islatzen dira. Euren inguru sozialetik aparte eskolarizatuz, jendartean dagoen dibertsitate ekonomiko, kultural eta soziala ikasgeletan ez badira islatzen, aurreiritzien, arrazakeriaren, klasismoaren eta ezagutzen ez denarekiko gorrotoa azal daitezke. Eskola jendartearen dibertsitatearen isla izan beharko luke. Espazio berean ikasiz, jolastuz eta harremanak garatuz, ikasleek, euren esperientzietatik abiatuz, errealitate anitz horren ezagutza zabalagoa izango dute. Horregatik, sare publikoa indartuz, zabalduz eta baliabide sendoez hornituz, bai ekonomikoak, materialak zein pertsonalak, bide horretan sakontzeko aukera emango du. Esaterako, euskal kultura eta euskararekin kontaktu gutxien dutenentzat, eskola publikoa tresna indartsu gisa agertu da EAEn; sare euskaldunena izanik.
Horren ordez, baina, ikusten ari gara hezkuntza sare publikoarekiko gero eta utzikeria handiagoa, zentro publikoak ixteraino heldu direla. Aldiz, ezagutzera eman den hezkuntzaren lege aurreproiektuan sare pribatuaren pribilegioak mantentzen dira eta sare publikoa pribatuarekin parekatzen da. Eskolan euskara sistema osoan komunikazio hizkuntza izateko bidean ez da aurrerapausorik ematen, ezta sakontzen ere; nahiz eta, gaur egun, D ereduan, sare publiko ia osoan, formalki, komunikazio hezkuntza euskara den. Aipatzen da euskararen garrantzia, baina hizkuntzen inguruko zehaztapen hauek ere txertatu dira: 3 hizkuntzak izango dira irakas-hizkuntzak. Horrekin batera, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duen hezkuntza sistema publikoa ez da aipatzen, beste euskal lurraldeekin elkarlanerako bideak ez direla jorratzen. Beraz, aurrerapausorik ez baina atzera egiteko aukerak bai, ematen dira, euskararen errealitate gordina era horren ezagutzaren gabeziak kontuan hartu gabe. Horrekin batera datozen 6 urterako kontzertazioak baieztatu dira, diru laguntzak handituz eta ratioak gutxituz, sare publikoaren kaltetan.
Honek guztiak, kolokan jartzen du eskola publikoa EAEko hezkuntzaren ardatz eta eredu izatea, ahultze eta arrisku bidean jarriz. Argi dugu hezkuntza publikoaren aldeko aldarria inoiz baino beharrezkoa dugula garaiotan, herritarrak berdintasunean, aniztasunean eta askatasunean heziko duen eskola, herritarren eta jendartearen ongizatearen interesetan oinarrituko dena. Hezkuntza Legearen Aurreproiektua eztabaidatzeko zabaldu den epean, ezinbestekoa da hezkuntza publikoan aritzen diren eragileen ahotsa entzutea eta euren aldarrikapenak hutsean ez geratzea. Beste arlotan bezala, osasungintzan edo zaintzan esaterako, publikotasunaren defentsa gehiengoen interesaren alde egitea da.
Hau guztia ez da hutsala. Jendearen ongizatearen aldeko politika publikoak, bereziki kolektibo ahulenak, zaurgarrienak, baztertuenak kontuan hartzen dituztenak, aspaldiko borroka bidea izan da ezkerrarentzat. Neoliberalismoa eta norberekeria gizartearen zirrikitu guztietatik filtratzen ari den garaiotan, hezkuntzaren, osasungintzaren, zaintzan eta, oro har, zerbitzu publikoen izaera unibertsala, kalitatezkoa eta ez diskriminatzailea, inoiz ez bezala aldarrikatu eta defendatu behar dugu.
Guzti horregatik, zabalik dauden eztabaidagune guztietan gure ekarpena egiten jarraituko dugu, eta euskal eskola publikoaren defentsan deitutako mobilizazio guztiak babestuko ditugu, azaroaren 5ean Bilboko kaleak beteko dituena kasu. Han izango da Alternatibako ordezkaritza. Era berean, hezkuntzako sindikatuek azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako deitutako lanuzteak ere txalotzen ditugu. Euskal eskola publikoak eremu guztietan defendatu beharra dagoelako, kalean eragileen eskutik, zein legebiltzarreko eztabaidetan. Gure izaeran txertatuta dugu publikotasunaren defentsa; hortik aparte, ezinezkoa ulertzen baitugu jendarte aske eta justu baten garapena.
Alba Fatuarte eta Joxemari Carrere
Alternatibaren Hezkuntza Mahaia
BERRIAn argitaratua