Ukrainako guda amaituta, zer? Galdera moduan jarritako izenburu horrekin Joan Mari Belokik gerra horrekiko bere hipotesia azaldu zigun pasa den abenduaren 29ko BERRIAn. Bertan zera plazaratu zigun, Ukrainako armada kolapsotik oso gertu dagoela, dagoeneko puntu horretara iritsi ez bada.
Ausardia behar da halako hipotesia egiatzat emateko. Nik, aldiz, Ukrainako gatazka impasse gorabeheratsuan dagoela uste dut, eta zoritxarrez luzera joko duela, baldin eta Ukrainaren aliatuek huts egiten ez badiote eta bazterrean utzi. Orduan bai. Ukrainak (Davidek) ezingo lioke aurre egin Errusiari (Goliati). Baina, hipotesi hori ez da gauzatu oraingoz.
Hipotesiak hipotesi, benetan larria iruditzen zaidana da Beloki jaunaren pasartea amaieraz honakoa dioenean: «Noren esku geratuko da gudari amaiera ofiziala ematea? Gaur Zelenskiren esku dago. Bihar auskalo. AEBtako agintariak ordezkoa bilatzen ari omen zaizkio. Hala ere, bat ala beste izan, eseriko denak Errusia irabazlearen exijentziak onartu beharko ditu».
Ez nago ados horretan ere. Iritziak iritzi, badago gerra bukatzeko beste modu bat askoz zuzenagoa, demokratikoa. Inbaditzaileak, alegia, Errusiak, Ukrainatik alde egitea. Errusiak hasi zuen gerra eta beraiei dagokie bukatzea. Nik bat egiten dut Boris Kagarlitski errusiar disidente kartzelatuak dioenarekin: «Putinen erregimena kriminala da, Ukrainaren inbasioa kriminala da, ez dago justifikaziorik horretarako, eta horren aurka egin behar da». Belokik dioena errenditzea litzateke, eta kitto. Hori da nahi duzuna?
Belokiren artikuluan azaltzen den panoramikarekin, akabo gaur ezagutzen dugun Ukraina: «Krimea, Luhansk eta Donetsk dagoeneko Errusian txertatu dira betiko. Zaporozhia eta Kherson Errusiaren baitan geratuko dira sarri. Odesa, Kharkov eta beste hainbat eskualdek ere ia ziur hala bukatuko dutela».
Eta hori, ikuspegi demokratiko eta internazionalistatik, desastre hutsa litzateke. Alegia, inperio batek (ala Errusia ez al da inperioa?) herri ahulagoa inbaditzea aitzakia (desnazifikazioa eta desmilitarizatzea?) barregarria dela medio, berau zilegitzeari eta txalotzeari harrigarria deritzot autodeterminazio eskubidea defenditzen dugunon aldetik. Edo norbaitek pentsatzen du Putin etxean otso eta kanpoan uso izango dela? Galdetu diezaietela txetxeniarrei, LGTBI+ komunitateari edota errusiar disidenteei.
Bestalde, AEBak dauzkagu beti atzetik. Honako hau diosku Belokik: «AEBek lortu al dute helburua? Zigorrekin Errusiaren ekonomiak krak egitea espero zuten, Putin gobernutik botatzea, Errusiako Federazioa bost puskatan haustea, bertako gobernu berriak lagun egin eta aurrerantzean bertako ondasunak eskuratzeko erraztasunak izatea». Nik uste horiek ez direla NATOren benetako asmoak. Arriskutsuegiak ez ezik, ez lirateke oso errealistak. Gauza bat da NATOk Errusia estutzea, kikildu eta otzandu nahi izatea eta oso bestelakoa, Errusia goitik behera amildu nahi izatea, gerra nuklearraren arriskuari aurre eginez. AEBek Errusia desegiteko asmoa balute, ez lirateke mugatuko Ukrainari laguntzera, beste ofentsiba mota burutuko lukete.
Dena den, galderari buelta eman diezaiokegu: Errusiak bete du bere helburua? Belokiren hipotesia burutuko balitz, bai, jakina. Alabaina, Europari begira jartzen bagara, esan beharko dugu Errusiaren asmoa Ukraina inbaditzerakoan NATO ahultzea edo aurre egitea baldin bazen, justu kontrakoa lortu duela: Finlandia, Suedia, tradizionalki estatu neutralak zirenak, NATOn sartu dira, aurrekontu militarrak eta militarismoa indartu dira, eta hibernazio prozesuan zegoen NATO berpiztu da, gure zorigaitzerako. Putinen gerra opari bat izan da inperialismo estatubatuarrarentzat, NATO indartu eta zilegitu baita ia Europa osoan.
Nik uste, Ukrainaren balizko porrota, Ukrainako herriarentzat, Errusiako eta Bielorrusiako herrientzat, kaltegarria izateaz gain, nabarmen zailduko lituzkeela Europan gizartea eraldatzeko aukerak. Bloke militarrak indartzera eramango luke, berrarmatze orokortura, eta emantzipazioaren alde borrokatzen direnen aldekoa izango ez litzatekeen liskar-aldi batera. Putinen aldekoa den eskuin muturra hauspotuko luke. Aitzitik, Ukrainaren garaipen politikoak (militarra baino) «herrien udaberria» ekar lezake eskualdean.
Nire desioa litzateke Ukraina independente, burujabe eta demokratikoa gauzatzea, non izaera nazional desberdinek (ukrainar soilak eta errusiar-ukrainarrak) bere tokia aurkitzen duten, errepublika federal gisa. Bere burua bloketik kanpo kokatua, neutrala eta ez lerrokatua Errusia edo NATOren baitan. Nazio Batuaren babesean baizik. Hots, nire herriarentzat desio dudana desio diot ukrainar herriari.
Irakurri Berrian.