Ana Etxarte eta Oskar Matute – Alternatibako bozeramaileak
EAJk eta PPk azpijoko antidemokratikoan ibili dira Gipuzkoako legezko ordezkariek Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan dagozkien lekuak izan ez ditzaten. Baina hau lehen urratsa besterik ez da izan, ekonomia globalizatuan euskal banku handi bat sortu eta pribatizatzea helburu duen estrategiaren barruan. Erakunde honek, banku orok bezala, ez du kontsumo arduratsuari zuzendutako krediturik eskainiko, ezta edozein gizarte onurari zuzendutakorik ere. Beste guztien antzera, espekulazioa zein epe motzeko mozkinak sustatuko ditu eta kosta ahala kosta, statu quoa laguntzen saiatuko da.
Estrategia hau da, hain zuzen ere, ezagutarazi nahi duguna, hura gelditzeko garaiz gaudelako. Eskuma euskaldunak eta espainolak Italian 90eko hamarkadan jarraitutako prozesua berreskuratu nahi dute. Honi esker, aurrezki kutxak bankuetan eraldatu zituzten, gizarte-ekintzaren eta kapital publikoaren arrastorik utzi gabe. Egindako urratsak honakoak izan ziren: bat, gizarte-ekintza bankuaren jardueratik banandu, fundazioak kontrolatuta ere; bi, legean aldaketak egin kapital pribatuaren sarrera ahalbidetzeko; hiru, kapital pribatua modu masiboan sartu; lau, kapital publikoari garrantzia kendu, azkenean esku pribatuetan uzteko. Emaitza: erabat pribatua den bankua eta gizarte-ekintzaren amaiera.
Dagoeneko lehen urratsa egin da. Orain, beste hirurak falta dira, zorrotz beteko dituztenak. Egia esan, badago berebiziko ezberdintasun bat. Izan ere, Italian 10 urte igaro behar izan ziren eta hemen ez dute hainbeste denbora itxoiteko asmorik. Mario Fernandezen azken deklarazioek bidea zabaldu dute eta hurrengo urratsak justifikatzeko argudioak bilatzen hasi dira, “norbaitek behartu gaitzakeelako” aitzakiarekin.
Haientzat garrantzitsua zen Administrazio Kontseiluarekin egin dutena egitea: etxetik gorriak kaleratu, inork estrategia barrutik ezagutu ez dezan, barruan dagoen inork banku publikoa eskatu ez dezan. Espainiako Bankuko diktadorea pozez zoratzen dago PP gobernura heldu izanagatik -boterera ez da heldu, boterea beste nonbaiten baitago-: Dagoeneko finantza sistemaren erreforma berri bat iragarri dute! Behar bada honek ez dauka lehentasun handiena; aurretik sindikalismoa akatu behar da eta langile klasea zapaldu negoziazio kolektiboa ezabatuz. Baina berehala helduko da berregituraketa eta finantza erakundeei kapitala handitzera behartuko zaie mundu globalizatu honetan bizirauteko asmoz, euren kaudimena ziurtatuz. Orduan Kutxabankek agindu hauek bete beharko ditu nahitaez: seguruenik Espainiako hainbat aurrezki kutxa irentsiko ditu prezio merkean, gero kapital pribaturantz behin-betiko pausua emateko… eta kito! 2., 3. eta 4. urratsak eginda denbora-markak hautsita! Koilarakada bat EAJ, PP ugari, Espainiako Bankuan muturreko eskuineko sukaldari bat, eta on egin!
Helburua, egungo krisi sakonera zuzenean eraman gaituen logika kapitalistaren bidean jarraitzea da: sektore pribatuarentzat dirua liberatu, publikoa den oro desegin, merkatu aseezinek etekinak ateratzeko aukera berriak sortu eta langile klasea otzandu. Hau da euren helburu ezkutua. Eta zeharo aldenduta dago ezkerrak Euskal Herriarentzat egiten duen apustutik: finantza sistema publiko, garden eta demokratiko baten alde, hain zuzen; funtzio soziala definitu eta mugatuko duena eta banku komertzialaren rola gaindituko duena, irizpide ekologiko eta sozialetan oinarritutako inbertsio produktiboa erraztuko duen bankua izateko; zaintza ekonomia baten lehentasunei mailegu eta inbertsio egokiak eskainiko dizkiona, kalitatezko enplegua sortuz eta klima aldaketaren aurkako borroka sustatuz, elikadura burujabetza eta sektore ahulenen kontsumoa sustatuko dituena eta azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzailea zein gardentasuna bidelagun izango dituena. Aitzitik, Kutxabankeko zuzendariak dagoeneko adierazi du “pausoak emateko” prest daudela inbertsioa Euskal Herritik aldenduko duten fusio berriak bilatzeko, erabat espekulatiboak diren interesen alde.
Pribatizaziorantz abiatutako bide hau ikusita, aurrez aurreko norgehiagoka garai baterantz abiatu behar gara, bi ereduak bateraezinak direlako. Batak epe laburreko mozkina bilatzen du; besteak, pausoak ematen ditu Euskal Herri burujabe eta sozialista baterantz, justizian zein pertsona guztiontzako eskubideetan oinarritua. Dagoeneko, bere garaian ezarritako euste-hormak nahikoak ez direla frogatzen hasi da, eta estrategia maltzur horri aurre egin behar diogu kaletik, gizartearen inkonformismotik. Noski Administrazio Kontseiluan merezi dugun ordezkaritza demokratikoa eskatuko dugula, baina hori ez da nahikoa, ez dugu aski izango.
Publikoa dena kalean defendatu behar dugu, eta hau berebizikoa eta estrategikoa da. Haiek badute estrategia jakin bat, eta guk ere badugu geurea. Geldiarazi behar ditugu, garaiz gabiltza. Norgehiagoka, inkonformismoa eta borroka momentu historiko honen hitz gakoak izan behar dira. Banku publiko, sozial eta garden baten alde: Pribatizaziorik ez!