Azaroaren 25a egun egokia da azken egunetan sortutako desinformazioaz hausnartzeko. Oso larria da sexu-askatasunaren aurkako indarkeriaren biktimak larritu izana, egin den bezala, Sexu-askatasunaren Lege Integrala indarrean sartzean babes txikiagoa izango dutela sinetsaraziz. Horretarako, gainera, eslogan faltsu, anakroniko eta populista erabili da, babes handiagoa eskaintzeko zigorrak handitu behar direla alegia. Aitzitik, zigorrari zentraltasuna eman beharrean, askoz erabilgarriagoa da politika publiko garestiago, baina erantzun eraginkorragoak eskaintzen dutenengan arreta jartzea: besteak beste, prebentziotik bideratzen direnak hezkuntza, gizartea, ekonomia edo kultura alorretik.
Lege perfektua ez izan arren, ez da, inondik inora, inprobisazioaren ondorioa izan. Garapen luzea izan du, hainbat ministerio eta kabinete teknikok parte hartu izan dute, hainbat organoren oharrak jaso ditu eta, jakina, kongresuan eta senatuan ordezkaritza duten alderdiek ekarpenak egin ahal izan dituzte. Hortaz, prozesua bera zikintzeko saiakera ere larria da, gainera, legearen jatorria gizarte-eskaera batetik abiatu da eta mugimendu feministaren bultzada izan du.
Legeak, oro har, ez ditu jokabideak despenalizatzen, eta ez ditu zigorrak asko aldatzen. Zigor murrizketak oso zehatzak eta neurtuak dira. Are gehiago, kritikak ere jaso ditu, eskalada punitibistan sakontzen duelakoan. Egia da egungo sexu-eraso delituak zigor-tarte zabalagoa duela. Izan ere, izen beraren baitan astuntasun ezberdineko portaerak jasotzen ditu, lehen modu bereizian artatzen zirenak: sexu-erasoa eta sexu-abusua. Epaileak aukera handiagoa du zigorra proportzionaltasunez kasu zehatzera eta haren inguruabarretara egokitzeko. Hortaz, aurreikusi ahal da aldaketaren ondorioz etor daitezkeen zigor murrizteak oso gutxi izango direla, eta banan-banan aztertu beharko dituztela. Finean, izugarrizko zalaparta sortu da oinarri eta tradizio sendoa duen funtsezko berme baten aplikazioagatik. Edo baten batek zalantzan jarri al zuen eutanasia lege aldaketarekin betetzeke edo betetzen ari ziren zigorrak desagertu behar ez zirenik?
Maria de Rio – Alternatiba
GARA/NAIZen argitaratua