Oskar Matute eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaileak
Amaitu berri den urtean nazioarteko egoerari dagokionez, politikoki eragin izan duten gertaeretako bat azpimarratu behar bagenu, mundu mailako krisiarekin, Europako konstituzioaren porrotarekin edota Durbanen klima aldaketari aurre egiteko ezintasunarekin batera, askoz ere oihartzun txikiagoa izan duen gertakaria eman da, ondorio politiko garrantzitsuak dituen arren: Europako sozialdemokraziaren heriotza, hain zuzen ere.
Hala, Eslovenia, Grezia eta Espainiako Erresumako gobernuetako aldaketek, mapa erabat kontserbadorea marraztu dute: Ia EB osoa eskuinaren eskuetan dago, Danimarka, Errumania, Belgika eta Austria izan ezik (azken hauek gobernu ahulak dira edo kontserbadoreekin koalizioan daude); bitxia da Europako parlamentuko gehiengo kontserbadore zabala krisi garaian izugarri hazi izana; Europako Batzordea ere kontserbadore baten zuzendaritzapean dago -gogora dezagun Barroso jauna Azoreetako argazki lotsagarri hartako laugarren lekuan agertzen zela-. Europako eskuinaren metastasia paradoxa handi bat iruditu ahal zaigu: Nahiago al ditugu eskubide urratzaileak, zapaltzaileak, demokraziaren garapena galarazi eta zerbitzu publikoak suntsitzen dituztenak, eskubideak eta askatasuna defendatzen dituztenak baino? Jakina, herritarrek ez diotela bere buruari halakorik galdetzen, kontserbadoreek, liberalek eta sozialdemokratek neurri berberak ezartzen dituztenean eta euren arteko ezberdintasunak ezerezean gelditzen direnean, krisi honi aurre egiteko gai ez diren bitartean. Hala, sozialdemokrazia ez da statu quoa-rekiko aukera bat, haren aldaera soil bat baizik, aldaketa irudikatzen duen txandakatze hutsa, aldaketa bera eragotzi besterik egiten ez duena.
Krisiak aukera erreformista hau agerian utzi besterik ez du egin, eta 2011 urteak azken hamarkadetan egituraketa krisia pairatu duen espazio politikoaren behin betiko desagerpena ekarri du. Ez da bidean aurkitutako oztopo bat, sozialdemokraziaren koma egoera larria baizik. Etorkizunean, txandakatze dinamika baten barruan noizean behin berriro agertzeko aukera egon arren, -Frantzian hala gerta liteke-, bere zilegitasun politikoa guztiz galdu du, ez bakarrik pairatzen ditugun arazo larriak konpontzeko gai ez izateagatik, arazo hauek sortzeko politiketan parte hartu duelako baizik.
Oparoaldi garaiak dagoeneko igaro dira; 50eko eta 60ko hamarkadak urrun daude; estatu esku-hartzailearen, merkatuen erregulazioaren, ongizatearen eta politika publikoen garaiak, alegia. Gero krisia heldu zen -70eko hamarkadakoa- eta alderdi sozialdemokrata dirudunak alderdi sozial-liberaletan eraldatu ziren (neoliberalak bezalakoak, baina ez hain atzerakoiak gizarte gaiei dagokionez), pribatizazio, desarautze, ekonomiaren finantzazio eta sektore publikoaren suntsiketa prozesu guztietan parte hartuz. Bai, haiek izan ziren gaur egun egoera jasanezinean bizitzera eraman gaituen munstroaren sorrera baimendu eta sortzen lagundu zutenak; Bai, haiek izan ziren botere guztia merkatuen eskuetan utzi zutenak eta gaur egun euren asaldura goraipatzen dutenean, merkatu horiei berberei sekulako boterea izatea leporatzen dietenak, bi aurpegiko jokaera azalduz; Bai, Botin, Fernandez Ordoñez edo Mario Fernandez esan ordez, merkatu generiko delakoa aipatzen duten horiek; 70eko hamarkadan krisia kudeatu zuten horiek XXI. mendeko krisi handia eskura jartzen digute orain; krisiz krisi, antzara-jokoan bezala, baina oraingoan ez dira jolasten, bere txanda ez delako.
