Ana Etxarte eta Asier Vega – Alternatibako bozeramaileak
Joan den urteko apirilean datu deigarri bat argitaratu zen: Espainiako Erresumako enpresek Alemaniakoek baina zor handiagoa metatzen zuten, Alemaniaren BPG bikoitza izanda ere. Zorpetze handi honek hainbat arrazoi ditu: Espainiako ekoizpen ereduaren balio erantsi eskasa Alemaniakoarekin alderatuta; Espainiak esportatzeko duen ezintasuna eta Alemaniak bere esportazioekiko gehiegizko menpekotasuna izatea; edo kanpoko kapitalen erabilera sustatzen duen Sozietate Zergaren erregulazioa, bai Espainiako Erresuman zein Lurralde Historikoetan, mozkinak eta bestelako berezko fondoak berriz inbertitu beharrean.
Zergatiak alde batera utzita, zor konparatibo honek ondorio argi bat dauka: enpresek gehiago irabazi behar dute euren zorra kitatzeko. Horrela, krisia edo enplegu betea izan, patronalak eta bere aliatuek beti proposatuko dute euren irabazien tartea bide azkarrenetik igotzea: langileen soldatak jaitsiz, alegia. Dirudienez, hori da irtenbide bakarra, eta ez produkzio eredua aldatzeko edota ongizate orokorra hobetzeko; euren zorrak ordaintzeko asmoz enpresen errenta handitzeko baizik, aberaste azkar eta errazaren kulturari eutsiz. Gainera, Europak eta nazioarteko finantza erakundeek beti babesten dituzte tesi hauek; beraz ez da harritzekoa azken hamarkadetan errentaren banaketak kapitalari gero eta mesede handiagoa egitea eta langileei gero eta txikiagoa.
Hondamendiaren kapitalismoa da. Bere estrategia desarautzean datza eta kasu honetan, helburua sektore eta lurralde hitzarmenek euren indar araugilea galtzea da; orain arte auzitegietan eska zitekeen eskubideak izan direlako. Gaurtik aurrera, teorian baino ez dira existituko. Bide honetatik jarraituta, enpresa hitzarmenaren desarautzea helduko da eta gure eskubide iturri bakarra banakako lan kontratua izango da.
Sistemaren krisi betean, langabetu gehien daudenean, eta borrokaren bidez indarren arteko korrelazioa aldatzea inoiz baino beharrezkoagoa denean, sindikatu batzuk negoziazio kolektiboa berpizteko bileretan parte hartzera makurtzen dira. Tresna hau, perfektua ez bada ere, langileei indarrak batzen laguntzen die etsai indartsuari aurre egiteko. Orain, sindikatu hauen berebiziko laguntzari esker, etsaiak bere helburua beteko du: “hobe banan-banan pasatzen bazarete, kasuz kasu negoziatuko dugu eta”. Emaitza badakigu dagoeneko zein den eta baita sindikatuek ere, “lan erreformarekin edo erreformarik gabe, enplegurik sortuko ez dela” onartzen dutenean. Erreforma, soldatak jaisteko eta produkzio handiagoa langile gutxiagorekin lortzeko egiten da. Ondorioz, lan gutxiago egongo da eta enpresak mozkin handiagoak izango ditu. Noren alde jokatzen dute benetan sindikatu hauek?
Raxoiren muturreko eskumako gobernuak pozez jaso ditu sindikatu eta patronalaren arteko negoziazioaren antzerkian emandako adostasun eta desadostasunak (borroka soziala saihesteko antzerkia). Lan eskubideen zorigaiztoko urraketa honetan, jokaldi kolektibo bat egin da ardura partekatuekin: Lehenik, sindikatuek bidea zabaldu zuten lan eta epaiketa gatazketan arbitro lanak egiteko. Eurak ere izan dira hitzarmenak ez aplikatzea onartu dutenak, enpresariek itun baten soldata baldintzak errespetatu behar ez izatea ahalbidetuz, arbitratze batzordeak bidezkoa dela erabakiz gero. Ondoren, PPren gobernuak bere bidetik jarraitu du, lan ordutegiak eta baldintzak aldatzeko malgutasun handiagoa erraztuz eta kontratu mota desberdinak murriztuz. Horrela, norbait kaleratzeko kostua aldi baterako kontratuen mailara murrizten duen enpleguaren sustapenerako kontratua lehenesten dute. Honek, egungo langabezia egoera masiboa kontuan hartuta, enpresen zuzendaritza batzordeei aurre egiteko langileen presio ahalmena ahulduko du.
Halaber, enpresa hitzarmenak lehenesteak, lurralde hitzarmenak kaltetuko ditu eta lan baldintzak okerrera jotzea eragingo du; are gehiago, enpresek dagoeneko sinatuta dauden hitzarmenen edukia aplikatu behar ez izatea errazten bada. Era berean, hitzarmenen ultraeraginkortasuna ezabatzean, langileek aurreko borroketan lortutako guztia galtzen dute. Orain negoziazioetan zerotik hasi beharra dago eta akordiorik lortu ezean, ez da aurreko hitzarmenaren iraunaldia automatikoki luzatuko, arbitro batek erabakiko baitu. Beharrezkoa den guztia lan baldintzak murrizteko.
Bestetik, Mariano Raxoik ez du ahaztu Espainiako Erresumako gazteen %50aren langabezia egoera eta bere irtenbide propioa eskaini die: Ia dohainik lan egitea. 30 urtetik beherako gazteen soldata lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izan daiteke eta gobernuak ez die enpresariei euren Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordainaraziko. Hona eskuinaren beste perla bat.
Espainiako Erresuman iaz sinatutako kontratuen %92a aldi baterakoak izan ziren, gehienek urte bakoitzeko 8 eguneko kalte-ordaina soilik jasotzeko eskubidea eskaintzen dutela. Hala ere, Gobernuak CEPYME patronalaren eskakizuna entzun du, “epailerik ez gure bidean, arren” zioenak. Izan ere, epaile batek kaleratze objektiboa interpretatu ezin izatea eskatzen zuten. Horrela, enpresariek apurtutako lan-kontratu finkoetan ez da epaileen esku-hartzerik egongo eta kaleratzeak 20 egunetan orokortuko dira. Eta plana borobiltzeko, Gobernuak Erregulazio Espedienteak liberalizatzea ere proposatzen du, aurrerantzean lan agintaritzaren baimenaren beharrik gabe egitea, alegia.
Zorionez, Euskal Herrian bestelako borroka eredu bat sustatzen eta praktikatzen duen erantzun sindikal bat badago. Patronalaren aurkako borrokan, bere burua kate motzean lotzen uzten ez duena; borrokarako prest dagoena eta erreforma honen aurrean alternatibak eraikitzeko prest dagoena, bai sektore mailan zein enpresa mailan ere, bere ondorioak indargabetu ahal izateko. Madril oso urrun dago, eta horrelako erabakiak hemen definitu behar dira. Ez da aski eskumen gehiago eskatzea, erreforma hau orain gelditu behar dugu. Kaleak hartuz gelditu behar dugu, patronalaren aurrean beste behin ere amore eman izateagatik gure haserrea azaldu behar dugulako. Oihuka egin dezagun, debekatzen diguten hurrengo gauza garrasi egitea izan baitaiteke!