EH Bilduk mozio bat aurkeztu du urtarrileko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Mozio horretan, emakumeen aurkako indarkeriaren Bilboko epaitegien, Fiskaltzaren, Ertzaintzaren eta Bilboko Udalaren artean informazioa eskualdatzeko mekanismoak ezartzea eskatu du, betiere indarkeria matxistaren biktimen pribatutasuna erabat errespetatuz eta beraien baimenarekin.
Proposamenaren helburua da, salaketaren berri izaten den unetik, eta bide penalean salaketaren emaitza alde batera utzita, Bilboko Udalak jardun ahal izatea eta eskura dituen baliabideak emakumearen eskura jartzea, laguntza- eta jarraipen-lana egin ahal izateko.
Horren berri eman dute gaur Jone Goirizelaiak eta Alba Fatuartek EH Bilduko zinegotziek prentsaurrekoan. Bertan, azken hamarkadan bikotekideek edo bikotekide ohiek Bizkaian hil dituzten 16 emakumeak gogoratu dituzte, eta, bereziki, abenduaren 28an San Frantzisko auzoan bikotekideak hil zuen Rebeca Huayta.
Ildo horretan, gogorarazi dute Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak indarkeria matxistaren prebentziorako eta arretarako programa bat duela, indarkeria matxistaren biktima diren emakume bilbotarrei arreta integrala, espezializatua eta koordinatua eskaintzeko. Azaldu dutenez, Bilbon, 2021ean, 788 eraso matxista salatu ziren, baina programa horren bidez,
gizarte-arreta espezializatua 487 emakumeri bakarrik eskaini zaie, eta horietatik 262 bakarrik joan dira lehen aldiz. “Horrek agerian uzten du zerbaitek huts egiten duela eta ahaleginak areagotu behar direla indarkeria matxistari aurre egiteko eta emakumeei laguntza eskaintzeko”, azpimarratu dute.
Helburu hori betetzeko, aipatutako mozioa aurkeztu dute, izan ere, “ezinbestekoa” da “erakunde arteko lankidetza eraginkorra lortzea, administrazioek esku hartu ahal izan dezaten eta eskura dituzten baliabide guztiak jar ditzaten, indarkeria matxistako egoerei aurre egin behar dieten emakumeei laguntza eskaintzeko”.
Horri dagokionez, adierazi duenez, 2010ean Bilboko ertzain-etxearen eta Udalaren artean indarkeria matxistako kasuetarako lankidetza-protokolo bat onartuta dagoen arren, “hobetzeko tarte handia dago, eta, beraz, guztiz beharrezkoa da eguneratzea eta lankidetza hori justiziaren esparruetara zabaltzea, gure ekimenean proposatzen dugun bezala”.
Azkenik, mozioaren bidez, Bilboko Udalak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko dituen bitartekoak iragartzea ere eskatzen dutela azaldu dute; izan ere, egiaztatu dutenez, bilbotar askok ez dakite Udalak zerbitzu hori ematen duela.