Enegarrenez VOXen eskutik, C’s eta PP-ren laguntzaz, oinarririk gabeko debate batean murgilduta gaude.
Eztabaidak jatorri faltsua izan arren, ez da gutxiesteko modukoa, oso larria delako. Eskola orduetan ematen diren eduki osagarrien gaineko gurasoen kontrola ezartzea da babesten dena, hau da, berariazko baimena behar izatea eskolak antolaturiko ekintzetan parte hartzeko. Haien aburuz, beren seme-alaben adimenarentzat larriak izan daitezkeen edukiak ondorengoak dira: emakume eta gizonen arteko berdintasuna, aniztasun afektibo eta sexuala, edo bereizkeriaren kontrako borroka. Zalaparta sortu duten adibideak asmakizunak baino ez dira, eta jakina, eskola publikoa jomugan jarri dute. Zaharrak berri, ezin ahaztu Skolae hezkidetza programaren kontrako erasoa.
Bereziki deigarria izan da, eztabaida honetan, gurasoen eskubideei eman zaien lehentasuna adingabeen eskubideen gainetik, eta haur zein nerabeen interes gorenaren oinarrizko araua alboratuz. Behar bestetan azpimarratu behar da haurrak ez direla, gaur egun, inoren jabetza; ezta babestu beharreko izaki hutsak ere, jaiotzetik eskubidedunak baitira.
Argi esan ez bada ere, nabarmena da gai honen atzean Giza Eskubideen heziketa eskubidea zalantzan jartzea dagoela. Aldarrikapen Unibertsalak berak onartu egiten du pertsona ororen hezkuntza-eskubidea, helburua giza nortasuna guztiz garatzea dela, baita giza eskubideen eta oinarrizko askatasunaren indartzea ere. Eta ezin dugu ahaztu euren ezagutza funtsezkoa dela eskubideen betearazpena eskatu ahal izateko, edo hauek ukatuak izaten direnean erreparazioa emateko.
Giza eskubideen heziketaren helburua ez da soilik ezagutza teorikoa, ikuspuntu kritikoa ere garatu nahi du, eta dimentsio politikoa eman nahi zaio: giza eskubideen garapenerako oztopoak eraldatzeko grina piztu behar du. Hori lortzeko, hezkuntza ezin da modu abstraktuan eman, adingabeen eguneroko bizitza eta ardurei lotua egon behar da. Bizikidetza Giza Eskubideen balioetan oinarritzea da helburua. Agerikoa da, beraz, zeren kontra dauden ika-mika antzu honen atzean daudenak.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua