Oskar Matute (Alternatiba), Rebeka Ubera (Aralar), Pello Urizar (EA) eta Joseba Permach (Ezker Abertzalea)
Dagoeneko aski ezaguna da Mariano Raxoiren Gobernuak ezarritako Lan Erreformak dakarren eraso bortitza, izan ere, gero eta gehiago dira bere ondorioak pairatzen dituzten langileak. Espainiako Gobernuak ondo baino hobeto ordezkatzen ditu Alderdi Popularra bezalako alderdi ultraeskuindar baten atzetik dauden interesak. Finantza sistema pribatuen eta enpresaburu handien esanetara daudela leporatu diete behin baino gehiagotan, baina ez da guztiz zuzena, finantzariak eta enpresariak dira, zuzenean, Moncloara heldu direnak, bitartekaririk ez dute behar espekulazioa eta iruzurra darabiltenak, langileen lanaren lepotik aberasten direnak. Lehman Brothers enpresako buruzagi ohiak, armen industriako saltzaileak eta emakumeen eskubideak ukatzeko zaletasuna duten ministro taldeari erreparatzea aski da espero dezakegunaz jabetzeko. Horien aurrean, alabaina, nortzuk diren eta zertara datozen ondo dakigula esan behar diegu, erantzun behar diegu, kalean, martxoaren 29an.
Kapitalismoaren azken krisialdi honen ondorioak pairatzen ditugunetik ugariak izan dira Espainiako gobernuetatik jaurti izan dituzten erasoak: langileen aurka, pentsiodunen aurka, gazteen aurka, krisi sistemikoa eta patriarkatua aspaldi pairatzen duten emakumeen aurka, etorkinen aurka… Erreforma berri bakoitzaren aurrean esan dugu inoizko kolperik bortitzena zela iragarritakoa. Ondorioz, hitzok larritasuna eta zentzua ere galdu dutela eman dezake. Inor ez dezala bere burua engainatu, Euskal Herriko gehiengo sindikalak zuzen ohartarazi izan digu behin eta berriro erreformen ondorioez. Larriak ziren guztiak, eta are larriagoa da azken hau, aurrekoen kalteak, murrizketak eta kolpeak metatu eta biderkatuta ekartzen dizkigulako. Horrexegatik biderkatu behar dugu guk ere eman beharreko erantzuna. Erasoaren tamainako erantzuna eman behar dugu, Alderdi Popularrak Madrilgo legebiltzarrean bipartidismoaren sistema ustelduan lortutako gehiengo absolutuari Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoen gehiengoak erantzun behar dio, elkarlanetik, gure ahotsa inoiz baino sendoago entzun dezaten, Euskal Herriko kaleetan datorren ostegunean nagusi izango diren aldarriak Madrilera, Bruselara eta Berlinera hel daitezela.
Lan baldintzak guztiz kaskartu eta soldatak zein kaleratzeak merkatzea da neurri multzo honen helburu nagusia. Esaldi bateko laburpenaz azal daitekeen arren, eskubide eta berme ugari birrindu egiten du erreforma da honek. Urtebeteko epea dute orain enpresaburuek langileak inolako kalte ordainik gabe kaleratzeko, gainerakoen prezioa erdira baino gutxiagora merkatzen dela, sektore pribatuetako zein publikoetako langileen gehiengoarentzat. Baina haratago doa lege dekretua, negoziazio kolektiboaren amaiera baitakar. Sektore hitzarmenen kalte enpresa itunak lehenesten dira eta, batez ere, ultraeraginkortasuna, langileen esku gelditzen zen berme gutxienetako bat, mugatu eta mehatxatu egiten du. Modu batean zein bestean, patronala beti aterako da garaile, hitzartutako soldatak, lanaldiak eta lan eremuak nahi erara moldatu ahal izango dizkiotelako langileari. Euskal Herriko lan esparru propioaren aldarrikapenaren kontra doaz azken neurri hauek, eta horregatik atzera eragin behar ditugu, erreformaren gainerako urraketekin bezala. Aberastasuna banatzeko baliabide guztiak behar ditugu euskal herritarrok, sistema kapitalistak inposatutako eredu baztertzailea eta bidegabea gainditzeko, bestelako gizartea sortu ahal izateko. Hilaren 29an esparru propioa aldarrikatzeko aterako gara kalera, ez dugulako merkatuen eta finantza interesen morroi izaten jarraitzeko asmorik.
Kolpe ugari eta askotarikoak: 480 euroko soldatak 33 urte bitarteko gazteentzat, kenkari eta hobari berriak enpresaburuentzat, enplegu zerbitzuen pribatizazioa, gaixo dauden langileak kaleratzeko eskubidea, aparteko lan orduak baimentzea, malgutasuna muturreraino areagotzea, lana eta familia uztartzeko neurrietan atzera egitea … Eta guzti hori gutxi bailitzan, merkatuetako jauntxoek, alderdi eskuindarren eskutik, grebarako eskubidea desagerrarazteko eskatzen dute orain. Kalera ateratzeko unea dugu, oihukatzeko eta aldarrikatzeko eskubideak ukatu nahi dizkigutenei ozen erantzungo diegu Greba Orokorrean ez gaituztela kikilduko, ez gaituztela isilaraziko.
Berriro diogu lan erreforma honek aurretik izandako ondorioak eta kalteak metatu dituela. PPren neurriak orain salatzen dituen PSOEk eraso bortitzak egin izan ditu langileen aurka. Eta ezin dugu ahaztu EAJk horiek babestu zituela, bere Madrilgo legebiltzarkideen aldeko botoen zein abstentzioen bidez. Jeltzaleek euskal herritarren gehiengo zabal batek eginiko aldarrikapenei entzungor egin zieten, alderdikeriak lehenetsita. Zapaterok haien beharra zuelako negoziatu zuen jeltzaleekin, Raxoik, aldiz, ez du EAJrekin negoziatzeko inolako beharrik. Izatekotan, berriz ere ikusiko genuke Espainiako eta Euskal Herriko indar eskuindarren arteko akordioa, UPN barne, zalantzarik ez izan. Gure eskubideak, ezin dira botere zaleen xake tauletako piezak bilakatu. Lan eskubideekin ez dela jolasten eta duintasuna ez dela negoziatzen argi eta ozen utzi behar dugu Euskal Herriko kale, plaza eta lantoki guztietan martxoaren 29an.
Ez diezagutela esan grebak ez duela ezer konponduko, eskubide guztiak desagerrarazi nahi dizkiguten honetan dena dugu irabazteke. Lan Erreforma geldiarazi eta atzera eragiteko aterako gara kalera, PPk grebaren osteko egunean iragarri asmo dituen murrizketak ez ditugula onartuko oihukatzeko. Euskal Lan Harremanen Esparru propioa eraikitzeko urrats garrantzitsua ere egingo dugu osteguneko lanuztean. Ostegunean, justizia sozialean, eredu iraunkor berri batean eta burujabetzan oinarritutako Euskal Herria eraikitze aldera urrats izugarria emango dugu. Langileen gehiengoak babestuz gero lanuzte orokorra eraginkorra izan daitekeela agerian uzten du patronalak eta alderdi eskuindarrek greba eskubidea murriztea eskatu izanak. Erantzuteko ordua da. Etorkizuna eraikitzeko garaia da.