Lerrook idatzi orduko, bukatzear dago martxoaren 8ak utzi digu egun historikoa. Baina iaz gertatu bezala, jasotako uztak beste urtebetez borrokatzeko indarrak emango dizkigu. Bilbon, Bizkaian, Euskal Herrian… Emakumeon olatuak kaleak zipriztindu ditu, gure oihuek beldurra hautsi eta aldarrikapen feministek mundua geldiarazi dute. Ospatzeko eguna beraz, bihar lanera bueltatuko garen arren.
Jakin badakigulako bihar, eguna argitu orduko, desberdintasunak bere horretan iraungo dutela: Emakumezkoen eta gizonen arteko arrakalak, soldatetan zein lana edota zaintzaren banaketan; sexu indarkeria eta erailketa matxistak; kristalezko sabaiak, bazterkeria, gutxiespena, justizia eza… Gaurkoan milaka eta milaka lagunekin batera kalera atera izanak, alabaina, guzti horri aurre egiteko tresna gehiago eta berriak eman dizkigu. Izan ere, banan-banan txiki, handi eta erraldoiak izan gaitezke; baina elkarrekin, zalantzarik ez izan, geldiezinak gara.
Zaila zen 2018an lortutakoa errepikatzea, eta lortuta ere, nekez eman zitekeen orduan sentitutako zirrara, dena berria zelako greba deialdia zela medio: kaleak lepo betetzea, piketeak, askotariko emakumeak elkartzea -lehenengo aldiz asko eta askoren kasuan-, zalaparta mundu osoko hedabideetan… Eta aurtengoan, ezusteko gutxiagorekin beharbada, baina guzti hori gainditzea lortu dugulako benetan pozik eta harro egon gaitezke.
Inpaktu askoz zabalagoa izan baitu lanuzteak: hezkuntza munduan, osasungintzan (gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren), sektore desberdinetako saltokietan (posta bulegoak itxi egin dira ere) eta komunikabideetan. Eusko Legebiltzarrak, lehenengo aldiz, jarduera eten egin behar izan du, legebiltzarkideen erdiek (PPko emakumeek ez beste guztiek) kale egin dutelako. Espainiako Erresuman ez bezala, hain da indartsua gure mugimendu feminista, euskal eskuina greba babestera eraman duela. Haien koherentziaz asko esan genezake, edota Ebrotik hegoaldera eskuin espainiarrak asmatutako feminismo liberalaz, baina ez dator gaurkoaren harira.
Lorpenik handiena, berriz ere, adin, jatorri, maila eta arraza desberdinetako emakumeek bat egitea izan da, gazteenetik hasita eta pentsiodunekin amaituz. Ahizpatasuna bidaide, harresirik altuena ere gainditzeko gai izango garela sinetsi dugu; elkarrekin mugarik izango ez dugula. Eta badira garaitu beharreko oztopo ugari guztiak libre izan arte. Munduan diren zapalkuntza forma desberdinei erantzun bateratua ematen dien iraultza eraldatzaile bakarra baita feminismoa. Hartara, gu guztiontzat, emakume zein gizon, etorkizunik badago, borroka feministaren eskutik etorriko da. Jai dugu bestela.
Alba Fatuarte – Alternatiba
Bilboko Uriola-n argitaratua