Bilboko EH Bilduren udal taldeak zuzenketa batzuk aurkeztu dizkio Emisio Baxuko Eremua arautzen duen Ordenantzari, “benetan erabilgarria izan dadin eta Bilbo osoaren eta bilbotar guztien bizi-kalitatea hobetzen lagun dezan”. Izan ere, gobernu taldearen proposamena “ez da benetan Bilbotik eta Bilborentzat pentsatutako ordenantza bat; eta bere helburu bakarra espedientea betetzea da, hau da, legeak eskatzen dituen gutxienekoak betetzea, eskaintzen digun aukera aprobetxatu beharrean”.
Bilbon eskainitako prentsaurreko batean, Maria del Riok eta Karlos Renedok, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak eta zinegotziak, hurrenez hurren, ordenantza honetan “kezkagarriak” diren hainbat gai mahai gaineratu dituzte eta hainbat irtenbide planteatu dituzte. Ildo horretan, azaldu duenez, gobernu taldeak proposatutako ordenantzan, Emisio Baxuko Eremua Abando-Indautxu barrutiari baino ez dagokio, eta, beraz, horrek “trafikoa hiriko beste eremu batzuetara eramango” duela uste dute.
Are gehiago, azaldu dutenez, mugikortasunean adituak direnek Campo Volantin eta Autonomia kaleetan izango diren trafiko-arazoez ohartarazi dituzte. Horrez gain, Zabalburu, San Frantzisko, Basurtu eta Deustu mugako auzoetan eta Bilboko Irala eta Boluetako sarbideetan izango dituen ondorioengatik ere kezkatuta agertu dira eta ez dituzte ahaztu Errekalde, Larraskitu eta Uretamendi bezalako auzoak, izan ere, horiekin “zor historiko” bat dago eta “ez zaio ordenantza honen bidez erantzunik ematen, aukera galduz”.
Hori dela eta, Maria del Riok adierazi du, zuzenketen bidez, proposatzen dutela nahitaezko jarraipen-txostenak modu bereizian aztertzea hiri osoko Emisio Baxuen Eremuaren mugakide diren kaleak, garrantzitsua baita mugako edo erreboteko efektua detektatzeko edo prebenitzeko neurrien eragina aztertzea.
Ildo beretik, airearen kalitatearen kontrola auzo horietara zabaltzeko eskatu dute, Emisio Baxuko Eremuan dauden Mazarredon eta Maria Diaz de Haron dauden geltokien bidez bakarrik egin beharrean, hau da, ordenantzan adierazten den bezala. “Bilbotar guztion bizi-kalitatea hobetzea izan beharko litzateke helburua, eta ez eremu jakin batekoa bakarrik, beste eremu batzuk okertuz”, adierazi du.
Del Riok azaldu duenez, EH Bilduri kezkatzen dion beste gai bat da sentsibilitate bereziko eremuena da, herritarren sektore zaurgarrienak, haurrak barne, ibilgailu motordunen zirkulazioak osasunean eragiten dituen inpaktuetatik babestera bideratutako eremuak, hain zuzen ere. Baina, tresna hori, kritikatu duenez, “ez da ordenantzan sartu ere egin”, eta horrek “beste behin ere agerian uzten du gutxienekoen ordenantza bat dela, ilusiorik eta anbiziorik gabe egindakoa”.
Beraz, zuzenketen bidez, EH Bilduk eskatu du sentsibilitate bereziko eremu horien diseinuan, eremu nagusirako ezarrita dauden baino neurri zorrotzagoak ezartzea, ikastetxeen (Cervantes, Indautxuko ikastetxea), osasun-ekipamenduen, ospitaleen eta adinekoen egoitzen inguruetan. “Gure zuzenketaren helburua kolektibo horiek babestea da, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea bilatuz, kutsadura, zarata eta ibilgailuen trafiko gutxiagorekin, oro har”, nabarmendu du.
Bestalde, Maria del Riok ordenantzak auzokideen eta txandakako aparkalekuen erabiltzaileen artean ezberdintasunak ezartzen dituela ohartarazi du. Horregatik, ibilgailu guztiei aplikatzen zaizkien baldintza orokorrak berdinak izatea eskatu dute, bizilagunekiko diskriminaziorik gabe. “Lortu nahi ditugun helburuekin bat etorriz, zonan txandakako aparkalekuaren eskaintza ez handitzea eta egoiliarrentzako aparkalekuak sustatzea proposatzen dugu”, azaldu du.
Horrez gain, hotelen kasuan, Emisio Baxuko Eremuan sartzea establezimendu horrek dituen aparkalekuei lotuta egotea eskatzen du EH Bilduk, “horrela, bizilagunen eta bisitarien arteko ezberdintasun egoerak saihestuz”.
“Azken batean, gure zuzenketekin gobernuaren proposamenean islatzen diren inkoherentziei irtenbidea eman nahi diegu, hiri osoko trafikoa murriztuz eta Bilboko auzo guztietako herritarren bizi-kalitatea hobetzen dugula ziurtatuz. Ordenantzak ematen digun aukeraz baliatu gaitezen”, nabarmendu du.
Irakurri EH Bildun.