Derrigorrezko migrazio masiboak, beren ankerkeriekin eta pertsonen suntsitzeekin, ez dira egungo garaietara mugatzen, ezta leku geografiko zehatzetara ere. Mundu osoan gertatu dira eta garai guztietan.
Lehen Mundu Gerraren ostean piztu zen Greziaren eta Turkiaren arteko gudua. Gerra haren ondorioz, milioitik gora greziar kulturako pertsonak Turkia utzi behar izan zuten, Greziarantz abiatzeko. Greziatik Turkiarantz, berriz, 500.000 pertsona inguruk alde egin zuten. Greziara kanporatuek bizimodu latza izan zuten, auzo pobre eta baztertuetan hutsetik hasiz. Zoritxar latzetan, baina, izan ohi dira itxaropen izpiak. Bazterreko auzune horietan kultur arragoa piztu zen eta handik sortu zen egun Greziako musikaren adierazle garrantzitsuenetakoa: kantu Rebetikoa. Baztertuen kantua, egoera soziopolitikoaren bozgorailu, kartzela, pobrezia, drogak hizpide, jendartearen zokoetara bidalitakoen kantu bihurtu zen. Diktaduren debekua jaso zuen arren, bizirik iraun du gaur arte, bazterretik atera eta mugak zeharkatuz.
Musikarekin bezala, zenbat ipuin ez ote dira ibiltzen lurrean kondenatu direnen ahotan? Greziako lurretan hesien artean dituzten iheslari siriarrek ez ote dituzte euren istorioak kontatzen, nor diren ahantz ez dezaten? Sarraskituak diren palestinarrek kontatuko ote dizkiete ipuinak haur sarraskituei, beste errealitateak posible direla sinets dezaten? Kontagintza Rebetikoa asmatu behar ote dugu? Isiltzen den ahotsa inexistentziara kondenatuta dago.
Irakurri GARAn.