Aurrekoan, Unai Iturriaga bertsolariak, txio-kexa zabaldu zuen sortzaileen egoera dela eta.Administrazio publikoak eragindako buruhausteak zituen hizpide, batez ere burokrazia eta fiskalitate gaietan; aspaldiko kexak izan ere. Administrazioen artean dagoen legeen interpretazioen kakanahasteak sortzaileen buru lehertzea dakar. Horrek sekulako intseguritatea sortuko dio sortzaileari bere lanean; eta, ez gutxitan, kobratzeko arazoak, halako edo honako prozedura bete ez duelako. Sasi-bide burokratikoetan, pertsona baten interpretazioaren arabera dago maiz bizitza artistikoa.
Kontalariok ere, bertsolarien antzera, ez leku administratibo burokratikoan aurkitzen gara, ez baitago ofizioaren definizio fiskal argia. Kontalaria idazlea da edo aktorea? Bere lanak BEZ dauka edo ez? Jardun Ekonomikoen zein epigrafetan ageri da? A, ez da ageri, orduan non sartuko dugu? Horren arabera BEZ izango du edo ez. Jakina, non eta ez den zure jarduna hitzaldi bat, ikastaroa, haurrentzat, helduentzat, kultur etxe batean edo ikastetxe batean. Bete beharreko baldintza fiskal elektroniko ulergaitzak; eta gainera, hango edo hemengo Foru Aldundiak kontuan hartu behar dira, eta, noski, Bilboko Udala. Eta Nafarroara bazoaz? Edo Iparraldera? «Aizu, Iparraldea Frantzia da legez, ezta? Orduan ze paper behar ditut?».
Bertsolariek, kontalariek eta, oro har, sortzaileek eta artistok benetan behar duguna da administrazio publikoak gure jarduna erraztu dezan, trabatzaileak izan gabe.
Irakurri Garan.