Kontatzen dakienak badaki hitza dela izendatzen duen hura. Ordea, batzuetan hitzak kontalariaren irudimenetik eta ahotik ihes egiten du, baita entzulearen belarritik ere. Edo norberaren ustearen bestelako zerbait izendatuko du. Hitzek euren bizitzaz eta esanahiaz erabakitzerik badutela aldarrikatuko balute bezala. Bizitzaren aniztasuna aldarrikatuko balute bezala. Eta kontatzen duenak badaki, batzuetan hitzekin ituñoak, itun txikiak, negoziatu behar direla, euren esateko nahia ere kontuan hartuz. Entzuleek ere, Altsasutik edonora, jakingo dute polisemiaren jolas horretan aritzen, lagunartean gordetzen diren sekretuen antzera.
Batzuetan, baina, ager daiteke norbait esanez diskriminatua sentitzen dela hitzen esanahiak ezagutzen ez dituelako; eta jolastean bere arauak, eta ez besterik, ezarri nahi dituena. Euskal kontu zaharretan norbait desagertzen denean “ez non, ez han”, esan ohi da. Triste hauen esamolde gustukoa litzateke, jakingo balute zer esan nahi duen. Ez non ez han nahiko lukete euren adierazteko askatasuna irudikatu nahi duena.
Ez dira ohartzen, ordea, hitzek beren bidea egiten dutela, urak zirrikituetan nola; euren bizitzeko grina erakutsiko dutela, nahieran. Eta hori geldiezina dela. Ez dute ulertuko inoiz zergatik ozenki eta alai esaten dugun katxiporreta!