Hauteskunde kanpaina hasi zenetik bigarren aldiz, Alternatibaren egoitza, EH Bilduren alderdi sortzaileetako bat, kristaletako biniloak txikituta agertu da astelehen honetan.
EH Bilduren hauteskundeetako iruditeria jarrita zegoen kanpainaren hasieratik, eta lehen egunetan eraso txikiren bat pairatu zuen Gasteizko Los Herran kaleko 25.ean dagoen lokaleko erakusleihoan.
Alternatibaren Koordinadora Nazionalak eraso berria salatu du, eta gogorarazi du egoitza horrek berak eraso faxista bat jasan zuela, 2017ko abenduan. Orduan kristalak apurtzen saiatu ziren joaera frankistako pintadak egin zituztela. Egun batzuk arinago, eskuin muturreko talde batek sare sozialetatik iragarri zuen egoitza erasotzeko asmoa zuela. Ertzaintzaren aurrean salatutako gertakari horiek ez zuten inolako ekintza polizialik edo judizialik eragin, eta ez zuten alderdi politiko gehienen erantzun politikorik jaso; antzeko gertaera edo arinagoen aurrean kondenak galdegiten dituzten alderdi berberak direla.
Alternatibatik adierazi dutenez, faxismoari aurre egiten jarraitu beharra dago, eta horretarako lanabesik indartsuena da duela ia hamar urte Euskal Herria Bilduren inguruan egituratutako alternatiba ezkertiar eta subiranistaren alde lan egitea.