Ana Etxarte, Euken Barreña eta Carmen García
Alternatibako kideak
Alternatibak, azaroan zehar, Gizonek erdituko balute abortoa askea litzateke. Eskubideak ez dira negoziatu edo epeka eman behar. Aborto aske eta doakoa, orain! izeneko kanpaina abiarazi du emakumeei gehien urratzen zaienetako eskubide baten alde, euren gorputzaren gaineko erabakiak hartu ahal izatea, hain zuzen ere. Kanpaina honen bitartez PSOEk aurkezturiko aborto legearekiko desadostasuna adierazi nahi dugu, 3 funtsezko arrazoi direla eta: ez du emakumeen erabaki askatasuna onartzen, eta ondorioz euren sexu eta ugaltze eskubideen jabetza osoa galarazten die; sektore publikoaren baitan abortoa bermatuko duen neurri zehatz eta argirik ez du ezartzen; eta ez du abortoa kode penaletik at uzten. Esandakoaz gain, lege proposamen epel eta koldar hau estuki lotua zaie eliz hierarkiatik bideratzen diren kanpainei, biziaren aldeko izen okerrarekin ezagutzen ditugun –aukeratze eskubidearen aurkako taldeak izena hobe datorkie- kanpaina horiei, zeintzuek emakume guztien duintasunaren aurka egiten duten.
Ildo honetan, eskuinak eta sozial-liberalismoak bat egiten dute emakumeek ama noiz eta nola izateko duten eskubidea ukatzeko. Beharrezkoa da, beraz, emakumeen aurkako edozein bortxaren aurka gauden indar sozial eta politikoak gure iritzia plazaratzeko kalera atera gaitezen, mugimendu feministaren bidelagun izateko.
2008an Osasun eta Gizarte Politika Ministerioak egindako txostenaren datuen arabera hurrengoak ondoriozta ditzakegu. Bata, Osasun Lege Organikoak arauturiko eman beharreko zerbitzuen zerrendan egon arren, aborto gehienak (%98,01) klinika pribatuetan egiten dira, eta autonomi erkidegoen artean desoreka handiak daude. Bigarrenik, haurdunaldi etete gehienak lehenengo 3 hilabeteetan ematen dira (borondatezko eteteen %88,70 haurdunaldiaren lehen 12 astetan) , eta honek ezbaian jartzen du epe gabeko araudiak sor lezakeen erakarpen-eragina. Hirugarrena, emakumeen eskubidearen gauzatzeak osasun eta epaitegi langileen menpe darrai, hauek baitira azken hitza dutenak. Laugarrena, egungo legediak, zeinak abortoa oraindik delitutzat duen, haurdunaldia eteten duten emakume zein langileei segurtasun eza ikaragarria dakarkie, Madrileko Erkidegoko Clínica Isadoran gertaturikoa ikusi besterik ez dago.
Urteak dira mugimendu feministak emakumeek euren gorputzaren, sexualitatearen eta amatasunaren jabe izateko eskubidea errespetatuko duen araudia eskatzen dutela. PSOEk, beraz, aukera paregabea zuen mugimenduaren eskari historikoei erantzun egokia emango zien lege zabala aurrera ateratzeko. Zoritxarrez, itxaropena zapuztu egin da. Bada aurrerapenik: 16 urtetik 19ra bitartean ez da gurasoen baimena beharko abortatzeko –hau da, beste ebakuntzen pare jarri da- eta libreki haurdunaldia eteteko 14 asteko epea ezarri da –halere neurri hau araudi aurrerakoien artean kontserbadoreenetakoa da-.
Baina nabarmenen geratu dira alferrik galdutako aukerak eta gauzatu gabeko eskubideak. Epe eta baldintza sistemak hor darrai, eta honen bitartez epaitegi eta osasun langileek, agiri eta komiteen bitartez, emakumeek haurdunaldia oztopatzeko eskubidea duten ala ez erabakitzen jarraituko dute. Emakumeen erabakiak beharrezko izaten jarraitzen du baina ez da irizpide bakarra; hala, abortoa baino lehen 3 hausnarketa egun pasa behar dira oraindik, haurdunaldia eteteko erabakia hartzen duten emakumeek aurrez pentsatu gabe egingo bailuten, hobe pentsatu beharreko auzia dela esan nahian. Gainera ez da bermatzen osasun publikoan abortoak egitea, ez baita zehazten nola emango zaion buelta sistema publikoan egiten den %1,9 horri. Ez du, halaber, arautzen osasun langileriaren kontzientzia eragozpenaren auzia, eta ondorioz haurdunaldia eteteko eskubidea ez da bermatua geratzen. Izan ere, osasun zentru batzuetan eragozpena indibiduala izatetik zentru osokoa izatera pasa da. Arrazoi ugari beraz, Lege Biltzarrarentzako Emakumeen Manifestuak bildu zituenak, lege proposamen hau emakumeen erabakitze eskubidearekin bat ez datorrela esateko.
Honegatik guztiagatik eskatzen du Alternatibak lege proposamenaren edukiak zabaltzea. Araudi berriak emakume guztien haurdunaldia eteteko eskubidea bermatu behar duelakoan gaude, emakumeen eskubideei loturiko kontua baita. Emakumearen beraren borondateak, beraz, nahikoa beharko luke izan erabakia hartzeko. Horregatik diogu, bada, eskubideek ez dutela eperik eta ez direla negoziatu behar.
Ez dira negoziatu behar auzia arazo moral eta bizitzaren eskubide gisan aurkeztu nahi duten horiekin. Ez dira negoziatu behar Eliza Katolikoarekin, zeinak oraindik ez duen ulertu erlijioa norberaren esparru pribatura mugaturiko kontua den ezta ideia eta sinismenen gainetik estatuak bere herritarrei eskubideen gauzatze osoa bermatu behar diela ere, baita emakumezko herritarrei, batzuek gogoko ez izan arren. Ez da negoziatu behar iritzi publikoa euren kanpainekin nahasten duten horiekin, ezta abortoa, informazioa eta proposamenak mahai gainean izanda, eztabaida dadin oztopatzen dutenekin ere. Izan ere, ziur gaudenez gizonezkoek, erditu beharko balute, eztabaida bestelakoa litzatekeela…kalera atera gara aborto aske eta doakoaren alde!