Ia urtea joan da, milaka emakume hemen bertan eta Euskal Herriko plazetan eta txokoetan elkartu ginenetik. Berdintasuna erdiesteko sentimenduak eta aldarrikapenak batu gintuen, berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko bidean urratsak emateko sentimenduak eta nahiak batu gintuen. Guretzat eta gure ondorengo belaunaldientzat jendarte eta herri hobea eraikitzeko nahiak batu gintuen. Iaz hemen gertatu zena denbora askoan gogoratuko dugu. Mobilizazio, aldarrikapen eta batasun ariketa indartsua izan zen.
Iaz inoiz baino indartsuago azaleratu zen sentimendu hori berriro ere kalera aterako da martxoaren 8an. Jendarte honen egiturazko arazoak konpondu gabe jarraitzen dutelako. Eta gure gainean mehatxu berriak ditugulako, eta horiek behar bezala neurtzen eta erantzuten jakin behar dugu. Mundua, Europa eta Espainiako estatua zeharkatzen ari den olatu autoritarioa mehatxua da azken hamarkadetan kalean, lantokietan, instituzioetan eta jendarteko esparru guztietan egindako borroken bidez lortutako eskubideentzat. Hain justu, gu geu, emakumeok gara olatu antidemokratiko eta autoritario horren jo-puntu nagusietako bat. Etxean nahi gaituzte, eskubiderik gabe. Egun garena baino okerrago nahi gaituzte, bigarren mailako herritar bezala nahi gaituzte. Baina izan dezatela argi: ez dugu onartuko eta merezi duten erantzuna emango diegu.
Martxoaren 8rako mugimendu feministak deitutako greba aukera ezin-hobea da horretarako, eta baliatzen jakingo dugu. Alternatiba eta EH Bilduko emakumeok agente aktiboak izango gara greba feministan. Gure eguneroko ohiko jardun politikoa etengo dugu egun horretan, baina beste milaka emakumerekin batera, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako jendarte eta herri eredua eraikitzeko lanean eragingo dugu.
Emakumeok ondo dakigu berdintasunaren aldeko eta jendarte justuagoa eraikitzeko lana egunero egin beharra dagoela eta esparru guztiei eragiten dien zerbait dela. Horretan ari gara egunero instituzioetan. Proposamenak ditugulako emakumeen eta herritar guztien bizi eta lan baldintzak hobetzeko, soldata arrakalarekin amaitzeko, indarkeria sexistarekin amaitzeko, lan kontziliazioa hobetzeko…
Zailtasun handiak ditugu nahiko genukeen abiaduran aurrera egiteko, emakumeen eskubideak babestu eta aurrera egiteko bestelako politikak indarrean jarri ahal izateko gehiengo politiko nahikoak biltzea beti delako zaila. Baina, horrez gain, indarrean dagoen marko instituzional zentralistak ezarritako trabei ere egin behar diegu aurre, nahi genukeen abiaduran eta norabidean aurrera egitea galarazten digulako. Gure herriarentzat estatus berria erdiesteko lanean jarraitu beharra daukagu, horrek aukera emango digulako herri honen gehiengo politikoak eta sozialak indarrean jarri nahi dituen politikak lantzeko, mugimendu feministak hamarkadetan egindako aldarrikapenak jasotzen dituztenak ere bai.
Horregatik guztiagatik, berdintasunean oinarritutako jendartean eta herrian sinesten dugulako, autoritarismorik gabeko herria nahi dugulako, bigarren mailako herritarrak izateari utzi nahi diogulako, Alternatiba eta EH Bilduko emakumeok bat egiten dugu martxoren 8ko greba feministarekin eta egun horretan kalean izango diren aldarrikapenak gauzatzeko eragile aktiboak izateko gure konpromisoa berresten dugu.