Juan Mari Arregi
Argia
Bilduren hauteskundeetako garaipenak ilusio handia sortu du orain arte “euretakoei” bozkatzea eragotzi izan zaion gizartearen zati batean. Baina ardura ere sortu du gainerako alderdi politikoen kupuletan, sektore ekonomiko eta finantzarietan, eta beraien hedabideetan. Gehien arduratzen diena independentismoaren aurrerakada den arren, beldurra dute Bildurekin arriskuan leudekeelako proiektu estrategikoak: fiskalitatean eta finantzetan (kutxen fusioa) erreformak, AHTa, Pasaiako kanpo portua, erraustegiak… Politikarien eta lobby-en kezkak erakusten du zeinen zerbitzura egon diren proiektu estrategiko horiek.
Beharrezko herri kontsultarik gabe erabakitakoak izateaz gain, ez dira gehiengo sozialaren zerbitzura egon, langile klasearen eta herri sektoreen zerbitzura, baizik eta talde ekonomiko, enpresari eta finantzari zehatzen interesen zerbitzura. Gure herriaren egituratze ekonomiko, sozial eta nazionalaren alde ere ez dute ezer egin proiektuok.
Bilduk sorpresa eman du herritarren babes handia jaso duelako, eta orain berriz ere sorpresa emateko ardura du baliabide publikoak kudeatzeko gaitasuna duela erakutsiz: irmotasuna azalduz bere helburu estrategikoak (sozialak eta nazionalak) mantentzeko, eta malgutasuna adieraziz epeak eta exekuzio denborak negoziatzeko. Bilduk, udalak eta aldundiak gobernatzeko eskubidea eta aukera du, eta sorpresa eman beharra dauka bere kudeaketan gardentasuna eta zorroztasuna erakutsiz. Udal handietako eta aldundietako zinegotzien eta goi karguen soldata milioidunak murrizten hastea ona litzateke kudeaketa eredugarriaren lehen neurri gisa. Bilduk sorpresa eman beharko luke proiektuen inguruan herritarren borondatea errespetatuz eta horretarako herri kontsultak eginez. Bilduk aukera dauka demostratzeko badagoela gobernatzeko beste modu bat, langile klasearen eta herri sektoreen zerbitzura, eta ez enpresari, bankari eta finantzari gutxiengoaren zerbitzura.
Irudia: Kenjyis