Laura Gomez > Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria
Artikulu honen helburua da hausnarketa batera hurbil gaitezen, alegia, emakumeen aurkako indarkeria matxista birkontzeptualizatzen utzi behar diguten elementu batzuei buruzko hausnarketara, hartara ikusgai jar daitezen indarkeria horren gainean ikusezin dauden beste diskurtso eta beste egia batzuk. Ez dago horri guztiari buruzko azterketa sakon bat egiterik artikulu honetan, baina badira gai batzuk heltzeko modukoak, hala nola: indarkeria hori gertatzeko eta ugaltzeko bidea ematen duten egiturazko baldintzak; zatia eta osoa jakinaren gainean elkarrekin nahasteari uztea, hau da, indarkeria mota batzuk, larriak eta handiak izanda ere –tratu txarrak, esaterako–, emakumeen aurka dagoen indarkeria osoa edo ia osoa balitz bezala ulertzeari uztea; edota etengabe ikustaraztea emakumeak biktima gisa eta ez subjektu aktibo gisa, beren bizitzaren eta beren askapenaren protagonista modura.
Indarkeria birkontzeptualizatu behar horrek lehentasuna du. Izan ere, argi-itzalen joko horretan, itzalean gelditzen denak izateari uzten dio, eta errealitatearen zati argitua, berriz, egia bakar bihurtzen da; beraz, esku hartzeko xede den errealitate bakar bilakatzen da.
Hortaz, ikuspegi berri horrek berekin dakartzan erronkak bereganatzeak politika publikoetatik esku hartzeko beste elementu batzuk kontuan hartzera behartzen du, indarkeria horrekin amaituko badugu. Geroago, elementu horietako batzuk iradokitzera ausartzen gara.
Gure iritziz, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko beste iruditeria eta beste kontaketa batzuk eraikitzeko, ezinbestekoa da:
-
Adieraztea, emakumeen aurkako indarkeria matxista, izatez, egiturazkoa dela, alegia, bere sustraiak sakon sartuak dauzkala honelako oinarri baten gainean eraikitako gizarte antolaketa batean: gizonek historikoki emakumeak zapaldu, esplotatu eta menderatu izana. Hori hala baldin bada, ezinezko gertatzen zaigu emakumeek erasoen biktima gisa pairatzen duten indarkeriaz hitz egin, eta ez hitz egin gizartearen egitura errotik matxistaz, azken batean, halako indarkeria motak gizarte horrek sortzen, birsortzen eta toleratzen baititu. Hau da, hitz egin al dezakegu inmigrazioaren dramaz, emakume etorkinak biktimizatuz, baina ez kritikatu atzerritartasun lege batzuk, hiritartasun osorako eskubideak jakinaren gainean ukatzen dituztenak, eta emakumeak are egoera zaurgarriago batean uzten dituztenak? Hitz egin al dezakegu emakumeen salerosketaz, mafiez, proxeneta sareez, baina ez sexuaren langileei beregaintasuna bermatzeko aukera eman liezaieketen eskubideez? Esan al dezakegu emakumeek orain lan merkatuan lan egitea ere badutela, baina ez hitz egin ea zeinek betetzen dituen hutsik utzitako leku horiek, eta etxeko langileentzat legeztatuak diren esplotazio baldintzez? Ez al dira, bada, egiturazko baldintza horiek guztiak, ezin hobeak, emakumeen aurkako indarkeria egon dadin eta batzuek horretan etengabe jardun dezaten?
-
Zabaltzea indarkeriaren askotariko agerpen ugariren gaineko begirada eta indarkeria gertatzen deneko guneak. Ikuspegi horretatik, emakumeen aurkako indarkeria zerbait gehiago da bikote harremanaren edo bikotekide ohien arteko harremanaren esparruko tratu txarrak eta sexu erasoak baino (horiek hartzen ditu aintzat genero indarkeriari buruzko Lege Organikoak). Indarkeria, gune publikoetan gertatzen den hori ere bada, “lerdokeria epel hori”, edo beldurraren sozializazioa, non naturaltzat jotzen baita emakumea, zenbait lekutan eta zenbait ordutan, “bizkartzainarekin” joan behar izatea, familiako gizon batekin ahal dela.
