Nafarroako eta EAEko gobernuek bere gain hartu dituzten Espainiako Gobernuaren murrizketa neurriek oso modu larrian eragiten diote euskal jendarteari eta modu berezian zerbitzu publikoei eta bertan lan egiten duten langileei. Krisi larria pairatzen ari den herri honek inoiz baino gehiago behar dituen zerbitzu eta lana, hain zuzen ere. Horri erantzuteko, gehiengo sindikalak greba deialdia luzatzen die sektore honetako langile guztiei eta dei egiten dio jendarte osoari mobilizazioetan parte har dezan.
Arlo publikoko langileei eragiten dieten murrizketetatik haratago, plazaraturiko neurriek eta hauen norantzak gogor erasotzen digute herritarroi. Izan ere, arlo publikoa, eskaintzen diren zerbitzuak, hauen kalitatea eta langileen lan-baldintzak desegitea dituzte helburu. Besteak beste, neurriek lehen aldiz beraiekin dakarte soldaten murrizketa ekainetik aurrera, hauen izoztea 2011. urterako eta zerbitzu eta enplegu publikoen gaineko mehatxu larrria. Botere ekonomikoak esparru guztietan, baita Euskal Herrian ere, arlo publikoa eraitsi eta pribatizatzeko aurrera eraman nahi duen estrategiaren parte da hau.
Berriz ere, botere politikoa kapitalaren eta honen erakundeen menpean jartzen da, eta krisitik atera ordez egoera larriagotzen duen estrategia gauzatzeko prest dago. Hain zuzen, krisia gainditzeko biderik egokiena kontrakoa litzateke, hots, zerbitzu publikoak sendotu eta garatzea, ematen duten estaldura eta kalitatea hobetzea eta enplegu publikoa sortzea. Neurri hauek abian jartzeko aberastasun nahikoa eta gehiago sortzen dugu, banaketa bidezkoago bat eta aurrera eramateko borondate politikoa besterik ez da behar.
Gehiengo sindikalak krisia hasi zenetik eskatu izan ditu horrelako erabakiak, baina gobernuek ez dituzte aintzat hartzen; ondorioak ezin okerragoak dira, eta begibistan daude. Bankuei milaka milioi euro ematen zaizkiela, Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen dugunok ez gaude murrizketa larri hauei men egiteko prest, ezta gure eskubideak murriztu ditzaten eta neurri hauen kaltetu nagusienak zerbitzu publikoak beraiek eta bertako langileek izan daitezen ere eta ondorioz Euskal Herriko langileria osoa.
Ordua da Euskal Herriko gehiengo sindikalaren eta langileen aldarrikapenak entzunak izan daitezen eta eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko erabakiak bertan har ditzagun.
Horregatik, esparru publikoko langile guztiak grebara deitzen ditugu eta jendarte osoari eskatzen diogu neurri latz hauei aurre egin diezaietela eta mobilizazioetan parte har dezatela.
Halaber, bertoko herri-administrazioei eskatzen diegu Espainiako gobernuak ezarri nahi dituen erabakiei uko egin diezaietela, ez ditzatela aplikatu, eta gure eskubide sozialak babestu, arlo eta zerbitzu publikoak garatu eta sortzen dugun aberastasuna behar sozialetara bidera dezatela.
ELA-LAB-STEE/EILAS