Guk argi daukagu, 2009ko abenduan argi genuen bezala, behin betiko konponbidea lortzeko nahitaez zerbitzuaren kudeaketa publiko eta zuzena berreskuratu behar dela eta langile guztiak Foru Ongizate Erakundeko langile izatera pasatu behar direla. Hau egiteko unerik egokiena da, kutxa publikotik ahalik eta gutxien ordaintzeko. Diputazioak ezin du hiri honetako baliabide sozial baliotsuagoetako bat kudeatzeko aukera pasatzen utzi.
2009aren amaieran artikulu bat idatzi genuen Araba Klinikaren egoeraren inguruan. Une hartan, klinika pribatua konkurtso prozesu batean murgilduta zegoen, eta Enplegua Eteteko Espediente bati hasiera eman zion. Egoera dramatikoa zen gaixoentzat, senideentzat eta langileentzat. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak aipaturiko enpresa pribatuarekiko itunaren luzapena negoziatzen zuen une hartan, eta Alternatibatik klinika honek historikoki izan duen gatazka iraunkorrerako konponbide bat eskatzen genuen. Konponbide bat, ez arazoa hilabete edo urte batzuk nekez luzatuko zuen estalki soila. Bai une hartan eta baita oraingoan ere, gure apustua beharrezkoa bezain baliotsua den baliabide bat publiko bihurtzea da. Hala ere, une hartako Ongizatearen apustua beste erosle pribatu bat bilatzea izan zen, Araba Klinikan emandako astakeria kudeatu zezan, aldi berean, Foru Ogasunak onartu zuen enpresak erakunde publikoarekin zuen zorraren %50 kitatzea
Jada ez gaude 2009an, 2012ko martxoan baizik, baina egoera orduko berbera da. Klinikak Kaleratze Espedientea aurkeztu du berriz, berriro ere gaixoak truke txanpon bezala darabiltza, eta berriro konkurtso legera jo du. Arazo bera, harri berbera, baina oraingoan Alaña diputatu arduradunak, are kontzientzia sozial txikiagoarekin, zuzendaritzarekin ez “negoziatzea” erabaki du, bere eskaerak gehiegizkoak direla argudiatuz. Badirudi eguneko oheagatik 140€ eskatzea dela zuzendaritzaren eskaera “urria”. Ez dio arduratzen Araba Klinikaren moduko baliabide bat mantentzea, ezta lanpostuak babestea; bere kezka bakarra bere alderdiak eta EAJk urteetan elikatu duten arazoa gainetik kentzea da. Ez da Klinikaren zuzendaritzarekin akordio batera helduko, kudeaketa hori apetazko aukeraketa bidez Miñaoko Albertia Etxea izeneko egoitza pribatu berriari emateko asmoa duelako. Langileak kaleratuko dituzte, senideak beren ibilgailuetan mugitu behar izango dira gaixoak ikusteko – Ba al dago Araban garraio publikorik?- eta gasteiztarrok hiriko bihotzean dagoen eraikin huts zoragarri bat jasoko dugu ordainean.
Seguru gaude diputatuak datozen egunotan arazo honi behin betiko konponbidea emateko premiari buruz hitz egingo digula. Ziur aski, egoitza berriaren abantailez hitz egingo du, eta ondo funtzionatzeko kudeaketa publiko-pribatua zein garrantzitsua den esango digu. Hala ere, hau ez da konponbidea, arazoa beste leku batera daraman estalki berria baizik. Araba Klinikaren esperientziak ikasketa bezala balio behar izango liguke akats berdinak ez errepikatzeko. Kudeaketa publikoa esku pribatuetan uztea enplegu duina hondatzen duen arrisku sozial onartezina da, zerbitzuaren kalitatea murrizten duena eta, luzarora jada egiaztatu ahal izan dugun bezala, enpresari pribatuen interes espekulatiboa eskuin neo-liberalak baieztatzen duena baino askoz garestiagoa izan daiteke. Guzti honi gehitu behar zaio erakunde publikoak behin pribatizatutako zerbitzuaren kudeaketa berreskuratzeak duen zailtasuna.
Guk argi daukagu, 2009ko abenduan argi genuen bezala, behin betiko konponbidea lortzeko nahitaez zerbitzuaren kudeaketa publiko eta zuzena berreskuratu behar dela eta langile guztiak Foru Ongizate Erakundeko langile izatera pasatu behar direla. Hau egiteko unerik egokiena da, kutxa publikotik ahalik eta gutxien ordaintzeko. Diputazioak ezin du hiri honetako baliabide sozial baliotsuagoetako bat kudeatzeko aukera pasatzen utzi. Gizarte Zerbitzuetako diputatuak apustu ausarta egin behar du baliabide honen alde, eta ez iraganean egindako akatsak errepikatu, etekin pribatua arabarren osasunaren eta ongizatearen lepotik sustatuz.