Jatorri eta eremu ezberdinetatik eratorriko gazteak izanik ere, gaur hemen aurkitzen garen gazteak zapalkuntza bera jasaten dugu. Hemen gaudenok etxebizitza duin bat eskuratzeko aukerarik ez daukagun gazteak gara, gure etorkizun laboralean argirik ikusten ez dugun gazteak, gure ikasketak aurrera eraman ahal izateko bermerik ez dauzkagunak edo kontsumora bideratutako aisialdi eredua kontsumitzera kondenatuak gaudenak. Askatasunez adierazteko eta antolatzeko eskubideak ere bermatuak ez dauzkagun gazteak gara.
Adibide guzti hauek gazteontzako etorkizun beltza baino ez digute erakusten. Etengabeko eskubideen urraketa da gazteok jasaten duguna. Emakume gazte bezala zapalduak gaude, ikasle zein langile bezala, edota euskaraz bizi nahi dugun gazteon eskubideak ere urratuak zaizkigu. Instituzioetan ez daukagu ahotsik, eta gure iritzia ez da inoiz kontutan hartzen. Gugatik erabakitzen dute, baina ez dute gugatik sufritzen. Aterabidea eman behar zaion larrialdi egoera da jasaten duguna.
Horregatik, konponbiderako garaia heldu da, aurrea hartzeko momentua, indarrak bildu eta gure ahotsa entzunarazteko garaia. Gure eskubideen errespetua exijitzeaz harago, dauzkagun alternatibak garatzeko unea heldu da, gure bizi baldintzak hobetzeko dauzkagun proiektu errealak aurrera eramateko unea, gazte ahotsa berreskuratzeko unea. Independentzia da gure proiektua, gure etorkizuna guk eraikitzeko formula, eta BILDU da gure tresna. Instituzioak gazteoi irekiko dion tresna, Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta soziala ahalbidetuko diguna, ezkerreko perspektibatik oinarri aurrerakoietan eraikitako aldaketa.
Independentzia behar dugu gazte askeak izan nahi dugulako, askeak izango garelako, askeak, zelan antolatuko garen erabakitzeko, gazteon sorkuntzari bide emango dioten espazioak autogestionatzeko. Gazteontzako lan baldintza duinen alde lan egingo dugu, hauek lortu arte. Herri eta hiri jasangarriak eraikiko ditugu, bertako kale eta zelaiak herritarron beharrizanen arabera erabiliz. Gure sexualitatea era askean bizi eta adierazi nahi dugu, honengatik irainduak edota erasotuak izan barik. Kaletik aske ibiltzeko bermea lortuko dugu, emakume eta gaztea izateagatik sentitu dezakegun beldurra alboratuz.
Euskaraz bizitzeko hautua egina daukagun gazteak gara, horretarako gure hizkuntza sustatuz eta erabiliz. Ikasleok gure ikasketak euskal kurrikulumaren baitan burutzea lortuko dugu, hezkuntza euskaldun eta dohako baten alde lan eginez. Herritik eta herriarentzat sorturiko jaiak bultzatuko dituen eredu partehartzaile eta herrikoia hedatuko dugu. Gazteon hitza eta erabakia berreskuratzeko prest gaudelako.
Guzti honengatik, BILDU da gure aukera bakarra. Aukera gaztea, gure aldarrikapenak instituzioetara eramateko gazteon tresna berria, gazteon ahotsa berreskuratzeko aukera. Aurreikusi dezakegun etorkizun beltzari buelta emateko alternatiba erreala daukagu BILDU, bide luzea egiteke daukan alternatiba, berria eta ezberdina, denok osatzen dugun alternatiba alegia.
Beraz, etorkizun hobe bat eraiki nahi duten gazte guztiei deitzen diegu indarrak biltzera, independentziaren alde apustu egitera, BILDU bozkatzera. Era berean, hurrengo larunbatean, maiatzaren 14an, Barakaldoko BECen burutuko den ekitaldi nazionalean parte hartzeko deia luzatzen diogu euskal gazteriari. Euskal Herriaren geroa garelako, hain beharrezkoa zaigun aldaketa politiko eta soziala bermatuko duen indarra garelako, hurrengo igandean, maiatzaren 22an, entzun dezatela gure oihua, independentziaren bidean, bete ditzagun ilusioz eta kolorez hautestontziak!