Zuriñe Gaintza, Joseba Gezuraga eta Asier Vega Bilduko Bizkaiko batzarkideak
Bildu Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik kanpo utzi du EAJren Bizkai Buru Batzarraren erabakiak. EAJk Mahaiaren hiru eserleku bete ditu astelehen honetan, PPk eta PSEk gainontzeko biak lortzeko akordioa egin duten bitartean. Gipuzkoan, aldiz, Bilduk gehiengoa izan arren – EAJk Bizkaian beste batzarkide ditu- Batzar Nagusietan ordezkaritza lortu duten bost alderdiak Mahaian egotea sustatu dute. Araban ere, herritarren babesa jaso duten bost alderdiek izan dute ordezkaritza BBNNetako Mahaian. Nafarroari dagokionez, Bildu Parlamentuko Mahaitik kanpo uzteko ahalegina egin du UPNk baina ez du bere asmoa lortu. Argi dago, beraz, Jose Luis Bilbaoren EAJk UPNren hauteskundeetako emaitzekiko mespretxu bera erakutsi duela, Bildu zokoratzeko orduan UPN bera baino eraginkorragoa izan bada ere.
Mahaiak epaile eta antolatzaile lanak egiten ditu Batzar Nagusietan. Mahaiak erabakitzen du ze gai jorratuko diren Batzorde eta Osoko Batzarretan. Mahaiak erabakitzen du zein gaik duen Osoko Batzarrean eztabaidatzeko garrantzia edo zer nolako gaiak diren premiazkoak eta zeintzuk ez diren berehala eztabaidatu beharrekoak. EAJk Bizkaiko hauteskundeetan lortutako bozen %37a Mahaiaren %60az jabetzeko erabili du, bozen %21a mahaitik at utziz. Honetarako, Bizkaiko BBNNetako araudi zaharkitua erabili du, demokraziaren alde egin beharrean elite baten esku boterea kontzentratzea ahalbidetzen duena. Hala, EAJ izango da Batzar Nagusietako epaile bakarra, eta epaile bakar horrek oposizioak aurkeztutako edozein proposamen Bizkaiko Foru Aldundiak nahi bezala maneiatuko du. Urkulluk denbora politiko berri bat aldarrikatzen du, baina bere jokabideak kontrakoa adieraztean du.
Oposizioaren lana Aldundiaren jarduna kontrolatu eta zuzentzean datza. Batzar Nagusiak horretarako daude, baina EAJren azpijoko bidegabeak Bilduren betebeharra mugatzeko aukera ematen dio, kontrol zein zuzenketei uko egiteko aukera izango baitute jeltzaleek. Zortzi urtez harrokeriaz gobernatu du Bilbao jaunaren Aldundiak eta, seguruenik, harrokeria horren ondorioz Bizkaiko bigarren indarra baztertu nahi izan dute, Mahaian ez dagokion gehiengoa edukitzeko eta inork kontra egin ez diezaion. Bizkaiko Batzar Nagusietako aniztasuna Mahaian islatu beharrean, nahiago izan du honen kontrola PPrekin eta PSErekin partekatzea, Bildurekin baino askoz erosoago sentitzen baita adiskide horiekin.
Batzar Nagusietako Mahaiaren beste eginkizunetako bat da alderdi bakoitzaren liberazio-kopurua eta batzarkideen soldatak zehaztea. Bilduren programak murrizketak proposatzen ditu, bai liberazio zein soldata edo dietetan, baina erabaki horiek EAJk, PSEk eta PPk adostu eta hartuko dituzte Mahaian. Eta argi dago hiru alderdi horiek ez dituztela Bilduk proposaturiko murrizketak onartuko.
Bildu bigarren indarra izan da Bizkaian hauteskunde hauetan. Koalizioa ordezkatzen dugun gizon-emakumeok erantzukizunez eta gogotsu egingo du lan, Bilduren proposamenak aldaketa politiko eta soziala aurrera eramateko, bai BBNNetan zein Udaletan. Bilduk berea egiten du herritarrek emandako normalizazio eta aro politiko berri baten agindua, antzinako jarrerak gainditzeko desioarekin. EAJk Bildu mahaitik kanporatzea ez ote da iraganeko adierazlerik nabarmenena?