Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte – Alternatibako bozeramaileak
Euskal Herriko gizon eta emakume ugari martxoaren 29an kalera aterako gara ozen eta garbi adierazi nahi dugulako: aski dela! Espainiako Erresumako muturreko eskuinak ezarritako lan erreformak dakarren eskubide murrizketa larriarekin.
Erreforma honek helburu bakarra dauka: irabaziak areagotu eta kapitalaren etengabeko jarioa mantentzea. Ez du inondik inora langabezia murriztuko eta, gainera, langile guztien eskubideen aurkako eraso zuzena dakar: gazteen -eta hain gazteak ez direnen- lan esklabotza larriagotzen du; enpresaburuei kaleratzeko erabateko ahalmena ematen die, kontrol politiko zein sozialik gabe eta oso merke; gure sindikatuak indargabetzen ditu negoziazio kolektiboaren ahalmena murriztuz; beste behin ere, euskal herritarrok lan harremanetarako esparru propioa izatea galarazten du, aurrera egitea ahalbidetuko ligukeena, gizarte sozialista, justuagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko bidean.
Baina, gainera, Aski da! diogunean inoizko erreformarik bortitzenaren aurka egitetik haratago joateko esaten dugu. Azken urteotan langile klaseak pairatu dituen murrizketa eta erasoen gorakada salatu eta gelditu nahi dugu ere, gure bizitzak garatu eta ugaltzeko dugun gaitasuna murrizten diguna: lan eta pentsioen erreformak, murrizketak gizarte zerbitzuetan, abortua bezalako legeetan aldaketak egiteko mehatxuak, zentral nuklearren bizitza luzatzea, etab. Aski da zuen pribilegioak lehenestearekin eta gure eskubideekin jolastearekin!
Edonola ere, kalera aterako gara, ez bakarrik erasoak geldiarazteko. Hau ez da erresistentziarako momentua bakarrik, geure buruak defendatzeko garaia ere bada. Bizi dugun zibilizazio krisiak -finantza egoerak eztanda egin baino askoz lehenago- burujabe izateko aukera berriak sortzen saiatzera eta hauek praktikan jartzera behartzen gaitu. Horrela, gure Aski da! ozenena Aski da Kapitalismoarekin! oihukatzeko izango da. Sistemak planetaren muga fisikoak gainditzera eramaten gaituela onartu behar dugu behingoz, epe motzean ondorio larriak izango dituen klima aldaketak eragindakoa -Nork ulertu dezake berebiziko arazo hau bigarren mailakoa edo aldirikoa dela?-; aski da pobrezia eta bazterketa sustatzen dituen eta gehienen bizitzaren ugalketa galarazten duen sistema bat defendatzearekin -Kapitala defendatzeko bizi al gara, edo ekonomiaren zeregina gure ongizatea bermatzea da?-; aski da krisia enpleguan bakarrik dagoela esatearekin, lana denean hamarkadak krisian daramatzana.
Bizitzarako beharrezkoak diren lan gehienak ordaindu gabekoak dira, zaintza lanak, ugalketa sozialarekin zerikusia duten lanak dira, eta gehienak egoera prekarioan eta esklabotzan dauden emakumeek egiten dituzte: Nor ausartuko da emakumeoi esaten krisia 2007an hasi zela, betidanik krisian egon bagara, eta zaintzaren krisi larri honek ez duela berehalako alternatibarik behar?; aski da ahoa demokrazia hitzarekin betetzearekin merkatuek eta politikariek ia erabaki estrategiko gehienak lapurtzen dizkigutenean, agentzia pribatuen, transnazionalen eta teknokraten eskuetan utziz –Nola babestuko ditugu gure bizitzak, ez badugu erabakitzeko, aukeratzeko, desiratzeko autonomiarik?-.
Horregatik, Euskal Herriko gizon eta emakumeok kalera aterako gara. Gure buruak erreformatik babesteko, bai. Azken urteotako erasoak geldiarazteko, bai. Baina, batez ere, kokoteraino gaudela esateko, ez dugula kapitalismorik nahi esateko, geure bizitzak, bizitza bera, kapitalarekin eta bere logika ankerrekin bateraezina dela eta lurperatu nahi dugula esateko.
Bizitzea merezi duten biziak nahi ditugu; taldean bizi nahi dugu, batak bestearen beharra izanez, harmonia ekologikoan; gure ongizatea kontsumora eta lana eskuratzera soilik murrizten dela pentsatzera behartuta egon gabe bizi nahi dugu; lana besteekin banatu nahi dugu eta zertan den egokia lan egitea erabaki; zerk eragiten gaituenaz erabaki nahi dugu, zer nahi dugun. Laburbilduz, bizitzak bete-betean bizi nahi ditugu, ez kapitalak murriztu eta baldintzatutako bizitzak.
Horrexegatik aukeratzea egokitzen zaigu, hau da garaia. Eta ez dago erdibideko jarreretarako lekurik. Dagoeneko eztabaida ez dago ongizatearen edo liberalismoaren artean, Danimarka edo Greziaren artean. Eztabaida gure bizitzen eta kapitalaren artekoa da, bizitzaren eta irabazien maximizazioaren artean. Alde guztietatik erasotzen gaituzte, beraz fronte guztietatik erantzun behar dugu: kapitalismoa lurpera dezagun. Hartu zure pala, eta has gaitezen martxoaren 29an zulatzen.