Alternatibako Mahai Internazionalistak argitaratutako artikulu hau Ukrainiaren inbasio errusiarrak Euskal Herrian izandako ondorioak hiru artikuluz osatutako bilduma batean aztertzen ditu, hau lehenengo partea izanik.
2022ko otsailaren 24an astetan zehar Ukrainiaren gain irudikatzen ziren mamu guztiak errealitate bihurtu ziren. Hiru urte betetzen dira Gobernu Errusiarrak gatazka hurrengo fase batera eraman zuen egunetik. Ukrainiaren gainean eskala handiko operazio militar bat jaurti zuenetik. Potentzia kapitalistek Ukrainian guda eginez ebatziko zituzten euren arteko tirabira inperialistak. Hiru urte hauen ostean guda honek milaka hildako, 6.7 milioi errefuxiatu eta herrialde suntsitu bat utzi ditu. Boteretsuen arteko gatazkak langile-klasekook ordaintzen ditugu, eta Ukrainian esaldi hau adierazpen gorenenera eraman da. Europan ere guda honek ondorioak izan ditu. Diskurtso sekuritistak areagotu dira eskubideak murriztuz, bizitza garestitu egin da eta eskuin muturra gorantza doa olatu militaristaren gainean. Donald Trumpen bigarren agintaldiarekin bake prozesua hasi egin da. Hau Estatu Batuen eta Errusiaren arteko negoziaketan emango da, Ukrainiaren edota Europar Batasunaren iritziak aintzat hartu gabe. Guda honen bake prozesuak nazioarteko ordena dardarka utziko du, eta bistan da Euskal Herrian ere dardara hori nabarituko dugula.
Ezin da ahaztu gatazka hau ez zela hasi 2022ko otsailean, 2014ko otsailean baizik, Europar Batasunak eta Estatu Batuak Euro-Maidanen estatu kolpea bultzatu zutenetik. 2014tik 2022ra Mendebaldeak babestutako Ukrainian oinarrizko eskubideak sistematikoki urratu egin dira. Ukrainiar Gobernuak 2014ko maiatzean Odesako 48 langile Sindikatuen Etxean erre zituztenean, sarraskia egin zuten eskuin muturreko taldeak defendatu zituen. Gerora ezkerreko alderdiak ilegalizatu egin dira eta egondako gobernu desberdinek eskuin muturreko eta talde neofasxisten sustengua jaso dute. Garai honetan Ukrainian desberditasun sozialak, miseria eta korrupzioa areagotu dira, Europako haurtxoen salmenta erdigunean bihurtu artean haurdunaldi subrrogatuaren bitartez. Bestalde, Errusiak 2014ko martxoan Krimea anexionatu eta Donetsk eta Luhanskeko errepublikak sustengatu zituen, 2022an anexionatu zituen arte. Azken hiru urte hauek gudaren fase berri bat dira, non Errusiak legedi internazionala urratuz Ukrainiaren subiranotasuna zanpatu duen.
Mendebaldeko blokearen mugimenduak tamalgarriak izan dira azkeneko hamarkadetan. 1999tik aurrera NATO kideak gehitzen joan zen Europako ekialdean, eta 2014an pieza baliotsu bat gehitzeko aukera ikusi zuen. Hala nola, Catherine Ashton, EBren Nazioarteko Goi-Ordezkaria, eta, Victoria Nuland AEBren Politika Gaietarako Estatu idazkariordea, Maidaneko protestak hauspotzen agertu ziren Kieven. OTANek Maidaneko erregimenak Donbasen egindako krimenak babestu ditu eta Ukrainiar Gobernuak Minskeko akordioak bete ez dituenean beste ez ikusiarena egin du. 2022ko inbasioaren lehenengo asteetan Mendebaldeko agintariek Ukrainia eta Errusiaren artean Istanbulen itxitako bake akordio bat gelditu zuten. Kieveko Gobernuari euren interesak armen bitartez defendazea ezarri zioten, negoziaketa albo utziz. Hiru urte gerora ikusi da Ukrainiarentzat Boris Johnson, Biden, Macron eta Von der Leyenen militarismo sutsua jarraitzea zer suposatu dion; milaka hildako, hondamendi humanitarioa, hamarkadetarako pobretutako ekonomia eta lurraldearen %20 galdu duen herrialde bat.
2025 honetara etorrita, ikusi beharko da zeintzuk diren AEBren eta Errusiaren artean gudarekin amaitzeko akordioak. Baina badago argi gauza bat: Ukrainia eta Europar Batasunak ez dute ezer onik aterako hartatik. Eserlekua izan edo ez. Tamalez Europako herritarrok elite inperialisten hutsak ordaindu beharko ditugu. Estatu Europarren asmoa defentsan gastua areagotzea da. 2024an Europa Batasuneko Komisioak Defentsarako Industria Estrategia Europar Berria argitaratu zuen. Honetan Batasunaren aurrekontuen 1.500 milioi euro urtean armagintzan inbertitzea ezartzen da. Honek hiritarrotan eragin zuzena izango du, armetan inbertitzen den dirua ongizate planetatik eskuratu izan ohi direlako. Euskal Herrian bertan ere badira diru hots honek mugituta proposamen militaristak plazaratzen dituztenak, Zedarriak foroa bota dituenak bezalakoak.
Hiru urte hauek Euskal Herrian ere nabaritu izan dira. Komunikabide atlantistetatik propaganda militaristaz bonbardatu gaituzte, gure gizartea guda egoera psikologikoan murgilduz. Gudaren parte egin nahi izan gaituzte. Sareetan adierazpen askatasunaren errepresioa eman da. Bizitza garestitu ere, otzara betetzea zailago eginez, eta, erregaiak zein energiaren prezioa gudan justifikatuta igoz. Eskuin muturrari hegoak eman zaizkio, neo-nazien ideologia eta estetika dauzkaten taldeak han eta hemen babestuz. Oro har, hiru urte ostean gudak krisian dagoen sistema kapitalista agortu baten sintomak areagotu ditu, eta zoritxarrez garai ilunagoak datozela sumatu ahal da. Honen aurrean Euskal Herriak gerraren aurkako apostua behar du. Segurtasuna biolentziaren monopolioaren terminoetan eraiki beharrean, ezkerrak Giza Segurtasunagatik egin behar du apostu. Biolentzia egoerak, ongizate sistema zabal bat eraikiz, desberdintasunak ekidinez, eta, elkar bizikidetza sustatuz prebenitzen da. Ezaba ditzagun guretik gorroto diskurtsoak, militarismoa eta pentsamolde patriarkalak, gatazkara bideratzen baikaituzte, eta honek, hondamendira.
Alternatibako Mahai Internazionalista