Bilboko merkataritzak bizi duen egoera kezkagarriaren aurrean, EH Bilduk tokiko komertzioa izan du hizpide urtarrileko Osoko Bilkuran, eta hainbat ekimen aurkeztu ditu egungo testuinguruari irtenbideak eskaintzeko. Hori dela eta, Abandoko geltokian tokiko merkataritza-haztegi bat sortzea eskatu du, udal-lokalen sare bat martxan jartzea eta baita “Merkataritza eta eskolak” programa abiaraztea ere.
Maria del Rio EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak eta Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak gaur iragarri dituzte neurri eraginkor eta praktiko horiek. Bilbao Ekintzak 2022an egindako balantzearen datuak aipatuz Del Riok azaldu duenez, Bilbok 2.154 establezimendu galdu ditu 2008tik, hau da, 180 establezimendu urtean batez beste.
Bilbok 2008tik 2.154 saltoki galdu ditu, urtean 180 komertzio batez beste.
Egoeraz kezkatuta, konponbideak eskaintzeko proposamenak egin ditugu:
▶️Abandoko geltokian tokiko merkataritza-haztegia
▶️Lokal hutsak erabiltzeko udal lokalen sarea
▶️'Merkataritza eta eskolak' programa pic.twitter.com/zrkS8igREN— EH Bildu Bilbo (@ehbildubilbo) January 23, 2024
“2022an ere 111 establezimenduk itxi zuten, eta beherakadarik handiena izan ez den arren (2018an 232 galdu ziren), beheranzko joera berresten da”, adierazi du Del Riok egoera “larria” dela gaineratuz. Horren harira, Bilboko 2025eko Merkataritza Plan Estrategikoak hainbat puntu kritiko aipatzen dituela gogorarazi du, besteak beste, enpresa-parke komertzialen murrizketa, merkataritza elektronikoaren hazkundea, lonja hutsak eta elkarte-eredua indartzearen beharra.
Egoera horren aurrean, urtarrileko osoko bilkuran aipatutako mozioak aurkeztu ditu. Pereak adierazi duenez, Bilbon gero eta tokiko komertzio gutxiago izatearen ondorioz, “merkataritza-lonja hutsak dira gure kaleetako paisaia, horrek duen eraginarekin egungo merkataritzan eta auzoetako bizitzan”.
Horrela, EH Bilduk mozioa aurkeztu du udal gobernuari eskatuz behar diren jarduerak egin ditzala, ahalik eta azkarren, gure auzoak gizarte, kultura eta ekonomia aldetik dinamizatzen dituzten jarduera ekonomikoetarako alokairuak merkatuko prezioaren azpitik eskainiko dituen udal lokalen sarea abian jartzeko. “Tresna egokia izango litzateke ekintzaileei laguntzeko eta, aldi berean auzo biziak sustatzeko ekonomikoki zein sozialki”, azpimarratu du Pereak.
Abandoko geltokian merkataritza-haztegia
Bestalde, bigarren proposamenak hirian gazteen sormena eta espiritu ekintzailea bultzatzea duela helburu nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak. Horretarako, Abandoko tren geltokian tokiko merkataritza-haztegi bat ahalik eta azkarren martxan jartzeko beharrezkoak diren jarduerak burutzea eskatu du alderdi soberanistak.
Perearen esanetan, “funtsezkoa” da espazio aproposa eskaintzea beren proiektu berritzaile, berezko eta tokian tokikoei bizia emateko eta, horregatik, merkataritza-ekosistema bat sortzea proposatzen dute, hiriaren sarrerako eta irteerako ate nagusietakoa den Abandoko tren geltokian.
Ekimen hori gauzatzeko, Udalaren eta ADIFen arteko hitzarmen bat formalizatzea iradokitzen du EH Bilduk, Bilbao Ekintzak geltokian gaur egun hutsik dituen lonjak kudeatu ahal izateko. Instalazio horiek alokairu eskuragarriko erregimenean lagatzea proposatzen du, horrela gazte ekintzaileek beren ideiak garatzeko eta enpresa-ekimenak sendotzeko espazio fisiko bat izan dezaten.
“Proposamen honen bidez, tokiko merkataritzaren bitartez hirian berrikuntza sustatu nahi dugu hutsik dauden lonjak espazio aktibo eta produktibo bihurtuz, baina horrez gain, Abandoko geltokia bera erabilera anitzeko espazio gisa irudikatzen dugu ere. Modu horretan, elkargune izango da ideiak bateratzeko, enplegua sortzeko eta Bilboko ekonomia eta gizartea loratzen lagunduko duten proiektuak sendotzeko baita garapen iraunkorra eta tokiko nortasuna indartuz”, azaldu du. Gainera, Pereak zehaztu duenez, jadanik EH Bilduren ekimenez, aurrekontuetan tokiko merkataritza-haztegia sortzeko partida onartu zen, beraz, ekimen honen bidez pausoak eman nahi ditugu errealitate bihurtzeko.
Azkenez, hirugarren ekimenaren bidez, ‘Merkataritza eta eskolak” izeneko programa abian jartzeko eskatzen du EH Bilduk. Programa horren helburua da ikasleei hirian eta auzoetan errotuta dagoen merkataritza-sarea erakustea, lanbideak erakustea eta etorkizuneko bokazio profesionalak piztea, baita kontsumo kritiko eta arduratsuan heztea ere, hainbat jardueraren bidez, hala nola, bisita gidatuak auzoko dendetara edota kontsumo tailerrak.
“Azken finean, aurkeztutako neurriekin tokiko komertzioa sustatu nahi dugu, izan ere, praktika iraunkorrak sustatzen ditu, auzo nortasuna indartzen du eta auzokideen arteko lotura sakonagoa sustatzen du. Aukera hori transakzio soiletik haratago doa, eta bizimodu kontzienteago eta kolaboratiboago batekiko konpromisoa hartzen du”, azpimarratu dute EH Bilduko kideek.
Irakurri EH Bildun.