-
Zalantzan jartzea emakumea “biktima”, “ezgauza” eta “mendekoa” den irudi eraiki eta zabaldu hori. Irudi horrek, izan ere, hala eskatzen du, emakumeek jasaten duten indarkeria motei sinesgarritasuna emateko modu bakarra den aldetik. Virginia Despentesek ederki asko azaltzen du “Teoría King Kong” delakoan: ”Amorru bizian nago hazi nauen gizartearen aurka, ez baitit erakutsi gizon bat jipoitzen indarrez zangoak zabaltzen dizkidanean, eta esan baitit bortxaketa hain izugarria dela ezen ezin izango bainaiz inoiz osatu”. Gainera, adierazten du: “Bortxaketaren ondokoa: toleratzen den jarrera bakarra da indarkeria norberaren aurka bihurtzea, hogei kilo gizentzea, esaterako”. Onartzea, muturrean, emakume izatea arrisku faktore bat dela beti, etxean eta kalean; horrek ez gaitu biktima bihurtzen, defentsa aukerarik ez duen biktima. Gaiztoa da sistema hori, zeinak esaten baitu ez arbuiagarria dela erabat emakumeen aurkako indarkeria, baina ez baitu onartzen emakumeak indarkeria hori identifikatzea eta gutxiago beren burua defendatzea.
-
Hain fenomeno konplexu bat, gizarte antolakuntzako eredu baten ondorio dena, ezin da oinarritu, bakarrik, erantzun polizial, judizial eta asistentzialetan. Erantzunek kolektiboak izan behar dute, emakumeen batasuna eta gizarte antolakuntza errazteko modukoek; horrela, benetako aldaketa gerta daiteke emakumeen eta gizonen artean eta, ondorioz, gizarte antolakuntzan.
Ikuspegi horretatik, indarkeria matxistaren aurkako politika publikoak elementu hauei jarraikiz pentsatu, diseinatu eta abiarazi behar dira:
-
Berdintasun erakundeek izan behar dute lidergoa, zeren eta haren kontra borrokatzeko modurik egokiena berdintasun politikak egitea baita, aldatuko dutenak gauzen egiturazko ordena eta, ondorioz, aldatuko dituztenak emakume eta gizonen arteko botere harremanak. Lidergo hori gainerako politika publikoekin estuki koordinatuta egin behar da –gizarte politikak, hezkuntza, hiri antolaketa, segurtasuna eta abar.
-
Indarkeria matxistaren aurkako borroka benetako apustu politikoa izatea, lehen mailakoa. Ohituegi gaude konpromiso politikoak entzutera, azkenean, bihurtzen direnak miseriaren kudeaketa, hauteskunde koartada eta populismo zaharrenaren erakusle. Ez dago sinesgarritasun politikorik, ez bazaizkie ematen berdintasun politika publikoei –beraz, indarkeria matxistaren aurkako borrokari– baliabide ekonomiko eta giza baliabide nahikoak.
-
Elkarrizketa politikoko guneak sortzea mugimendu feministarekin eta emakumeen elkarteekin, horri esker erakunde demokratikoagoak eraikiko baitira, ihes egingo diotenak gizarte aldaketetan tarteko diren subjektuak politikoki instrumentalizatzeko edozein tentaldiri, eta bereganatuko dutenak ez dela halakoa bakarka formulatzea “zein diren arazoak” eta “nola” horiei aurre egin. Ikuspegi horretatik begiratuta, behartuak daude emakumeen aurkako indarkeriari buruzko beste diskurtso eta beste kontaketa batzuetara irekitzera, agerian jarriz ez dagoela indarkeriari ikuspuntu formal eta legalista huts batetik heltzerik, eta behar dituela subjektu feministen sormena, jakintza eta kritika.
-
Honelako politikak diseinatzea eta abiaraztea:
-
Indarkeria matxistaren arloko sentsibilizazio eta prebentzio politika, helduko diena generoen eraikuntza sozio-kulturalari eta emakumeen aurkako indarkeriarekin duen loturari. Horiek horrela, indarkeria matxistaren genero irakurketak beste indarkeria batzuk ikusarazi beharko lituzke, hala nola, homofobia, transfobia eta lesbofobia, baita horiek desagerrarazteko politikak diseinatu ere.
-
Emakumeei eskaintzen zaizkien laguntzaren eta esku-hartzearen hobekuntzari heltzen diotenak, honelako zerbitzuak eta baliabideak garatuz:
-
Emakumeak ez biktimizatzeaz gain, haien banako nahiz taldeko ahalduntzerako aukera ematen dutenak, tresnez hornituz askotariko indarkeria matxistak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko, eta aukera emango dutenak beste babes tresna eta gune batzuk sortzeko (salaketatik, urruntze agindutik eta abarretik harago), hala nola, laguntzako gizarte sareak, ahalduntze eskolak, emakumeen etxeak, etab.
-
Malguak eta alderdi hauei egokitzeko modukoak: testuingurua, indarkeria matxisten aniztasuna, emakumeen aniztasuna (buruko gaixotasunak dituzten emakumeak, aniztasun funtzionala, etorkinak, gazteak, drogazaleak, eta abar).
-
Deszentralizatuak, emakume guztientzat berdintasunezko erabilera bermatuko dutenak, alde batera utzita non bizi diren, arreta berezia jarriz landa inguruneko emakumeentzako zaintzari.