Jone Goirizelaia Bilboko alkategaiak, Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak eta Alba Fatuarte zinegotziak agerraldia egin dute gaur Altamiran, ia ehun pertsonentzat ostatua ematen duten neguko aterpetxeen itxiera salatzeko. Adierazi dutenez, Udal gobernuak “ez ditu bere politikak Bilboko kaleetan lo egitera behartuta dauden pertsonen errealitate aldakorrera egokitu, hauen kopuruak gora egiten duen bitartean”.
Gure kide Alba Fatuartek gogoratu duenez, neguko aterpetxeen itxierari bestelako kasu gehiago gaineratu behar zaizkio, mantenu lanak direla eta Uribitarteko GHEUZ-aren epe baterako itxiera edota hurrengo hilabeteetan Bilbora helduko diren baliabiderik gabeko pertsona migranteen hazkundea, kasu”. Itxiera hauek etxerik ez duten pertsonengan eragin nabarmena izango duela konbentzituta dago Fatuarte: “Etxerik gabeko pertsonen errealitatea aldakorra da, profil eta errealitate berriak agertu dira, eta etxerik ez dutenen kopuruak gora egin du nabarmen azkenaldian”.
“Egoera honen aurrean, Udal gobernuak ez du inolako aldaketarik edo konponbiderik eskaintzen, ez ditu baliabideak handitzen. Eta egin dutenean, inprobisazioaren ondorio izan da, edota EH Bilduk eskatuta, Uribitarteko GHEUZeko neguko aterpetxeko plazak urte osora luzatzea erabaki zuen kasuan, esate baterako” adierazi du EH Bilduko zinegotziak.
“Lehen eta bigarren mailako pertsonak”
Bilboko EH Bilduko alkategaiak, Jone Goirizelaiak, hitza hartu du horrelako gertaerak gogor kritikatzeko: “honek argi uzten du lehen eta bigarren mailako Gizarte Zerbitzuak ditugula Bilbon, eta hortaz, Udal Gobernu honentzat lehen eta bigarren mailako pertsonak daudela hirian”.
“EH BIlduk argi dauka babesgabetasun egoera larrian dauden pertsonak direla zerbitzu egokienak jaso behar dituztenak. Baina Udal Gobernu honek ez ditu pertsonak eta haien beharrak lehenesten” salatu du Goirizelaiak. Ironia bide, alkategaiak Udalak erabilitako argudioak kritikatu ditu: “kasu honetan, aitzaki ´peregrinoak´direla esango nuke, Donejakue bidea egiten ari diren erromesei tokia egin behar diotela izan delako Gobernuaren aitzakia”.
Bide beretik, Goirizelaiak argi utzi duenez “udalaren lehentasun nagusia Bilbon babesgabetasun egoeran dauden eta etxebizitza gabe dauden pertsonak izan behar dira. Inor baztertuko ez duen Bilbo bat eraiki nahi dugu”.
Egoeraren inguruko agerraldia eskatu zuen pasa den astean EH Bilduk, eta bertan talde soberanistak gaur kalean geratu diren pertsonei eta Bilbon, oro har, etxebizitzarik ez dutenei ostatua ematea eskatuko du.