Feminismoaren erreferente eta bozgorailu diren aktibisten aurkako erasoak ez dira gertakari berri bat, baina azken urteotan neurri handiagoa hartu dute sare sozialen erabilera dela-eta.
Jazarpena anonimatuaz baliatuta egiten da, inpunitate osoz, eta sarritan jarrera lesbofobo eta arrazista argiekin.
Nahiz eta mugimendu feministak eta beste erakunde batzuek salaketak eta eskaerak egin dituzten etengabe, oraindik ez da neurririk hartu biktimak modu egokian babesteko. Hortaz, emakume guztien partaidetza-eskubide politiko eta soziala bortizki urratzen da.
Jazarpen horren adibideetako bat izan da Irantzu Varela, Alternatibako Feminismoen Mahaiko kideak, edota Pikara Magazineko kideek berriki pairatu duten erasoa. Argi dugu bortizkeriaren aurka erresistentzia kolektiboak landu behar ditugula, bai era fisikoan zein birtualean, eta lagun feministekiko elkartasuna agertu, trol matxista, misogino, lesbofobo eta arrazista guztien aurrean mezu argia adieraziz: ez daude bakarrik!
Gure ustez garrantzitsua da publikoki aitortzea aktibista horiek egiten duten ezinbesteko ekarpena, bai ezagutza hedatzeko, kontzientzia hartzeko, eztabaidatzeko eta jarduteko, betiere ikuspegi feminista zabal batetik. Hori dela eta, ekitaldia antolatu dugu larunbat honetan, otsailak 8, Bilboko Hika Ateneoan, Irantzu Varelaren eskutik solasaldi batekin hasiko dena, Hala Bediko ‘O no será…’ irratsaio feministako kide Aitziber Perez de Karkamok elkarrizketatuta. Gainera, borroka feminista dantzatuz hobeto egiten dela badakigulako, musika ere izango dugu, DJ Sostenek gidatutako festan. Animatu eta lagunekin irten zaitez matxismoari aurre egiteko!
Feministok fest!