Eta ez da bere txanda, sozial-liberalismoa aukera bat eskaintzeko gai ez delako. Honek euren kideen artean izugarrizko kezka sortzen badu ere, are kezkagarriagoa den arrazoi bat ere badaukate: euren logikaren barnetik ez dutela aterabiderik, ezta urrezko urteetako oinarri sozialdemokratetara itzultzekotan ere. Izan ere, sortzen lagundu duten mundua eta duela hiru hamarkadetakoa zeharo ezberdinak dira. Orduan, gaur egungo zibilizazio krisiaren aurrean, nork itzuliko du finantza sistema haiek irekitako Pandoraren kutxara? Nork egingo die aurre arazo globalei, neurri sakonik eta nazioarteko ordenean errotiko aldaketarik egin gabe? Nork itzuliko die herritarrei transnazionalen eskuetan dagoen sasi-demokrazia ez parte-hartzailearen bidez lapurtutako burujabetza eta autonomia? Laburbilduz, nork lortuko ditu eskubide eta askatasun handiagoak, pobrezia, desberdintasunak, diktadurak eta kalte larriak eragin dituen kapitalismoa gainditu gabe? Ez da erreformak edo apurkako aldaketak egiteko garaia; berebiziko momentuan gaude, eta eztabaida eremua sistema erabat aldatu nahi dutenen eta hura defendatzen dutenen artekoa da. Dagoeneko ez dago sozialdemokraziarentzako tarterik; aukera eta premia bakarra ezkerrerarentzat da.
Beraz, ezker sozialista eta alternatiboak ardura handia dauka eta baita ibilbide luzea egiteke ere. Bizi dugun abagunearen mailan egon behar da, sozialdemokraziaren akatsez ikasiz: oportunismoaren, sozialdemokraziaren proposamenen bereizmen ezaren eta ikuspegi bakarraren aurrean, borrokak bateratuko dituen mezu erradikal eta alternatiboa proposatuz; abaguneaz baliatu ordez eta hauteskunde estrategien aurrean, epe luzerako ikuspegia ezarriz; bertikaltasunari eta sozialdemokraziako kideen robotizazioari aurre egiteko, politika ulertzeko modu horizontal, demokratiko eta zuzen banatutakoak proposatuz -kontuan hartuta ez direla soilik alderdien esparrukoak-; ezkerretik jaiotako hegemonia bat sortzeko beharrizana argi adieraziz, eskuindar eta sasi-eskuindarren arteko itunei aurre egiteko.
Euskal Herrian oso argi izan behar dugu mezu hau: sozialdemokrazia lurperatuta dago, eta hura berpizten saiatzen denak amaiera berbera izango du. Hemen ez digu balio gaiztoak baino zintzoagoak izatea. Haiek -eskuma- ez dira geure erreferentzia, momentuak eskatzen diguna baizik: aukera erradikal batetik hegemonia bat eraikitzea, alegia. Ilusioz beteriko garaian gaude eta ezker anitzen artikulaziorako espazioak -non Alternatibak parte hartzen duen- eta tresnak garatzen ari dira. Gaur egungo historia eta testuingurua kontuan izan behar ditugu, egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu, pausoz pauso prozesu hau bideratzeko kapitalismoaren osteko trantsizio baterantz abiatuz, sistema gaindituko duen trantsizio erradikal baterantz hain zuzen.
Horregatik, hasi berri dugun 2012 honetan, Alternatiba sozialdemokraziaren hilobira hurbildu da honako mezua botatzeko: “goian bego, betirako deskantsatu”. Noizean behin hilobia bisitatzera etorriko gara, ez hura goraipatzeko, ondo lurperatuta jarraitzen duela ziurtatzeko baizik.