Gure kide Alba Fatuarteren hitzartzea Bilboko udalbatzan Mina del Morro eskolaren itxieraren harira.
Proposamen hau aurkeztu dugu Santutxun dauden hiru euskal eskola publiko eta laikoetatik, bat desagertzeko arrisku larrian dagoelako, hain zuzen ere Larreagaburu- Mina del Morro eskola.
Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak, Santutxuko hezkuntza komunitate osoari eragiten dion erabaki bat hartu du, presaka eta aldebakartasunez. Eta noski, inposaketa hori dela eta, komunitatea batu egin da, komunitatea mobilizatu da, eta komunitateak ere, Udal hontatik zerbait espero zuen; baina Bilboko Udalaren aldetik ez du bere aldarrikapenekiko babesik jaso, tamalez. Horregatik EH Bildutik gaur akordio proposamen hau ekarri dugu, hiru gauza zehatz eskatuz:
Orain arteko zonifikazioa berreskuratzea. Izan ere, zonifikazioa zabaldu da eta lehen Santutxu, Bolueta eta Begoña hartzen bazuen, orain ereTxurdinaga eta Otxarkoaga ere hartzen du. Egia da Eskola Mapak berregituraketa bat behar duela, baina egitekotan, gure ustez, auzoko eskolak, alegia km.0 eskolak bultzatzeko balio beharko luke, bi irizpidetan oinarrituta: gertutasuna batetik eta ISEC maila desberdinen nahasketa bestetik. Baina Jaurlaritza, zonifikazioa zabalduz, kontrako norabidean doa, eta honek praktikan, jada jakin ditugun lehen matrikulazio datuen arabera gainera, Txurdinaga eta Otxarkoagako eskola publikoetan matrikulazioa ez du igoko, eta inguruko eskola kontzertatuei mesede egingo die, besterik ez.
Elkarrizketa prozesu bat egon behar da. Eta hemen esan behar dut guk EHBildu bezala Udal honek eta Jaurlaritzak hasieratik egin behar zuten lana egin dugula. Hau da, Mina, Briñas eta Karmelo eskoletako zuzendaritzekin eta guraso elkarteekin bildu ginen berehala; Auzo batzar bat ere egin genuen bereziki gai honen inguruko iritziak biltzeko, eta baita ere gaia Barrutira eraman dugu bertan eztabaidatua izateko. Azken finean, Santutxuk auzo gisa behar duen hezkuntza, komunitate osoari eragiten gaituen kontu bat den einean, auzoko pertsona eta eragile guztien arteko eztabaida eta akordioa bilatu behar dela uste dugulako.
Guretzat garrantzitsua da gogoratzea, gaur egun Santutxuk hiru eskola publiko, euskaldun eta laikoetan sei lerro dituela, baina Larreagaburuk beste lerro bat hartzeko gaitasuna badaukala eta lerro hori beharrezkoa izango dela, besteak beste, handik 500 metrora, 1.100 etxebizitza eraikitzea aurreikusten delako, eta horietatik jada 360 prest daudela, beraz, dagoneko Boluetak 1.000 eta 3.000 bizilagun berri artean izango dituela eta datozen urteotan. Eta honen aurrean, zeintzuk dira hezkuntza eta osasun ekipamenduak egokitzeko aurreikuspena? ZERO. Boluetako dorreen ondoan jada badaude supermerkatu pila bat, baina Bilboko Plan Generalean, Boluetako Osasun Zentroa epe luzerako proiektuen artean sartu da, eta Jaurlaritzako Hezkuntza azpiegitura planean ere ez da ezer aurreikusten. Gogoratu dezagun zer gertatu zen Miribillan eta ez ditzagun akats berdinak egin, mesedez.