Itzultzailea ez naizen heinean, ezta hizkuntzetan aditua ere, askotan zalantza ugari sortzen zaizkit zenbait hitz aukeratzeko orduan, eta, bereziki, zenbait hitzen sinonimoak bilatzerakoan. Oraingoan, arazoak izan ditut gaztelerazko «convivencia» eta «coexistencia» izenekin, arrunta baita biak «bizikidetza» bezala izendatzea. Dena dela, bizikidetza terminoa askoz ere zorrotzagoa da; batzuetan gauzaezina dirudien helburua.
«Koexistentzia», aldiz, aldi berean egotearen edo aldi berean izatearen baliokidetzat hartu ahal da. Hau da, herri edo auzo batean koexistentzia jendartean egoteko modu nagusia denean, esan dezakegu inguru horretan ez dagoela etsaitasunik edo lehiarik. Beraz, elkarri eraso ez egitea eta errespetu pasiboa, besterik ez dago. Egoera hori, txarrena ez bada ere, ez da desiragarriena. Aproposena «bizikidetza» bultzatzea izango litzateke; hortaz, pertsonen arteko interakzioa indartzea, elkarrekiko errespetua eta arau komun zein iritzi eta bizimodu ezberdinen onarpena lantzea. Horrek ez du esan nahi egoera eredugarri horretan gatazkarik piztuko ez denik. Are gehiago, esango nuke gatazkak naturalak eta ezinbestekoak direla, horietatik aldaketak eta hobekuntzak sortu ahal direlako. Alabaina, horiek modu eraginkorrean kudeatzen ikasi behar da, eta horretarako ezinbestekoa da harremanak sendotzea eta elkarren ezagutza nahikoa izatea.
Ohikoa izaten da gure artean bizikidetza arazoak bakegintza terminoari lotzea, baina agerikoa da ditugun arazoak askotarikoak direla. Zenbait auzotan gizarte kohesio falta nabarmena da, gizarte sareak ez dira nahikoa estuak, jatorri aniztasuna ez da behar bezala kudeatzen, arazo sozioekonomikoak argiak dira, beharrezko zerbitzuen gabezia izaten da… Kontua da, zer egin egoera horren aurrean? Erantzuna ondo egokitu behar zaio testuinguruari eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa da; dudarik gabe, erronka handia, baina egingarria. Horretan dabiltza, esaterako, Sestaoko Txabarri auzoan. EH Bilduren urteetako bultzadaren ostean, elkarrekin egotetik bizikidetzara igarotzeko plana onartu berri da.